Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/23

EAJ-PNVk salatu du Abotsanitz gezurretan ari dela, Hondartzako kirol eremuetan Udalak ezin duela obrarik egin esatean

Udalak Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren baimena du joan den uztailetik futbol zelaian obrak egiteko.
EAJ-PNVk salatu du Abotsanitz gezurretan ari dela, Hondartzako kirol eremuetan Udalak ezin duela obrarik egin esatean

Maribel Vaquerok eta María Serranok argitu dute EAJ-PNVk Hondarribiarekin hartutako konpromisoa bete duela, eta bere esku zegoen guztia egin duela arlo politikoan, administratiboan eta erakundeen arteko lankidetzan.

Maribel Vaquero: EAJ-PNVk bidea erraztuta utzi du Hondartzako lurrak Hondarribiaren esku uztea errealitate izan dadin. Orain, Udalak etxeko lanak egitea besterik ez da falta.

María Serrano: Hondarribitarrekin konpromiso bat hartu genuen, eta bete egin dugu, ehuneko ehunean. Elkarlanean aritu gara Hondarribian, Lakua eta Madrilen, helburu hori lortzeko. Hondartzako instalazioak hobetzeko lanean jarraituko dugu. Prozesu honen inguruko egia ezagutu nahi duten guztiekin biltzeko prest nago, Hondarribia Futbol Elkarteko ordezkariekin hasita.

EAJ-PNVk Hondartzako kirol eremuetako lurren lagapenaren eta futbol zelaiko belar artifiziala berritzeko lanen inguruko prozedurak zertan diren argitu nahi izan du gaur, Abotsanitzek azken egunotan zabaldutako mezuen aurrean.

Maribel Vaquero EAJ-PNVko Kongresuko diputatuak lurrak Estatuarentzat beharrezkoak ez direla aitortzea ahalbidetu duen prozesua azaldu du. Adierazpen hori EAJ-PNVk eta PSOEk Madrilen lortutako akordioaren emaitza da. Espainiako Gobernuak joan den uztailean onartu zuen adierazpena, eta, horri esker, lurrak Hondarribiko Udalari doan lagatzeko prozedurarekin jarraitzeko bidea ireki zen, akordioan jasota zegoen bezala.

Ordutik, Hondarribiko Udalari dagokio Ogasunaren Ordezkaritzarekin egin beharreko izapideetan aurrera egitea, lurren lagapena gauzatu ahal izateko. Hala ere, Udalak berak baieztatu du oraindik ez dituela osatu eta Ogasunari bidali horretarako beharrezkoak diren agiriak eta txostenak.

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk egia esateko eta beste erakunde zein alderdi politikoei erantzukizunak eskatzeari uzteko exijitu dio Abotsanitzi. «EAJ-PNVk bidea erraztuta utzi du Hondartzako lurrak Hondarribiaren esku uztea errealitate izan dadin. Orain, Udalak etxeko lanak egitea besterik ez da falta», adierazi du Maribel Vaquerok.

Oraindik egiteko dauden hainbat urrats udal gobernuaren esku daudela azpimarratu du Vaquerok. Horren aurrean, egoera hori kudeatzeko gaitasun faltaren, fede txarraren edo bi arrazoi horien ondorio ote den galdetu du.

Era berean, Hondarribiko udal gobernuari eskatu dio gai honen inguruan herritarren artean nahasmenik ez sortzeko. Madrilen lortutako akordioaren garrantzia nabarmendu du, eta Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako udal gobernuari gezurrak esateari utzi eta lanean hasteko eskatu dio, EAJ-PNVk denbora luzez landu duen prozesuak berriz ere aurrera egin dezan. Vaqueroren esanetan, Udalak bere gain hartu behar du dagokion erantzukizuna, eta dagoeneko udal gobernuaren esku dagoen prozedura amaitzeko beharrezko urratsak egin behar ditu.

«Hondartzako obrak egin daitezke, Udalak horretarako baimena duelako»

Bestalde, María Serrano EAJ-PNVko udal bozeramaileak argitu du futbol zelaiko obrek aurrera egin ez badute udal gobernuaren kudeatzeko gaitasun faltagatik izan dela, Eusko Jaurlaritzak joan den uztailetik hilabetean eman baitzion horretarako baimena Udalari.

«Abotsanitzek bi prozedurak nahasten ditu etengabe, eta jakinaren gainean egiten du», salatu du Serranok. Alde batetik, aurrerapausorik ez dagoela esaten dutela azaldu du; bestetik, berriz, belar artifiziala aldatzeko lizitazio prozedurak Udalean aurrera jarraitzen duela onartzen dutela. «Orduan, zertan gara? Nor engainatu nahi dute? Zein da Abotsanitzen azken komunikazio honen benetako helburua?», galdetu du.

Serranoren iritziz, «Abotsanitz bere akatsak edo bi prozedurak kudeatzeko duen gaitasun falta ezkutatzen saiatzen ari da, eta errudunak kanpoan bilatzen ditu. Izan ere, bai Hondartzan egiteko dauden obrak, bai lurren lagapena gauzatzeko izapideak, Udalaren esku daude. Bidea erraztuta dute».

Informazio bilerak, Hondarribia Futbol Elkarteko ordezkariekin hasita

María Serranok prozesu honen inguruko egia ezagutu nahi duten pertsona guztiekin biltzeko prest dagoela adierazi du, zuzenean eragindakoekin hasita. Horretarako, dagoeneko bilera eskatu dio Hondarribia Futbol Elkarteko Zuzendaritza Batzordeari, Udaleko ordezkariak zabaltzen ari diren informazio desitxuratua argitzeko.

«Abotsanitz sortzen ari den zalaparta eta desinformazioaren aurrean, arduraz jokatzea dagokigula uste dugu: aurpegia eman, gertatutakoa azaldu eta zalantza guztiak argitu. Horregatik, klubeko Zuzendaritza Batzordearekin biltzeko eskatu dugu, eta herritarrei irekitako bilera bat egitea ere proposatzen dugu, bereziki familiei, futbol zelaiaren erabiltzaileei eta Hondartzako gainerako kirol instalazioak erabiltzen dituzten pertsonei zuzenduta», azaldu du Serranok.

Belar artifiziala berritzeko obrak zein lurren lagapena gauzatzea Udalak egin beharreko izapideen mende daudela gogorarazi du EAJ-PNVk, eta elkarlanerako prest jarraituko duela berretsi du.

Azkenik, EAJ-PNVk berretsi du lanean jarraituko duela Hondartzako kirol eremuetako lurren lagapena gauzatu dadin eta futbol zelaiko belar artifiziala ahalik eta lasterren berritu dadin. Udal talde jeltzaleak udal gobernuari eskatu dio dagozkion izapideak bete eta bi prozedurei buruzko informazio zehatza eta zorrotza emateko, arazoak konpontzen laguntzen ez duen liskarra elikatzen jarraitu beharrean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...