Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oñatiko EAJ-PNVk zergak izoztea proposatu du, EH Bilduren % 4,43ko igoeraren aurrean, eta alokairu eskuragarria sustatzeko pizgarriak planteatu ditu
Talde jeltzaleak EH Bilduk proposatutako zerga eta tasen % 4,43ko igoera orokorra baztertu du, eta eguneraketa bereizi baten alde egin du, herritarren gaineko presio fiskala behar baino gehiago handitu ez dadin.
Proposamenen artean, alokairu eskuragarria sustatzeko hobariak, ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuak instalatzeko pizgarriak eta udal zerbitzuetako gazteentzako tarifak 25 urtera arte zabaltzea nabarmentzen dira.
Oñatiko EAJ-PNVk 2027ko ordenantza fiskaletarako proposamenak aurkeztu ditu, EH Bilduren Udal Gobernuak planteatutako % 4,43ko igoera orokorraren aurrean bestelako aukera bat eskainiz. Talde jeltzaleak zergak izoztea, tasak KPIa eta zerbitzuen benetako kostua kontuan hartuta eguneratzea, eta etxebizitza eskuratzea errazteko, gazteei laguntzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko hobari berriak ezartzea proposatu du.
EAJ-PNVren ustez, zerga guztiak ez dira automatikoki igo behar, eta ordenantza fiskalek herriko arazo zehatzei erantzuteko tresna ere izan behar dute, hala nola alokairuko etxebizitzen eskaintza eskasari, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunei edo mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko beharrari.
Xabier Mugarza Ogasun Batzordeko bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, "ez du zentzurik zerga guztiak berdin igotzeak, aurretik beharrezkoa den aztertu gabe. Udal kontu arduratsuen alde egiten dugu, baina baita Oñatiko familien errealitatea kontuan hartuko duen fiskalitatearen alde ere".
Alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko pizgarriak
EAJ-PNVren proposamenaren ardatz nagusietako bat etxebizitza da. Udal taldearen ustez, eskaintza falta epe laburrean konponduko ez den arren, ezinbestekoa da hutsik dauden etxebizitzen jabeak beren etxebizitzak prezio eskuragarrietan alokatzera animatuko dituzten neurriak bultzatzea.
Etxebizitza gehiago alokairu-merkatura prezio eskuragarrietan ateratzeko, EAJ-PNVk Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) erdira murriztea proposatu du, partikularren artean alokatzen diren eta prezio-muga jakin batzuk betetzen dituzten etxebizitzentzat. Hobari hori eskuratzeko, alokairuak ezin izango luke hilean 675 eurotik gorakoa izan 90 metro koadro arteko etxebizitzetan, ezta metro koadroko 7,5 eurotik gorakoa ere azalera handiagoko etxebizitzetan.
Era berean, EAJ-PNVk alokairu-merkatuan etxebizitzak sartzera bideratutako eraikuntza eta obren gaineko zergaren hobariak eskuratzeko baldintzak malgutzea planteatu du. Zehazki, etxebizitzak hutsik egon behar duen gutxieneko epea bederatzi hilabetera murriztea eta hileko gehieneko alokairua 675 euroan ezartzea proposatu du.
Azken proposamen hori EH Bilduren planteamenduarekin alderatzen da; izan ere, Udal Gobernuak hobaria eskuratzeko alokairuaren gehieneko muga 550 eurotik 590 eurora igotzea aurreikusten du. Talde jeltzalearen ustez, aldaketa hori ez da nahikoa etxebizitza gehiago alokairu-merkatuan sartzea sustatzeko.
"Alokairuko etxebizitza gehiago egotea nahi badugu, jabeei ere pizgarriak eskaini behar dizkiegu beren etxebizitzak merkatura prezio eskuragarrietan atera ditzaten", azpimarratu du Mugarzak.
Gazteei laguntzea eta jasangarritasunaren aldeko apustua
Udal onurak egungo gazteen errealitatera egokitu behar direla uste du EAJ-PNVk, gero eta beranduago lortzen baitute independentzia ekonomikoa. Horregatik, kiroldegiko gazteentzako tarifa jakin batzuetan, baita udal ikastaroen eta matrikulen tasetan ere, egungo 22 urteko adin-muga 25 urtera arte zabaltzea proposatu du.
Talde jeltzalearen ustez, 22 eta 25 urte bitarteko gazte askoren egoera ekonomiko eta pertsonala antzekoa da, bereziki etxebizitza eskuratzeko eta independentzia ekonomikoa lortzeko dituzten zailtasunak kontuan hartuta.
"Gazteen errealitatea aldatu egin da, eta ordenantzak errealitate horretara egokitu behar dira. Ez du zentzurik gazte batek 22 urterekin abantaila jakin batzuk galtzeak, oraindik ikasten, lehen lanpostuaren bila edo emantzipatu nahian dabilenean. Tarifa horiek 25 urtera arte zabaltzea neurri arrazoizkoa da, egungo errealitatera egokitua", nabarmendu du Xabier Mugarzak.
Jasangarritasunaren arloan, EAJ-PNVk % 50eko hobaria proposatu du udal jabari publikoaren erabilera pribatiboagatiko tasa jakin batzuetan, ibilgailu elektrikoentzako karga-puntu homologatuak instalatzen dituzten garaje-plazentzat. Helburua azpiegitura horien ezarpena erraztea eta gutxiago kutsatzen duen mugikortasun baterako trantsizioa sustatzea da.
Bestalde, talde jeltzaleak eraikuntza eta obren gaineko zergaren gutxieneko zerga-oinarriak kentzea planteatu du, obra txikietan neurrigabeko egoerak sor ditzaketelako eta lan horiek behar bezala aitortzea zaildu dezaketelako.
"Ordenantza fiskalek ez dute dirua biltzeko bakarrik balio behar. Oñatiko benetako arazoei erantzuteko tresna ere izan behar dute", ondorioztatu du talde jeltzaleak.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/10/14
IRUN
2026/10/03
Berria
2026/10/01
Bergara
2026/09/23
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



