Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/07

Osakidetzak Irungo Oinaurreko Osasun Zentro berria eraikitzeko proiektua esleitu du

Etorkizuneko Oinaurreko Osasun Zentroak 3.500 metro koadro inguru izango ditu, eta Arrabatenea kaleko 7.200 metro koadroko lursail baten gainean eraikiko da. Irungo Lehen Mailako Arreta indartuko du eta 25.000 pertsona ingururi zerbitzua emango die azpiegitura sanitario berriak.
Osakidetzak Irungo Oinaurreko Osasun Zentro berria eraikitzeko proiektua esleitu du

Osasun Sailak eta Osakidetzak Oinaurreko Osasun Zentroa izango denaren kontratazioa formalizatu dute. Ekipamendu horrek 11,2 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta Irungo Lehen Mailako Arreta indartzea ahalbidetuko du; horri esker, hiriaren biztanleria-hazkundeari erantzungo zaio, eta zerbitzu sanitarioen irisgarritasuna hobetuko da.

Osasun-zentro berria 7.200 metro koadroko lursail batean kokatuko da, Oinaurreko auzoaren Arrabatenea kalean, eta eraikitako 3.500 metro koadro inguru izango ditu. Azpiegiturak Belaskoenea, Elitxu-Lapitze, Urdanibia, Anaka eta Ventas auzoetako 25.000 pertsona ingururi emango die zerbitzua.

Azpiegitura berriak gaitasun asistentziala handituko du, eta hauek izango ditu: familiako medikuntzako eta erizaintzako 27 kontsulta, ama-haurren arretarako 10 kontsulta, erabilera anitzeko lau kontsulta (proba funtzionalak eta sendaketak egiteko, larrialdiak artatzeko eta odola ateratzeko), eta beste lau kanpo-kontsulta, optometriak egiteko balio dutenak barne.

Gainera, zentro berriak Lehen Mailako Arreta indartzeko estrategian jasotako profil profesional berriak sartzea ahalbidetuko du, hala nola psikologoak, fisioterapeutak, optometristak edo kPAEak (kronikotasuneko praktika aurreratuko erizainak). Horiek guztiak arreta hurbilagoa, prebentiboagoa eta diziplina anitzekoa izatea erraztuko du.

Zerbitzu berriak eta profesional sanitario gehiago

Eraikin berriaren zabaltasunak aukera emango du Lehen Mailako Arreta indartzeko estrategian jasotako zerbitzu eta profil profesional berriak sartzeko. Profesional horien artean optometristak, psikologoak, fisioterapeutak eta praktika aurreratuko erizainak daude. Gainera, herritarren etorkizuneko behar asistentzialei erantzuteko prestatutako erabilera anitzeko kontsultak ere egongo dira.

Era berean, zentro berriak nabarmen handituko du gaitasun asistentziala, eta arreta hurbilagoa, irisgarriagoa eta diziplina anitzekoa izatea erraztuko du.

Azpiegitura sanitarioetan esperientzia duen arkitektura-estudioa

Proiektua BELDARRAIN SLP enpresak garatuko du.  Gipuzkoako enpresak ibilbide luzea du Osakidetzarako azpiegitura sanitarioak diseinatzen eta garatzen, eta azken urteotan Euskadiko sare sanitario publikoan aurrera eraman diren hainbat proiektu nagusitan parte hartu du. Horien artean, nabarmentzekoak dira Zumarragako Ospitaleko bloke kirurgiko berria, Arabako Unibertsitate Ospitalea handitzeko eta modernizatzeko hainbat jarduera, Ordiziako Osasun Zentroaren handitze-lanak eta eraberritzea, eguneko ospitaleetako eta errehabilitazio-unitateetako hainbat jarduera, eta hiru lurralde historikoetan Osakidetzarako garatutako beste proiektu sanitario eta asistentzial batzuk.

Hurrengo urratsak eta epeak

Jarduketa-egutegiaren arabera, proiektua 2026ko azken hiruhilekoan idatziko da, eta eraikuntza-lanak 2027an zehar hasiko dira. Horrela, aurreikuspenen arabera, Oinaurreko Osasun Zentro berria 2030ean erabiltzen hasiko da.

Arreta sanitarioaren eraldaketa integrala eskualdean

Oinaurreko Osasun Zentroa Bidasoko ESIaren 2025-2035 aldiko Plan Zuzentzailearen parte da. Jarduketa horrekin batera, Osakidetzak hauek ere sustatzen ditu: etorkizuneko Irun Berria Osasun Zentroa, Alarde kaleko Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentroa eta Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berria. Guztira, 51 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da Irunen eta Hondarribian arreta sanitarioa indartzeko eta modernizatzeko.

Jarduera horiek guztiak Osakidetzaren 2025-2032 aldiko Azpiegitura Programan sartzen dira. Programa horrek 1.600 milioi euroko inbertsioa du 74 jarduera gauzatzeko, Euskadi osoko sare asistentzialaren modernizazio teknologikoa eta berregituraketa barne (Lehen Mailako Arreta indartzeko estrategiaren barruan, osasun-zentro berriak eraikitzea sartzen da).

Oinaurreko Osasun Zentro berria abian jartzea Euskadiko Osasun Itunarekin lerrokatzen da. Itun horrek, hain zuzen ere, azpiegituren plangintzak herritarren benetako premiei erantzun behar diela ezartzen du. Horrela, Lehen Mailako Arretaren sistemarako sarbide izateko eta etengabeko jarraipena egiteko eginkizuna indartzen du zentro horrek, eta profil berriak dituzten diziplina anitzeko taldeak gehitzen ditu (profil horien artean psikologoak edo optometristak daude, besteak beste). Bestalde, etorkizuneko beharretara egoki daitekeen azpiegitura jasangarria izateko diseinatu da, eta horrek euskal osasun-sistemaren irisgarritasuna, kalitate asistentziala eta ekitatea hobetzen ditu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...