Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/09

Eskoriatzako EAJ-PNVk legearekin bat datorren hondakin-tasa, kiroldegiko tarifak izoztea eta landa-turismoentzako laguntzak eskatu ditu

Talde jeltzaleak zerbitzu publikoei eustea ahalbidetuko duten ordenantza fiskalak defendatzen ditu, kostuen igoera familiei eta tokiko jarduera ekonomikoari neurriz kanpo leporatu gabe.
Eskoriatzako EAJ-PNVk legearekin bat datorren hondakin-tasa, kiroldegiko tarifak izoztea eta landa-turismoentzako laguntzak eskatu ditu

Eskoriatzako EAJ-PNV udal taldeak desadostasuna agertu du 2027rako planteatutako tasa eta zergen igoerarekin, eta dirua biltzea helburu huts izango ez duen udal fiskalitatea defendatu du; tokiko ekonomia sustatzeko, zerbitzu publikoetarako sarbidea errazteko eta zailtasunak dituzten familien errealitatera egokitzeko balioko duen fiskalitatea, hain zuzen ere.

EH Bilduren Udal Gobernuak udal zerga eta tasak oro har %3 igotzea planteatu du. Igoera hori agintaldian pilatutako igoera handiei gehituko litzaieke; esaterako, zabor-bilketaren tasa %50 baino gehiago igo da.

EAJ-PNVk bereziki garrantzitsutzat jotzen dituen hiru gaitan zentratu ditu bere balorazioak: hondakinen tasa, kiroldegiko tarifak eta egonaldi turistikoen tasa berria.

Legea betzen duen hondakin-tasa

Hondakinei dagokienez, Josu Ezkurdia talde jeltzaleko bozeramaileak adierazi duenez, “Eskoriatzan arazo bat daukagu zabor-bilketaren tasarekin. Legeak argi dio gehien sortzen duenak gehiago ordaindu behar duela, baina EH Bilduk ez dio gai horri heltzen eta Mankomunitateak ezarritakoa kobratzera mugatzen da. Gainera, Eskoriatzarrok beste udalerri batzuetako atez ateko sistemaren gainkostua ordaintzen jarraitzen dugu; ia %22ko kostu gehigarria da, eta aurreztu genezake”.

Ezkurdia hondakinen sorrera kontuan hartuko duen eta araudi berrira egokituko den sistema baterantz aurrera egitearen alde agertu da. “Gaur egun, hondakin gehiago edo gutxiago sortu, berdin kobratzen digute. Kalkulu-sistema legeria berrira egokitu behar dela uste dugu, eta eredu bidezkoago baterantz egin behar dugu, sortzen diren hondakinen eta ordaintzen denaren artean lotura handiagoa egon dadin”, adierazi du Ezkurdia.

Talde jeltzalearen iritziz, araudia aldatu zenetik lau urte igaro ondoren, Eskoriatzak egokitzapen horretan aurrera egin beharko zukeen. EAJ-PNVrentzat, helburua hondakin gutxiago sortzea eta hondakinak behar bezala kudeatzea sustatuko duen sistema bat izatea da, eta, aldi berean, kostua modu bidezkoagoan banatzea.

EAJ-PNVk gehiegizkotzat jo du kiroldegiko abonuen igoera

EAJ-PNVk desadostasuna agertu duen bigarren gaia kiroldegiko tarifena da. 2027rako proposamenak %10 eta %20 arteko igoerak aurreikusten ditu hainbat abonutan, eta igoera bereziki handiak dira zenbait hileko, hiruhileko eta familia-kuotatan.

EAJ-PNVk ulertzen du zerbitzuaren kostuen igoerak eta langileen soldatak behar bezala eguneratzeko beharrak udal kontuetan isla izan behar dutela. Hala ere, uste du igoera hori hain modu bortitzean erabiltzaileei leporatzea ez dela irtenbiderik egokiena.

“Guztiz ulertzen dugu langileen soldatak eguneratu behar direla eta kostuen igoerari aurre egin behar zaiola, baina tarifak ezin dira horrela igo urte batetik bestera. Zentzuzkoagoa izango litzateke igoera neurritsuagoa planteatzea, KPIari lotuta, esaterako, eta Udalak defizitaren zati handiagoa bere gain hartzea”, azaldu du Ezkurdia.

Bozeramaile jeltzalearen ustez, kirola osasun- eta ongizate-politika gisa ere ulertu behar da: “Udal kiroldegi bat ezin da diru-sarreren eta gastuen arteko orekaren ikuspegitik soilik aztertu. Udalak ere ahalegin ekonomikoa egin behar du kirola egitea errazteko eta prezioa oztopo bihur ez dadin”.

Turismo-tasa berriaren aurrean landa-turismoak babesteko laguntza

Azkenik, egonaldi turistikoen tasa berria sortzeko proposamena egin du EAJ-PNVk.

Egoera berri horren aurrean, talde jeltzaleak udal aurrekontuetan laguntza-lerro espezifiko bat sortzea proposatu du, tasak udalerriko landa-turismoetan izango duen eragina konpentsatzeko.

“Landa-turismoak gure landa-inguruneari oso lotuta dagoen turismo-eredu baten parte dira, eta gure auzoetako jarduera ekonomikoa mantentzen laguntzen dute. Tasa berri bat sortzen bada, horrekin batera jarduera hau babesteko eta laguntzeko udal laguntza bat ezartzea proposatzen dugu”, defendatu du Ezkurdia.

Eskoriatzako EAJ-PNVk, beraz, kalitatezko zerbitzu publikoei eustea ahalbidetuko duen politika fiskala defendatzen du, baina, aldi berean, familietan, erabiltzaileengan eta udalerriko jarduera ekonomiko txikietan duen eragina kontuan hartuko duena.

“Ordenantza fiskalak ez dira prezioen taula huts bat. Tasa bakoitzaren atzean pertsonak, familiak eta jarduera ekonomikoak daude. Horregatik, gauzak beste modu batera egiteko aukera badagoela uste dugu: hondakinetan irizpide bidezkoagoak ezarriz, kirolean igoera jasangarriak planteatuz eta gure landa-ingurunea bizirik mantentzen dutenei lagunduz”, amaitu du Ezkurdia.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...