Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/13

EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk lau urte alferrik galdu dituela Andoaingo liburutegi berriaren proiektuan aurrerapausorik eman gabe

Bete gabeko promesak, aitzakiak eta inoiz iristen ez diren "berehalako" akordioen iragarkiak bata bestearen atzetik egitea leporatzen diote jeltzaleek alkateari. Bitartean, proiektuak blokeatuta jarraitzen du, eta herritarrak liburutegi duin baten zain daude oraindik.
EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk lau urte alferrik galdu dituela Andoaingo liburutegi berriaren proiektuan aurrerapausorik eman gabe

Andoaingo EAJ-PNVk EH Bilduren udal gobernuaren kudeaketa gaitasun eza salatu du. Izan ere, lau urteko agintaldiaren ostean, ez du liburutegi berria errealitate bihurtzeko urrats erabakigarririk ematea lortu. Hauteskundeetan hartutako konpromiso nagusietako batek blokeatuta jarraitzen du, aurrerapauso esanguratsurik gabe eta gauzatzeko epe argirik gabe.

Jeltzaleek gogorarazi dute aurreko agintaldian lan garrantzitsuak egin zirela proiektua bideratzeko. Liburutegi moderno baterako beharren-programa adostu zen, liburuak mailegatzeko gune hutsa baino gehiago izango zen kultur ekipamendu bat diseinatzeko. Hala, multimedia guneak, ikasteko eta lan egiteko espazioak eta erabilera anitzeko aretoak aurreikusi ziren. Era berean, kokapen aukerak aztertzeko azterlan sakona osatu zen, irizpide teknikoak, hirigintzakoak, hidraulikoak, akustikoak, ekonomikoak eta herrigunea eraldatzeko aukerak kontuan hartuta. Eta azterlan horrek zinema zaharraren orubea kokalekurik egokiena zela ondorioztatu zuen. Hortik abiatuta, lursaila eskuratzeko ibilbide orria zehaztu eta lehen balorazio ekonomikoak gauzatu ziren.

EAJ-PNVren esanetan, “EH Bilduk bideratuta zegoen proiektu bat jaso zuen, kokapena zehaztuta eta ibilbide-orria finkatuta. Lau urte geroago, ordea, ez da gai izan egindako lan hori errealitate bihurtzeko”.

Bete gabeko akordio politikoa eta konprometitutako 906.467 euro

EAJ-PNVrentzat bereziki larria da 2025eko irailean bi alderdiek partzela eskuratzea lehentasun nagusitzat hartzea adostu izana, eta, hala ere, oraindik erosketa gauzatu ez izana. Horretarako, udal gerakinaren baliabide erabilgarriak baliatzea aurreikusi zen, eta, ondoren, EH Bilduk kreditu globaleko partida bat sortu zuen, 2026ko aurrekontuan txertatuta.

Alkateak berak publikoki hitzeman zuen 906.467 euro liburutegi berrirako soilik gordeko zituela, eta partida hori ez zela beste ezertarako erabiliko. Urtebete baino gehiago igaro ondoren, konpromiso ekonomiko horrek indarrean jarraitzen du, baina partzelaren erosketa gauzatu gabe dago oraindik.

“Akordio politikoa, partekatutako lehentasuna eta konprometitutako baliabide ekonomikoak izanda ere, alkatea ez da gai izan emaitzak eskaintzeko. Dirua aurreikusteak ez du ezertarako balio, gero inbertsioa gauzatzeko beharrezko erabakiak hartzen ez badira”.

Lau urte hauetan, alkateak behin eta berriz iragarri du jabetzarekin akordioa lortzea «berehalakoa» zela. Hala ere, erosketa itxi gabe dago oraindik, eta egoera berme guztiekin desblokeatzeko aukera administratibo alternatiborik ere ez da bultzatu.

Alkatearen aitzakiek ez dute lau urteko geldialdia justifikatzen

Azken hilabeteetan, alkateak eraikinean bizi diren maizterren egoera erabili du aurrerapauso horien gauzatze eza justifikatzeko. EAJ-PNV guztiz bat dator haien eskubideak bermatzeko eta irtenbide ordenatu bat eskaintzeko beharrarekin, baina gogorarazi du egoera hori hasieratik ezaguna zela.

Izan ere, 2025ean adierazi zen alokairu-kontratuak berritzeak egoera desblokeatzen lagunduko zuela. Hala ere, ordutik ez da aurrerapausorik eman.

EAJ-PNVren iritziz, “maizterren eskubideak bermatzea betebeharra da. Beste kontu bat da duela urte batzuetatik ezaguna den egoera bat kudeaketa-falta justifikatzeko erabiltzea. Zer egin du alkateak lau urte hauetan irtenbide bat bilatzeko?”.

Paralisia lan teknikoetara ere iritsi da. 2026ko aurrekontuetan, EAJ-PNVk 120.000 euroko zuzenketa aurkeztu zuen proiektua idazten hasteko eta HAPOa egokitzeko beharrezko hirigintza-izapideei ekiteko. Gaur-gaurkoz, dagokion udal sailak ez du jarduketa horietako bat bera ere abian jarri.

Galdutako lau urteak hamar urtetan bihur daitezke

Bitartean, Andoainek gaur egungo beharrei erantzuteko nahikoa ez den liburutegi prekario batekin jarraitzen du. Kezkagarriena da, partzela eskuratu gabe, proiektu teknikorik gabe eta hirigintza-izapideak hasi gabe, EH Bilduren kudeaketa-faltak egoera beste lau edo sei urtez luzatzeko arriskua dakarrela.

“EH Bildu Andoain suspertzeko eta liburutegi berria martxan jartzeko promesarekin iritsi zen udal gobernura. Lau urte geroago, hauteskundeetako bere promesa nagusietako bat kolokan dago. Ez dute lursaila erostea lortu, ez dute bestelako aukerarik aktibatu eta ez dituzte beharrezko lanak hasi. Lau urteko iragarpenak eta aurrerapauso erabakigarririk ez”.

EAJ-PNVk alkateari eskatu dio oinarririk gabeko iragarpenak alde batera uzteko, konprometitutako 906.467 euroen benetako egoera argitzeko eta lursailaren erosketa desblokeatu eta proiektua martxan jartzeko egutegi zehatz bat aurkezteko.

“Andoainek ez du berehalako akordioen promesa gehiagorik behar. Erabakiak, lidergoa eta kudeatzeko gaitasuna behar ditu. EH Bilduk lau urte galduarazi dizkio dagoeneko herriari. Ezin dugu beste lau urte galtzerik onartu”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...