Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/19

Zestoako EAJ-PNVk etxebizitza babestuen arloko gelditasuna salatu du eta Kale Okerra, Correos eta egiteke dauden gainerako proiektuak desblokeatzeko urratsak eskatu ditu

Kale Okerra eta Correoseko proiektuak blokeatuta daude Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) atzerapenaren ondorioz, eta Toribio Altzagako etxe zuriek esku-hartzeak behar dituzte. EAJ-PNVk etxebizitza babestua sustatzeko plan zehatz bat eskatu du, gainerako proiektuetan ere aurrerapausorik ez dagoela ikusita.
Zestoako EAJ-PNVk etxebizitza babestuen arloko gelditasuna salatu du eta Kale Okerra, Correos eta egiteke dauden gainerako proiektuak desblokeatzeko urratsak eskatu ditu

Zestoako EAJ-PNVren udal taldeak kezka agertu du etxebizitzaren arloan aurrerapausorik ez dagoelako, azken osoko bilkuran Udal Gobernuari herrigunean aurreikusitako proiektuei buruz galdetu ondoren. Jasotako erantzunek agerian utzi dute, jeltzaleen arabera, egoera kezkagarria dela, epe laburrean etxebizitza babestu edo tasatu berriak egiteko aurreikuspenik ez baitago.

Kale Okerra eta Correos eremuetako garapenak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) onarpenaren menpe daude, eta plan horrek urteetako atzerapena pilatzen du. Bitartean, Toribio Altzagako etxe zuriek esku-hartzeak behar dituzte, eta Udalak ez du aurreikusten Arozenan zuzenean jardutea, ezta Artetxe hotelaren inguruko higiezinak erostea ere. Bestalde, Idiakaitzen aurreikusitako etxebizitzak merkatu librekoak izango dira.

“Etxebizitzaren arazoa larria eta premiazkoa da. Gure gazteek benetako aukerak behar dituzte Zestoan bizitzen jarraitu ahal izateko, baina Udal Gobernuaren erantzunek ez dute irtenbiderik eskaintzen ez epe laburrera, ezta ertainera ere. Ezin dugu atzerapenak pilatzen jarraitu, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak gero eta handiagoak diren bitartean”, adierazi du Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJ-PNVren bozeramaileak.

Era berean, talde jeltzaleak deitoratu du hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurri zehatzik ere ez dela aurkeztu, eta gogorarazi du Zestoa tentsio handiko etxebizitza-eremu izendatzeak, bere horretan, ez duela arazoa konponduko.

“Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen tresnak aktibatuko ditu, hala nola Bizigune edo Emantzipa, baina Udalak ere bere erantzukizuna hartu behar du. Zestoak etxebizitza-plan bat behar du, inbertsioak eta egiteke dauden proiektuak desblokeatzeko borondatea. Ez da nahikoa arazoa identifikatzea; neurri zehatzak hartu behar dira”, amaitu du Mendizabalek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...