Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/19

EH Bilduk geldirik dauka Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berritzea

EAJ-PNVk salatu du Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria idazteko kontratua esleitu gabe dagoela oraindik, lizitaziora atera zenetik ia urtebete igaro denean, nahiz eta EH Bilduk 2023an agindu zuen egungo agintaldian plana berrituko zuela.
EH Bilduk geldirik dauka Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berritzea

Bergarako EAJ-PNVren udal taldeak EH Bilduren Udal Gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berritzeko prozesuan izandako aurrerapauso falta salatu du. Plana idazteko lanak lizitaziora atera zirenetik ia urtebete betetzear dagoenean, kontratua esleitu gabe dago oraindik. Jeltzaleen iritziz, egoera horrek plangintza eta kudeaketa falta kezkagarria agerian uzten du, herriaren etorkizunerako funtsezkoa den gai batean.

HAPOa udalerri baten hirigintza antolatzeko tresna nagusia da. Lurzoruaren antolamendua, non eraiki daitekeen, espazio bakoitzak zer erabilera izan dezakeen eta datozen urteetan herriak nola garatu behar duen zehazten du. Horregatik, EAJ-PNVrentzat bereziki kezkagarria da Bergarak oraindik aurrerapausorik eman ez izana etxebizitzarako sarbidea, ingurumenaren babesa, enpresen lehiakortasuna eta mugikortasuna bezalako erronkei aurre egiteko ezinbestekoa den dokumentu hau lantzeko.

Kepa Sebal Lazpiur udal talde jeltzaleko bozeramaileak kritikatu du EH Bildu ez dela gai izan prozesu hau martxan jartzeko, eta gogorarazi du alderdiak 2023ko hauteskunde-programan berariaz jaso zuela egungo agintaldian HAPO berria egiteko konpromisoa. Gainera, aurreko agintalditik bete gabe datorren konpromisoa dela azpimarratu du.

"EH Bilduk agindu zien bergararrei agintaldi honetan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrituko zuela, baina errealitatea da, plana idazteko lanak lizitaziora atera zirenetik ia urtebete igaro denean, kontratua ere ez duela esleitu. Bergarak ezin du denbora gehiago galdu bere etorkizunerako hain garrantzitsua den gai batean", adierazi du Sebalek.

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko funtsezko tresna

Bergarako EAJ-PNVk azpimarratu du HAPOren berritzea ezin dela administrazio-izapide huts gisa ulertu. Etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak dauden testuinguruan, hirigintza-plangintza eguneratua izatea ezinbestekoa da aukera berriak identifikatzeko, herriaren hazkundea modu egokian antolatzeko eta herritarren beharrei erantzungo dieten irtenbideak ahalbidetzeko.

"Etxebizitzaren krisiak azkar, anbizioz eta etorkizuneko ikuspegi argiarekin jardutea eskatzen du. Ezin dugu onartu datozen belaunaldien aukerak baldintzatuko dituzten erabakiak behin eta berriz atzeratzea. Bergarak bere herritarren etxebizitza-beharrei benetako erantzunak emateko aukera eskainiko duen Plan Orokor bat behar du", azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.

Era berean, jeltzaleek gogorarazi dute EH Bilduk berak ere aitortu duela Bergarak HAPO berri bat behar duela etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Izan ere, ez da etxebizitzaren arazoa bakarrik: garapen jasangarriago baterantz aurrera egitea, ingurunea babestea, herriko enpresa-sarearen lehiakortasuna sustatzea eta mugikortasuna hobetzea ere jokoan daude. Plangintza eguneraturik gabe, Udala erronka horiei erantzuteko eta Bergararen etorkizuna zehazteko dituen tresnarik garrantzitsuenetako bat alferrik galtzen ari da.

Ildo horretan, EAJ-PNVk defendatu du lehenbailehen bultzatu behar dela Bergararen egungo eta etorkizuneko beharretara egokitutako HAPO anbiziotsu eta errealista baten idazketa. Etxebizitzaren eta hirigintza-garapenaren arloan aurrera egitea ahalbidetuko duen plangintza behar da, ingurumenaren, ekonomiaren eta mugikortasunaren erronkak alde batera utzi gabe.

Amaitzeko, Sebalek nabarmendu du datorren agintaldia aukera garrantzitsua izango dela herriaren hirigintza-norabidea zehazteko: "Bergarak hitzetatik ekintzetara pasatu behar du. Egungo Udal Gobernuaren aurrerapauso faltaren aurrean, EAJ-PNVtik plangintza arina, anbiziotsua eta konponbideak eskaintzera bideratua defendatzen dugu. Datorren agintaldian, bergararrek aukera izango dute Bergararen hirigintza-etorkizuna nork gidatzea nahi duten erabakitzeko".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...