Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/05

EAJ-PNVk akordio politikoa proposatu du Ibarrako etorkizuneko Mugikortasun Planaren jarraipena bermatzeko

Talde jeltzaleak udaleko indar guztien arteko akordioa planteatu du, Planari jarraipena emateko, gobernu aldaketetatik eta legegintzaldietatik harago. EAJ-PNVren ustez, mugikortasunak ikuspegi partekatua, epe luzerako plangintza eta modu mailakatuan eta arduratsuan garatu ahal izango diren konpromisoak behar ditu.
EAJ-PNVk akordio politikoa proposatu du Ibarrako etorkizuneko Mugikortasun Planaren jarraipena bermatzeko

Ibarrako EAJ-PNVk udaleko gainerako taldeei udalerriaren etorkizuneko Mugikortasun Planaren inguruan akordio politiko bat lortzea proposatuko die, gaur egun egiten ari den lanak datozen urteetan jarraipena izan dezan, Alkatetza zein alderdiren esku egongo den gorabehera.

Udala Mugikortasun Plan berri bat lantzen ari da gaur egun. Dokumentua oraindik definizio-prozesuan dago, eta kanpoko laguntza teknikoa ez ezik, herritarren parte-hartzerako hainbat saio ere egin dira. Ibarra 2030 plangintza estrategikoak berak ere 2009an egindakoa eguneratuko duen Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana egitea aurreikusten du.

Prozesu horren aurrean, udal talde jeltzalearen ustez, Ibarrak aukera du akordio politiko zabala lortzeko, udalerriaren etorkizuneko mugikortasun-ereduari egonkortasuna eta ibilbidea emango diona.

EAJ-PNVren iritziz, zirkulazioa, aparkalekuak, irisgarritasuna, oinezkoen joan-etorriak, garraio publikoa edo bizikleta bidezko mugikortasuna bezalako gaiek eragin zuzena dute herritarren egunerokoan, eta, kasu askotan, legegintzaldi bat baino gehiagotan garatu beharko diren erabakiak eskatzen dituzte.

Horregatik, dokumentua aurreratu eta haren ondorio eta lehentasunak ezagutu ondoren, udal ordezkaritza duten taldeek helburu partekatu batzuk eta horiek pixkanaka garatzeko aukera emango duen ibilbide-orri bat adostea proposatzen du EAJ-PNVk.

Talde jeltzaleak azpimarratu du, gainera, akordio bat lortzeak ez duela esan nahi Planak jaso ditzakeen jarduketa guztiak berehala gauzatu behar direnik. EAJ-PNVk defendatzen du neurriak lehentasunen arabera programatu beharko direla, haien beharra, bideragarritasun teknikoa eta Udalaren gaitasun ekonomikoa kontuan hartuta, betiere dauden aurrekontu-mugen barruan.

“Mugikortasun Plan bat ezin da une bakoitzean gobernuan dagoenaren araberako dokumentu bihurtu. Denbora, baliabideak eta herritarren parte-hartzea erabiltzen ari bagara datozen urteetan Ibarrean nola mugitu nahi dugun zehazteko, lan horrek jarraipena izan dezan ahalegindu behar dugu”, adierazi du Rodrigo Vilar Ibarrako EAJ-PNVren bozeramaileak.

Ildo horretan, jeltzaleek etorkizuneko dokumentuari hasieratik adostasun-bokazioz heltzea proposatzen dute, jarduketa-ildo nagusiek jarraipena izan dezaten, baita Udalean aldaketa politikoak gertatzen badira ere.

“Jarduketa batzuk lehenago egin ahal izango dira, eta beste batzuek denbora edo baliabide gehiago beharko dituzte. Hain zuzen ere horregatik uste dugu garrantzitsua dela udalerri gisa norantz egin nahi dugun adostea eta lehentasun errealistak ezartzea. Ibarrako mugikortasuna epe luzera pentsatu behar da”, gaineratu du EAJ-PNVk.

Udal taldearen ustez, akordio horrek, gainera, egonkortasun handiagoa emango lieke etorkizuneko udal inbertsioei, eta saihestu egingo luke egindako lan teknikoa eta parte-hartzailea berriro hutsetik hasi behar izatea gehiengo politikoak aldatzen diren bakoitzean.

EAJ-PNVk, beraz, Ibarrako mugikortasunaren aldeko akordio bat lantzeko prest dagoela helaraziko die udaleko gainerako taldeei, adostasunean, plangintzan eta progresiboa zein ekonomikoki bideragarria izango den gauzatzean oinarrituta.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...