Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/14

EAJ-PNV Oriok parte-hartze prozesu bat jarri du abian herriaren beharrak entzuteko

Talde jeltzaleak galdetegi bat banatu du Orioko etxeetan, herritarren kezka, behar eta proposamen nagusiak ezagutzeko.
EAJ-PNV Oriok parte-hartze prozesu bat jarri du abian herriaren beharrak entzuteko

EAJ-PNV Oriok herritarrak entzuteko ekimena jarri du abian, udalerriko etxeetan galdetegi bat banatuz. “Orio, entzun nahi zaitugu” lelopean, herritarrak zerk kezkatzen dituen, zer jotzen duten lehentasunezkotzat eta datozen urteetan zer hobekuntza ikusi nahiko lituzketen ezagutzea da helburua.

“Proposatu aurretik entzun nahi dugu. Jakin nahi dugu herritarrak zerk kezkatzen dituen, zer botatzen duten faltan eta zer hobetu nahiko luketen Orion. Orioko etorkizuna egunero hemen bizi direnekin batera eraiki nahi dugu. Entzutea da lehentasunak ondo zehazteko eta herriaren beharrei erantzungo dieten proposamen errealistak egiteko lehen urratsa”, adierazi du EAJ-PNV Oriok.

Galdetegiak hainbat arlo lantzen ditu, besteak beste, etxebizitza, enplegua, mugikortasuna eta aparkalekuak, merkataritza eta ostalaritza, garbiketa eta mantentze-lanak, gizarte-zerbitzuak, gazteria, adinekoak, irisgarritasuna, kirola, segurtasuna, kultura, euskara eta Udalaren funtzionamendua.

Era berean, Orion zer zerbitzu, espazio edo jarduera botatzen den faltan adierazteko aukera ematen du, baita herrirako proiektu edo hobekuntza zehatzak proposatzeko eta bestelako kezka edo ideiak partekatzeko ere.

EAJ-PNVk azpimarratu du jasotako ekarpenak oinarri izango direla lehentasunak zehazteko eta Orion bizi-kalitatea hobetzera bideratutako proposamen zehatz eta bideragarriak lantzeko.

Inkesta anonimoa da eta minutu gutxitan bete daiteke, bai paperean, bai online, esku-orrian jasotako QR kodearen bidez. Paperean betetzen dutenek Orioko Batzokiko postontzian utzi ahal izango dute, Ibai Ondo 2-3 behean. Adinari, bizileku-eremuari eta Orion bizitzen daramaten denborari buruzko galderak aukerakoak dira, eta herriko errealitate desberdinak hobeto ezagutzeko balioko dute.

EAJ-PNV Oriok herritar guztiak parte hartzera animatu ditu: “Iritzi bakoitzak balio du. Datozen urteetako Orio oriotarren ekarpenak entzunez eta batuz eraiki nahi dugu”, amaitu du udal-taldeak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...