Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/02

EAJ-PNVk erantzukizunak eskatu dizkio EH Bilduri, Andoaingo Udaltzaingoko agenteak tiro-praktikak eta armamentuari buruzko formakuntza egitera Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera bidaltzeagatik

Jeltzaleek udal-gobernuaren erabakia gaitzetsi dute, eta azalpenak eskatu dituzte, euskal polizia-sistemaren berezko baliabideei lehentasuna eman beharrean Guardia Zibilaren instalazioetara zergatik jo den argitzeko.
EAJ-PNVk erantzukizunak eskatu dizkio EH Bilduri, Andoaingo Udaltzaingoko agenteak tiro-praktikak eta armamentuari buruzko formakuntza egitera Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera bidaltzeagatik

EAJ-PNVk iragarri du informazio-eskaera formal bat erregistratuko duela udalean, praktikak nork baimendu zituen, zer irizpideren arabera antolatu ziren eta zer aukera aztertu ziren jakiteko.

Andoaingo EAJ-PNVren iritziz, politikoki oso kezkagarria da Udaltzaingoko agenteak Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera tiro-praktikak eta armamentuari buruzko formakuntza egitera joan izana, gaur hainbat hedabidek argitaratu dutenez.

Udal-talde jeltzaleak EH Bilduren udal-gobernuak hartutako erabakia gaitzetsi du, eta berehalako azalpenak eskatu ditu justifika ezina den jarduera honi buruz.

“EH Bilduk azaldu behar du zergatik erabaki duen gure udaltzainek tiro-praktikak eta armamentuari buruzko formakuntza Intxaurrondon egitea. Andoaindarrek azalpenak eta gardentasuna merezi dituzte, baita erantzukizun politikoak argitzea ere”.

EAJ-PNVk gogorarazi du Euskadik polizia-eredu propioa duela, hamarkadetan eraikia, Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren inguruan egituratua.

Ildo horretan, jeltzaleen ustez, ezinbestekoa da argitzea zergatik jo den Guardia Zibilaren instalazioetara, zer beste aukera aztertu ziren eta erabakia egiaztatutako premia tekniko baten ondorio den ala udal-gobernuaren hautu politiko baten emaitza.

“Gure polizien prestakuntza garrantzitsuegia da inprobisatzeko edo azalpenik eman gabe jarduteko. EH Bilduk argitu behar du zer egin duen, zergatik egin duen eta nork hartu duen hori baimentzeko erantzukizuna”.

EAJ-PNVk udal-dokumentazio guztia eskatuko du

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk iragarri du idatzizko informazio-eskaera formal bat erregistratuko duela Andoaingo Udalean.

Udal-taldeak jakin nahi du nork baimendu zituen praktikak eta formakuntzak, noiz egin ziren, zenbat agentek parte hartu zuten, zer kostu izan duten udal-dirukutxarentzat eta zer akordio edo komunikazio izan diren Guardia Zibilarekin.

Halaber, eskura zeuden beste aukerei, Arkauterekin egindako gestioei eta eskumena duten euskal erakundeek gaiaren inguruan zuten ezagutza- eta koordinazio-mailari buruzko informazioa eskatuko du.

EAJ-PNVren ustez, EH Bilduk ezin dio bere erantzukizun politikoari ihes egin, eta udal-gobernuari dagokio Udaltzaingoaren funtzionamenduan eta prestakuntzan zuzenean eragiten duen erabaki hori justifikatzea.

Euskal polizia-ereduarekiko konpromiso sendoa

Jeltzaleek berretsi egin dute Euskal Poliziaren ereduarekiko konpromisoa, baita Euskadiko prestakuntza, koordinazio eta segurtasun publikorako berezko tresnak indartzeko konpromisoa ere.

EAJ-PNVk azpimarratu du kritika hau ez dela herriko udaltzainen aurkakoa —haien profesionaltasuna eta etengabeko prestakuntzaren beharra zalantzarik gabe defendatzen ditu—, udaleko arduradun politikoek hartutako erabakien aurkakoa baizik.

“Ez dugu gure udaltzainen jarduna zalantzan jartzen. Erabakiak hartzen dituztenak jartzen ditugu zalantzan. Eta Andoain gobernatzen dutenek aurpegia eman, beren jarduna azaldu eta dagozkien erantzukizunak hartu behar dituzte”.

Azkenik, EAJ-PNVk EH Bilduren udal-gobernuari eskatu dio azalpen publikoak eman ditzala, eskatutako dokumentazio guztia helaraz dezala eta argitu dezala ea praktika horiek Euskadiko polizia-prestakuntzaren sistemaren barruan egiteko beste aukerarik bazegoen.

“Andoainek gardentasunez, zorroztasunez eta arduraz jardungo duen udal-gobernua behar du. EH Bilduk erabaki hori azaldu eta haren ondorio politikoak bere gain hartu behar ditu”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...