Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/23

EH Bilduren hondakinen kudeaketa: zerbitzu eskasa eta tasa garestiagoak

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak aitortu du proposatutako tasak ez direla nahikoa izango bilketa-kontratu berriaren gastuak estaltzeko. EAJ-PNVk EH Bilduren plangintza falta eta hondakinen bilketa-zerbitzuaren gabeziak kritikatu ditu.
EH Bilduren hondakinen kudeaketa: zerbitzu eskasa eta tasa garestiagoak

EAJ-PNV Urola Kostak EH Bilduren hondakinen bilketa-zerbitzuaren kudeaketa salatu du, urriaren 22ko Zuzendaritza Batzordean gertatutakoaren ostean. Talde jeltzalearen ustez, bilerak agerian utzi ditu Udal Elkartearen zuzendaritzaren aurreikuspen falta eta kontratazioaren plangintzan dauden gabeziak.

Bileran, EAJ-PNVko ordezkari Jon Ander Azpirozek zuzenean galdetu zion Udal Elkarteko lehendakari Ion Arozenari ea 2027rako proposatutako tasekin bilketa-kontratu berriaren gastuak estali ahal izango ziren.

Arozenaren erantzuna, argia izan zen: «Ez gara izango konpentsatzeko moduan» Hau da, idazkari-kontuhartzailearen txostenak esaten zuenaren aurkakoa. Jarraian, «tasen igoera bat onartu beharko dugu» aitortu zuen, eta kontratu berriaren kostua ezagutu ondoren «ezohiko ordenantza fiskalen aldaketa bat» onartzea aurreikusi zuen. Adierazpen horiek egin arren, EH Bilduko ordezkariek tasen igoeraren hasierako onespenaren alde bozkatu zuten.

EAJ-PNVren ustez, bereziki kezkagarria da proposamenaren aurreikuspen ekonomikoek 2027rako kalkulatutako gastuak estaliko direla jasotzea, lehendakariak berak kontratu berriak beste igoera bat eskatuko duela aitortu duenean.

Talde jeltzalearentzat, onartezina da herritarrei tasak igotzea, etorkizuneko kostuak zehaztu gabe daudenean eta beste igoera bat egin beharko dela aurrez jakinda.

Gehiago ordaindu, zerbitzuaren gabeziek bere horretan jarraitzen duten bitartean

EAJ-PNVren ustez, egoera are larriagoa da hondakinen bilketa-zerbitzuak gaur egun dituen gabeziak kontuan hartuta. Herritarrek gehiago ordaindu beharko dute, zerbitzuaren kalitatean hobekuntza zehatzik aurkeztu gabe.

Azken hilabeteotan, talde jeltzaleak behin eta berriz salatu ditu Urola Kostako hainbat udalerritan antzemandako arazoak: gainezka egiten duten edukiontziak, zikinkeria, usain txarrak, bilketa-kamioietatik isuritako likidoak eta arratoien presentzia zenbait gunetan.

Gainera, Zarauzko Udalak arratoi eta labezomorroen aurkako prebentzio-neurriak iragarri ditu. EAJ-PNVk adierazi du Aiako Udalak ere bere baliabideekin esku hartu behar izan duela osasungarritasun-arazoei aurre egiteko.

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk EH Bilduk gobernatzen dituen udalerrietako arduradunei eskatzen die argitzeko zer neurri hartu dituzten eta zer azalpen eskatu dizkioten beren alderdiak zuzentzen duen Udal Elkarteari.

Talde jeltzalearen ustez, hondakinen bilketaren arazoak ezin dira normaltzat hartu, eta herritarrei gehiago kobratzeak ezin du ordezkatu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko beharra.

Bestalde, EAJ-PNVk gogorarazi du hondakinen bilketa-kontratuak aurreikusitako iraupena gainditu duela eta kontratu berria oraindik martxan jarri gabe dagoela. EH Bilduk hiru urte baino gehiago daramatza Udal Elkartearen zuzendaritzan, eta oraindik ez dago argituta zerbitzuaren etorkizuneko kostua.

Hondakinen zerbitzuaren finantzaketa bermatzea ezinbestekoa da, baina horrek ez du justifikatzen kontratazioaren atzerapena, aurreikuspen ekonomikoen ziurgabetasuna edo zerbitzuaren gabeziei behar bezalako erantzunik ez ematea.

EAJ-PNVren ustez, herritarrek ez dute etengabe ordaindu behar plangintza faltaren eta kudeaketaren gabezien ondorioak. Urola Kostak kudeaketa arduratsua, kale garbiak eta kalitatezko hondakinen bilketa-zerbitzua behar ditu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...