Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/23

Eneko Goia: «Profesional kualifikaturik gabe ez dago industria lehiakorrik, eta industria sendorik gabe ez dago kalitatezko enplegurik ezta ongizaterik ere»

EAJ-PNVren Gipuzkoako hautagaiak Lanbide Heziketaren zeregin estrategikoa aldarrikatu du Bergaran, euskal industriaren etorkizuna bermatzeko, eta eraldaketa teknologikoa enpresa txiki eta ertainetara ere iristeko beharra azpimarratu du
Eneko Goia: «Profesional kualifikaturik gabe ez dago industria lehiakorrik, eta industria sendorik gabe ez dago kalitatezko enplegurik ezta ongizaterik ere»

EAJ-PNVk Gipuzkoan Diputatuen Kongresurako duen hautagai Eneko Goiak Lanbide Heziketak euskal industriaren etorkizuna bermatzeko, enpresen lehiakortasuna indartzeko eta kalitatezko enplegu-aukerak sortzeko duen garrantzia aldarrikatu du gaur Bergaran. Miguel Altuna LHIIra egindako bisitan egin ditu adierazpenok. Prestakuntzaren eta enpresen arteko lankidetzan erreferente den ikastetxea bisitatu du, EAJ-PNVk Bergaran duen bozeramaile Kepa Sebalekin eta Elena Leterekin batera. Lete Bergarako alkate ohia da, eta gaur egun EAJ-PNVren Senaturako hautagaitza osatzen du.

«Euskadi herrialde industriala da, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Baina gure etorkizuna ez dago bermatuta iraganean izan garenagatik, hemendik aurrera egiteko gai izango garenagatik baizik. Eta horretarako, ezagutzan, teknologian eta, batez ere, pertsonengan inbertitu behar dugu. Izan ere, profesional kualifikaturik gabe ez dago industria lehiakorrik, eta industria sendorik gabe ez dago kalitatezko enplegurik ezta ongizaterik ere», adierazi du Goiak.

Hautagai jeltzaleak nabarmendu du Miguel Altuna bezalako ikastetxeek Euskadik indartzen jarraitu behar duen eredua ordezkatzen dutela: enpresen beharrei estu lotutako Lanbide Heziketa, aldaketa teknologikoei aurrea hartzeko eta belaunaldi berriei benetako aukerak eskaintzeko gai dena. «Hemen gure herriaren ezaugarri nagusietako bat ikusten dugu: elkarrekin lan egiteko, prestakuntza eta enpresa uztartzeko eta ezagutza aukera bihurtzeko gaitasuna. Horixe da defendatu nahi dugun eredua», azpimarratu du.

Industria-eraldaketak gure enpresa txiki eta ertainetara ere iritsi behar du

Goiak arreta berezia jarri du Debagoieneko industria-sareak dituen erronketan, enpresa txiki eta ertainek funtsezko zeregina baitute eskualdeko aberastasuna eta enplegua sortzeko orduan. Ildo horretan, ohartarazi du digitalizazioa, automatizazioa eta teknologia berrien ezarpena ezin direla enpresa handien esku bakarrik geratu.

«Gure industriaren etorkizunaz hitz egiten dugunean, gure tailerrak, familia-enpresak eta gure ekonomiaren zati handi bati eusten dioten enpresa txiki eta ertain guztiak ere izan behar ditugu gogoan. Ezin dugu onartu etorkizuna duen enpresa bakar bat ere atzean geratzea baliabide, teknologia edo profesional prestatuen faltagatik», defendatu du.

Testuinguru horretan, gogorarazi du EAJ-PNVren hauteskunde-programak konpromiso zehatzak jasotzen dituela Lanbide Heziketa Duala indartzeko, Estatuko berrikuntza-programak euskal industriaren beharretara egokitzeko, enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa errazteko eta enpresetan belaunaldi-erreleboa sustatzeko.

«Profesional kualifikatuak behar dituzten enpresak ditugu, eta hemen beren bizi-proiektua garatzeko aukerak behar dituzten gazteak ere bai. Gure erantzukizuna bi errealitate horiek uztartzea da. Gazteek Euskadin ikasi, lan egin eta beren etorkizuna eraiki ahal izatea nahi dugu, eta gure enpresek hazten jarraitzeko behar duten talentua hemen aurkitzea», nabarmendu du.

Madrilera gure industriaren interesak defendatzera goaz

Goiak aldarrikatu du Euskadik bere industria- eta prestakuntza-erronkei erantzuteko behar dituen tresnak eta erabakitzeko gaitasuna izan behar dituela.

«Ez dugu nahi Madrilen gure errealitatea kontuan hartu gabe politikak diseinatzea. Euskadik berezko ekoizpen-sarea eta funtzionatzen duen Lanbide Heziketako eredua ditu. Gure autogobernua defendatzea gure gazteak prestatzeko, gure enpresei laguntzeko eta gure industria etorkizunerako prestatzeko dugun gaitasuna defendatzea da», ziurtatu du.

Azkenik, hautagai jeltzaleak erronka horiek Gorte Nagusietan ordezkaritza sendoa eta propioa izatearen garrantziarekin lotu ditu. «Azaroaren 29an ez dugu soilik erabakiko nork gobernatuko duen Madrilen. Gure industria, gure enpresak eta gure enplegua nork defendatuko dituen ere erabakiko dugu. EAJ-PNVk agenda propioa du, Euskadiren agenda. Eta gure konpromisoa argia da: defendatu, adostu eta exijitu. Izan ere, Euskadi defendatzea bere industria, bere talentua eta bere etorkizuna defendatzea ere bada», amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...