Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk aho batez aukeratu du Rebeca Larrañaga Azpeitiko alkatetzarako hautagai
Larrañaga: «Ondo ezagutzen dut Azpeitia, ondo ezagutzen dut Udala, eta badakit zenbateko gaitasuna duen herri honek. Nire konpromisoa da urte hauetan pilatutako esperientzia eta ezagutza guztiak herriaren zerbitzura jartzea, gertutasunez, arduraz eta lanerako gogo handiz»
Argazkiak...
EAJ-PNVk aho batez aukeratu du Rebeca Larrañaga datozen udal hauteskundeetan Azpeitiko alkatetzarako hautagai izateko. Erabaki horrekin, herriko egoera politikoa desblokeatzea helburu nagusi duen egitasmoa aurkeztu du alderdi jeltzaleak: gertutasunean, elkarrizketan eta azpeitiarren benetako arazoei irtenbideak bilatzean oinarritutako gobernatzeko modu berri baten alde eginez.
EHBilduk urte asko daramatza gehiengo osoarekin gobernantzen, eta EAJ-PNVren iritziz, Azpeitiak aro politiko berri bati ekiteko beharra du. Alderdi jeltzaleak zalantzan jarri du orain arteko gobernatzeko modua; izan ere, bere ustez, oposizioaren ekarpenak eta herritarren zati baten eskaerak bigarren mailan geratu dira, elkarlanerako eta adostasunak eraikitzeko aukerak mugatuz.
Egoera horren aurrean, udal erabakien erdigunean pertsonak jarriko dituen kudeaketa-eredua proposatu du Larrañagak. «Azpeitiak benetan entzungo duen Udala behar du; herritarren kezkak ulertuko dituena eta erronkei aurrea hartzeko gai izango dena, soilik arazoak agertutakoan erantzutera mugatu beharrean», adierazi du hautagai izendatu dutenean.
Enpresa-kudeaketako prestakuntza, ibilbide profesional sendoa eta udal-administrazioan eskarmentua uztartzen dituen profila du hautagaiak. Zuzendaritzako idazkaritzan diplomatua da, eta 30 urte daramatza Azpeitiko Oñaz enpresan administrazio lanetan. Ibilbide horri esker, esperientzia zabala eskuratu du lantaldeen kudeaketan, plangintza estrategikoan eta erabakiak hartzeko prozesuetan. Era berean, bertatik bertara ezagutzen ditu herriko ekonomia eta ekoizpen-sarea.
Lan-esparruan pilatutako esperientziari administrazio publikoaren ezagutza gehitu behar zaio. Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotzi izan zen bi agintalditan jarraian, 2015etik 2023ra bitartean. Urte horietan, udalaren funtzionamendua, herritarren beharrak eta Azpeitiak aurrean dituen erronka nagusiak gertutik ezagutzeko aukera izan zuen.
Lanbide- eta politika-ibilbideaz harago, lotura estua du Larrañagak Azpeitiko gizarte- eta kultur-bizitzarekin. Musikarekiko eta kulturarekiko zaletasunak bultzatuta, Julian Barrenetxea haur abesbatzako zuzendari izan zen urte luzez. Eginkizun horrek agerian uzten ditu herriko kultur jarduerarekiko duen inplikazioa eta talde-lanarekiko konpromisoa. Antzerkigintzan ere aritua da, eta danborradako karrozako diseinu baten irabazle da.
Kirolak ere leku garrantzitsua du bere bizitzan. Gaur egun, igeriketako master kategorian lehiatzen da, eta jarduera horrek ondo islatzen ditu bere izaeraren parte diren hainbat balio: diziplina, iraunkortasuna, norbere burua gainditzeko gaitasuna eta etengabeko ahalegina. Erronkei aurre egiteko modu hori bera du oinarri laneko zein ardura publikoetako eginkizunei heltzeko orduan.
Gobernatzea bete daitezkeen konpromisoak hartzea da
«Gobernatzea ez da gero beteko ez diren promesak egitea. Konpromisoak hartzea, zorroztasunez lan egitea eta erantzunak ematea da. Entzuten duen, hartzen dituen erabakiak azaltzen dituen eta emandako hitza beteko duen kudeaketa egin nahi dugu», adierazi du Larrañagak.
EAJ-PNVren ustez, Azpeitiaren etorkizuna herritarrekin, gizarte-eragileekin, elkarteekin eta udal-ordezkari guztiekin batera eraiki behar da. Lan egiteko modu horrek herriaren ahalmen guztia baliatzeko, etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko eta elkarlanean adostutako irtenbideak bilatzeko aukera emango du.
«Ondo ezagutzen dut Azpeitia, ondo ezagutzen dut Udala, eta badakit zenbateko gaitasuna duen herri honek. Nire konpromisoa da urte hauetan pilatutako esperientzia eta ezagutza guztiak herriaren zerbitzura jartzea, gertutasunez, arduraz eta lanerako gogo handiz», azpimarratu du Larrañagak.
Aho batez hartutako erabaki honekin, Azpeitiko EAJ-PNVk aro berri bati ekingo dio, hiru lehentasun nagusi izango dituen gobernu-proposamenarekin: herritarrei entzutea, zorroztasunez kudeatzea eta Azpeitiak aurrera egin dezan adostasunak eraikitzea.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/10/14
IRUN
2026/10/03
Berria
2026/10/01
Bergara
2026/09/23
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



