Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/08

EAJ-PNVk haur-parkeen mantentzea hobetzea eta Musika Eskolako parkea estaltzea eskatu du

Talde jeltzaleak haur-parkeen egoeraren okertzea salatu du, eta Zaldibarkoa jarri du adibide gisa; bertan, hainbat elementuk hondatuta jarraitzen dute udatik. 2015etik 2023ra EAJ-PNVk dozena bat haur-parke berritu zituen, eta Arrasate estalitako parkerik ez izatetik lau izatera igaro zen.
EAJ-PNVk haur-parkeen mantentzea hobetzea eta Musika Eskolako parkea estaltzea eskatu du

Arrasateko EAJ-PNVk haur-parkeen mantentze eta berritze lanetan norabide aldaketa eskatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari, hainbat instalaziok duten egoera kaskarra ikusita. Horrez gain, Musika Eskolako parkea estaltzea beharrezkotzat jo du, ikastetxeak euritik babestutako jolasgune bat ere izan dezan.

Ander Garay bozeramaile jeltzaleak Zaldibarko parkea jarri du adibide gisa, bertako txirristak eta armiarma-jolasak hondatuta jarraitzen baitute udatik. “Haur-parkeek askoz ere arreta handiagoa merezi dute. Ezin dugu normaltzat hartu elementu bat hondatu eta konpondu gabe hilabeteak igarotzea”, adierazi du.

Berritzetik inbertsio faltara

EAJ-PNVk gogorarazi du 2015etik 2023ra dozena bat haur-parke berritu zirela, Udalak egindako azterketa tekniko bati jarraituz, 1,5 milioi euro inguruko inbertsioarekin.

Gainera, Arrasate estalitako parkerik ez izatetik lau izatera igaro zen: Cordoba y Oro, Uribarri, Gorostiza eta Makatzena.

“Parkeak pixkanaka hobetzeko plangintza eta inbertsioa egon ziren. Orain anbizio hori berreskuratu behar dugu: legegintzaldi honetan ez da parke bakar bat ere berritu, eta mantentze-lanen gabeziak gero eta agerikoagoak dira”, adierazi du Garayk.

Lau jarduera zehatz

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk epe laburrerako lau jarduera proposatu ditu: Santa Barbarako parkea berritzea eta izaera naturaleko parke bihurtzea; Obenerrekako parkearen berritzea abian jartzea; prebentziozko mantentze-lanak hobetzea eta konponketak bizkortzea; eta Musika Eskolako parkea estaltzea, talde jeltzaleak azken hiru urteotan proposatu duela dioen ekimena.

Santa Barbarari dagokionez, EAJ-PNVk gogorarazi du 2023tik aurrekontu-partida badagoela, eta adjudikazio-prozesua urtea amaitu baino lehen martxan jartzea eskatu du.

Talde jeltzaleak bereziki azpimarratu du erdigunean estalitako parke bat izateko beharra, gaur egun dauden lau parke estaliak auzoetan baitaude.

“Anbizio handiagoa eta kudeaketa eraginkorragoa eskatzen ditugu. Arrasatek parke zainduak eta seguruak behar ditu, baina baita gure haurrek urte osoan zehar jolasteko espazioak ere, euria egiten duenean ere”, amaitu du Ander Garayk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...