Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Hondarribiko EAJ-PNVk 2,3 milioi euroko proposamenak aurkeztu ditu 2027ko udal aurrekonturako
Jeltzaleek lehentasunezko proiektuak proposatu dituzte etxebizitzaren, mugikortasunaren, Hondartzako kirol instalazioen, zerbitzu publikoen, merkataritzaren eta ingurumenaren arloetan.
Hondarribiko EAJ-PNVren udal taldeak 2027ko udal aurrekonturako proposamenak aurkeztu ditu, guztira 2.309.250 euroko zenbatekoarekin. Jeltzaleen ustez, datorren urteko aurrekontuetan jaso beharreko proiektu zehatzak biltzen ditu proposamen sortak, herriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko helburuarekin.
Proposamen nagusien artean etxebizitza publikoa dago. Alde batetik, 150.000 euro bideratzea proposatu dute Biteriko etxebizitza publikoen proiektuan aurrera egiteko, Jostaldi eta Muliate artean. Bestetik, beste 100.000 euro aurreikusi dituzte udal etxebizitza sail bat sortzeko, Hondarribian sustatuko diren etxebizitza publikoen proiektuak kudeatu ditzan.
Mugikortasuna da beste ardatz nagusietako bat. EAJ-PNVk 200.000 euro bideratzea proposatu du hiri-autobusen geltokiak egokitzeko, beste 200.000 euro egungo bidegorriak lotzeko eta bizikletentzako bide berriak garatzeko, eta 150.000 euro Javier Ugarteko aparkalekuaren proiekturako. “Herritarren egunerokoan eragin zuzena duten gaietan jardun nahi dugu, eta horretarako plangintza eta baliabideak behar dira”, adierazi du María Serrano udal bozeramaileak.
Hondartza kiroldegiari dagokionez, EAJ-PNVren ustez, itsasertzaren gaineko eskumenen egoera berriak aukera ematen du inguruko inbertsioetan aurrera egiteko. Ildo horretan, 40.000 euro bideratzea proposatu du belar artifizialeko futbol-zelaiko ikusleen eremuaren zati bat estaltzeko, eta beste 30.000 euro kiroldegiaren egoera orokorraren auditoria egiteko eta berritze-plan bat prestatzeko, datozen urteetako inbertsioen lehentasunak zehaztu ahal izateko.
“Urte luzez, eremu horretan jarduteko aukerak itsaso eta lur arteko jabari publikoaren egoerak baldintzatu ditu. Orain egoera berri bat ireki da, eta Hondarribiak aukera hori baliatu behar duela uste dugu. Kiroldegiak zer behar duen jakin eta inbertsioak behar bezala planifikatu behar ditugu”, azaldu du Serranok.
Proposamen sortak beste jarduera garrantzitsu batzuk ere jasotzen ditu. Horien artean daude udal ludoteka edo Haur Txoko bat sortzeko bideragarritasun-azterketa, 30.000 euroko aurrekontuarekin, eta Mendeluko errekan uhateak jartzeko aukera aztertzea, 50.000 eurorekin, Mugondon kalteak saihesteko irtenbideak bilatzeko.
Horrez gain, EAJ-PNVk tokiko merkataritza babesteko neurriak proposatu ditu, hala nola Kofradia proiektua eta Kale Biziak programa, hutsik dauden merkataritza-lokaletan negozio berriak irekitzea sustatzeko. Era berean, landa-bideen eta erreken mantentze-lanak, suteen prebentzioa eta udal zerbitzuen zein ondarearen hobekuntzak ere jaso dituzte proposamenen artean.
“Mundua, alderantziz”
EAJ-PNVk aurrekontuak prestatzeko prozesuari buruzko beste gai bat ere mahai gainean jarri nahi izan du. Izan ere, Udal Gobernuak oraindik ez du bere aurrekontu-proiektua aurkeztu, baina oposizioko taldeei aldez aurretik beren proposamenak helarazteko eskatu die, ondoren zeintzuk txertatuko dituen baloratzeko.
«Erakunde guztietan, Gobernuak bere aurrekontu-proiektua aurkezten du lehenik, eta, hortik abiatuta, oposizioak aztertu eta zuzenketak proposatzen ditu. Hondarribian, ordea, Abotsanitz gobernatzen hasi zenetik, prozesua alderantziz egiten ari gara. Mundua alderantziz: oposizioa bere proposamenak aurkezten ari da Udal Gobernuaren proiektua ezagutu aurretik», azaldu du Serranok.
«Une honetan, aurrekontu-proiektua osatu eta aurkezteko ardura Udal Gobernuarena da. Guk gure lana egin dugu: argi dugu zein proiektu diren lehentasunezkoak 2027rako, eta zenbatekoak ere mahai gainean jarri ditugu. Orain Gobernuari dagokio bere proiektua prestatzea eta gure proposamenetatik zeintzuk txertatuko dituen erabakitzea», ondorioztatu du.
Guztira, Hondarribiko EAJ-PNVk 2.309.250 euroko proposamenak aurkeztu ditu 2027ko udal aurrekonturako.
Nabarmenak...
IRUN
2026/10/03
Berria
2026/10/01
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



