Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/13

EAJ-PNVren ustez, EH Bilduk parte-hartze prozesua abiatu aurretik erabakita zuen Erkibe eraikinaren etorkizuna, bertan Elikagune bat egiteko

EAJ-PNVk bat egiten du Elikagunearen helburuekin, baina Erkibek, Beheko plazaren eta oinezkoentzako eremuen ondoan duen kokapen estrategikoa dela eta, Zumaiako haurrei eta familiei zuzendutako zerbitzu bat hartu beharko lukeela defendatzen du, hala nola ludoteka bat.
EAJ-PNVren ustez, EH Bilduk parte-hartze prozesua abiatu aurretik erabakita zuen Erkibe eraikinaren etorkizuna, bertan Elikagune bat egiteko

Zumaiako EAJ-PNVk zalantzak agertu ditu EH Bilduren udal gobernuak Erkibe eraikinaren etorkizuna zehazteko abian jarritako parte-hartze prozesuaren inguruan. Talde jeltzalearen ustez, Udalak aurrez zehaztutako elikadura burujabetzako proiektu batera bideratu nahi du eztabaida, herriarentzat estrategikoa den eraikin horrek izan ditzakeen erabilera desberdinen inguruko hausnarketa ireki beharrean.

EAJ-PNVk gogorarazi du Udalak 2023an Erkibe tokiko produktuen merkatu bihurtzeko aurreproiektu bat landu zuela eta, ondoren, hura gauzatzeko finantzaketa bilatzen saiatu zela. Hala ere, proiektua aurrera eramateko beharrezko baliabide ekonomikoak lortu ez zirenez, egitasmoa geldirik geratu zen. Jeltzaleen iritziz, aurrekari horiek erakusten dute udal gobernuak 2023az geroztik eraikinari erabilera jakin bat emateko asmoa zuela, eta horrek zalantzak sortzen ditu orain planteatutako parte-hartze prozesuaren benetako irismenaren inguruan.

“Herritarren parte-hartzeak proposamenak entzun, alderatu eta aukera desberdinen artean erabakitzeko balio behar du. Udal gobernuak eraikinari eman nahi dion erabilera dagoeneko zehaztuta badu, argi azaldu behar du zer dagoen benetan herritarren parte-hartzearen esku”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Talde jeltzaleak argitu du Elikagunearen helburuekin bat egiten duela, eta garrantzitsutzat jotzen duela bertako produktuak, lehen sektorea eta gertuko kontsumoa sustatzea. Hala ere, ez dator bat proiekturako aukeratutako kokapenarekin, eta egitasmo hori garatzeko beste espazio batzuk aztertu behar direla defendatzen du, Erkibek familien beharrei erantzuteko eskaintzen dituen aukerei uko egin gabe.

Ildo horretan, EAJ-PNVk gogorarazi du aurretik ere Beheko plaza, Erkibe eta Zuloaga plaza osorik birgaitzeko proposamena defendatu zuela publikoki, eta proposamen horretan Erkibe eraikinak funtsezko zeregina izango lukeela. Oinezkoentzako eremu zabal baten, lorategien eta elkarguneen ondoan egoteak leku bereziki egokia bihurtzen du, jeltzaleen ustez, haurrei zuzendutako zerbitzuak hartzeko. Besteak beste, ludoteka bat edo haurrek urte osoan zehar, baita euria egiten duen egunetan ere, jolasteko aukera izango luketen gune estali bat egokitu liteke bertan.

“Erkibek Zumaiako haur eta familientzat pentsatutako espazio bat sortzeko aukera eskaintzen du. Gure ustez, merezi du aukera horiek serio aztertzea, eraikinaren etorkizuna proiektu bakar baten inguruan behin betiko zehaztu aurretik”, nabarmendu dute jeltzaleek.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk EH Bilduren udal gobernuari eskatu dio parte-hartze prozesu irekia eta gardena bermatzeko, eraikinerako aukera desberdinak aztertu ahal izateko eta azken erabakia hartzeko erabiliko diren irizpideak argitzeko. Era berean, Erkiberen etorkizuna Beheko plazaren eta haren inguruaren ikuspegi integral batetik landu behar dela azpimarratu du, herriaren egungo eta etorkizuneko beharrak kontuan hartuta.

“Kontua ez da bertako produktuen alde egitearen eta familien aldeko apustua egitearen artean aukeratzea. Bi egitasmoak beharrezkoak eta bateragarriak izan daitezke, baina bakoitza non garatzea den egokiena aztertu behar dugu. Garrantzitsuena da Erkiberen etorkizuna Zumaiaren beharren inguruko hausnarketa ireki baten emaitza izatea”, ondorioztatu dute EAJ-PNVtik.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...