Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/10

EAJ-PNVk salatu du bidegorriko obrek Astigarragako erdigunerako sarrera inbutu bihurtu dutela, eta konponbideak eskatu dizkio EH Bilduri

Talde jeltzaleak ohartarazi du zirkulazioan egindako aldaketek kaos egoerak sortzen dituztela, bizilagunei aparkatzea eta saltoki nahiz ostalaritza establezimenduetan banaketa lanak egitea zailtzen dietela, eta oinezkoen ikusgarritasunari ere eragiten diotela.
EAJ-PNVk salatu du bidegorriko obrek Astigarragako erdigunerako sarrera inbutu bihurtu dutela, eta konponbideak eskatu dizkio EH Bilduri

Astigarragako EAJ-PNVk salatu ditu bidegorriko obren ondorioz trafikoan egindako aldaketek herrigunerako sarreran eragiten ari diren zirkulazio arazoak. Talde jeltzaleak ohartarazi du zirkulazioaren antolaketa berriak sarrera hori benetako inbutu bihurtu duela, trafikoan kaos egoerak sortuz eta ibilgailuen joan-etorria zailduz, bereziki kamioien eta furgoneten kasuan.

Egoera are gehiago larritzen da aparkalekuak mugatzen dituzten lerroetatik kanpora ateratzen diren ibilgailuen ondorioz. Horrek nabarmen murrizten du zirkulatzeko dagoen espazioa, eta maniobrak egitea zailtzen du. Arazoak areagotu egiten dira bizilagunak ibilgailuak aparkatzen saiatzen direnean; era berean, saltokiak eta ostalaritza establezimenduak hornitzeko eta salgaiak banatzeko lanak benetako odisea bihurtzen ari dira. Horri oinezkoen segurtasunaren inguruko kezka gehitu behar zaio, ibilgailuen kokapenak eta zirkulatzeko zailtasunek nabarmen murrizten baitute inguruko ikusgarritasuna.

Talde jeltzaleak gogorarazi du ez dela EH Bilduren Udal Gobernuak obrek eragindako arazoen aurrean erakutsitako aurreikuspen eta informazio falta salatzen duen lehen aldia. Irailean, EAJ-PNVk Kale Nagusia asfaltatzeko lanen ondoriozko itxieraren kudeaketa kritikatu zuen, aldez aurretiko informazio falta, garajeetara sartzeko zailtasunak eta lanen antolaketan izandako koordinazio falta salatuz. Bere iritziz, zirkulazio arazo berriek berriro agerian uzten dute udal plangintza eta komunikazioa hobetzeko beharra.

“Ez gaude mugikortasun azpiegiturak hobetzearen aurka, baina obrak haien ondorioak kontuan hartuta planifikatu behar dira. Irailean ohartarazi genuen Udal Gobernuaren aurreikuspen faltak sortzen zituen arazoez, eta orain zailtasun berriekin egin dugu topo. Ezin da izan beti herritarrak izatea arazoei aurrea hartzen ez dien kudeaketa baten ondorioak pairatzen dituztenak”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Horregatik, EAJ-PNVk Udal Gobernuari eskatu dio egoera lehenbailehen aztertzeko eta konponbide eraginkorrak hartzeko, aparkalekuen antolaketa berrikusiz, zamalanak erraztuz eta ibilgailuen joan-etorri segurua nahiz oinezkoentzako ikusgarritasun egokia bermatuz. Era berean, herritarren egunerokoan eragina izan dezakeen trafiko aldaketa ororen berri argi eta behar besteko aurrerapenarekin emateko beharra azpimarratu du.

“Astigarragak planifikatu, informatu eta entzuten duen Udala behar du. Ezin dugu normaltzat hartu jarduketa berri bakoitzarekin aurreikusi zitezkeen arazoak sortzea. EH Bilduren Udal Gobernuak bere erantzukizuna bere gain hartu eta konponbideak eskaini behar ditu, gure herriko erdigunera sartzea eta bertatik irtetea gero eta zailagoa izan ez dadin”, ondorioztatu du Felix Zusberrok, EAJ-PNVren Astigarragako alkategaiak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...