Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Usurbilgo EAJ-PNVk 430.000 euroko zuzenketak aurkeztu ditu udal aurrekontuak hobetzeko eta aurrez hartutako konpromisoak betetzen direla bermatzeko
Jeltzaleen lehentasun nagusien artean daude irisgarritasuna hobetzea, kirol instalazioak modernizatzea, udal kontuen gardentasuna eta landa auzoen beharrei erantzutea.
Usurbilgo EAJ-PNVk hainbat zuzenketa erregistratu ditu EH Bilduko udal gobernuak aurkeztutako 2027ko udal aurrekontuen proiektuari, guztira 430.000 eurokoak. Jeltzaleen proposamenen helburua aurrekontu proiektua zuzendu eta hobetzea, udalerriaren beharrei erantzutea eta hartutako konpromisoak betetzen direla bermatzea da. Konpromiso horietako batzuk, gainera, aho batez onartu dira udal osoko bilkuran.
EAJ-PNVren iritziz, udal aurrekontuek urtean zehar ezarritako lehentasunak eta hartutako konpromiso politikoak islatu behar dituzte. Ez da nahikoa osoko bilkuran akordioak lortzea, ondoren akordio horiek gauzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak bermatzen ez badira.
Irisgarritasun unibertsala, EAJ-PNVren lehentasuna
Jeltzaleek aurkeztutako zuzenketa nagusiak 350.000 euroko diru partida jasotzen du, udaletxeko eta Barrenkaleko irisgarritasuna hobetzeko obrak gauzatzeko. EAJ-PNVk Usurbilgo Irisgarritasun Planera (IUPI) egindako ekarpenetako bat da, eta herriguneko eremu jendetsuenetako batean dauden oztopo fisikoak ezabatzea ahalbidetuko du.
Era berean, jeltzaleek urte anitzeko 20.000 euroko dirulaguntza lerro bat abian jartzea proposatu dute, herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreei zuzenduta. Helburua da establezimenduek irisgarritasun unibertsalaren eskakizunetara egokitzeko beharrezko obrak eta egokitzapenak egin ahal izatea.
EAJ-PNVk urte hasieran eraman zituen bi ekimenak udal osoko bilkurara, eta udal talde politiko guztien babesa jaso zuten. Horregatik, jeltzaleek orduan hartutako konpromiso politikoa benetako konpromiso ekonomiko bihurtzeko eskatu diote orain EH Bilduri.
Udal kirol instalazioak modernizatzea eta hobetzea
Kirolaren arloan, EAJ-PNVk udal kirol materialera bideratutako aurrekontu partida 30.000 eurora igotzea proposatu du, gaur egun dauden makina eta ekipamenduen zati handi bat berritzeko eta eguneratzeko beharra ikusita.
Era berean, spinning gunea eguneratzeko eta modernizatzeko 25.000 euro bideratzea proposatu du. Gero eta erabiltzaile gehiago dituen kirol jarduera da, eta instalazioak egungo eskaerara egokitzea beharrezkoa baita.
Gardentasun eta zorroztasun handiagoa udal kontuen kudeaketan
Aurreko aurrekontu eztabaidan egin bezala, EAJ-PNVk kanpo auditoria independente bat egitea eskatu du berriro, Usurbilgo Udalaren egoera ekonomikoa eta finantzarioa zehaztasunez ezagutzeko. Horretarako, 20.000 euroko aurrekontu partida bat gordetzea proposatu du.
Jeltzaleek gogorarazi dute EH Bilduk urteak daramatzala konpromiso hori bete gabe, eta gardentasuna, plangintza eta zorroztasun ekonomikoa aldarrikatu dituzte udal kudeaketa arduratsu baten oinarrizko printzipio gisa. Udal kontuen benetako egoera modu objektiboan ezagutzea ezinbestekoa da erabakiak hartzeko, lehentasunak ezartzeko eta baliabide publikoen kudeaketa egokia bermatzeko.
Auzoen eta landa eremuen beharrei erantzutea
EAJ-PNVk beste zuzenketa bat ere erregistratu du, udalerriko landa eremuetako arekak eta ur kanalak garbitzeko eta mantentzeko aurrekontu partida 20.000 eurora igotzeko. Jeltzaleen ustez, azpiegitura horien prebentziozko mantentze lanak ezinbestekoak dira ur pilaketek eragindako arazoak saihesteko eta landa eremuetako bideak eta sarbideak egoera onean mantentzeko.
Bestalde, EAJ-PNVk udal gobernuari eskatzen dio berma dezala Santuenea-San Estebaneko obra egitea eta Txaramuntoko biribilgunean segurtasuna hobetzeko lanak gauzatzea. Bi jarduera horiek jeltzaleen eskaera historikoak izan dira, eta 2026ko aurrekontuen negoziazioan zuzenketak egin zituzten. Gobernu-taldeak hartutako konpromisoak betetzea eta bi jarduerak ahalik eta lasterren egitea espero dute, atzerapen gehiagorik gabe, eta horiek gauzatzea bermatu ahal izatea
EAJ-PNVk EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proiektua hobetzeko borondatez ekin dio aurrekontu eztabaida honi, ekonomikoki zehaztutako proposamen konkretuak eginez eta Usurbilen eta usurbildarren benetako beharrei erantzuteko helburuarekin. Jeltzaleek udal gobernuari arduraz jokatzeko eskatu diote, eta aurrekontu eztabaida ireki eta eraikitzailea sustatzeko deia egin diote, oposizioko udal taldeen ekarpenak txertatzeko benetako borondatea erakuts dezan.
Nabarmenak...
Berria
2026/11/20
Berria
2026/11/19
Gipuzkoa
2026/11/16
ERRENTERIA
2026/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



