Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/01

EAJ-PNVk Ferialekuko teilatuaren 25 urteko lagapenaren aurka bozkatu du, San Esteban auzoaren garapen urbanistikoa ez baldintzatzeko

Tolosako EAJ-PNVk energia berriztagarrien eta komunitate energetikoen aldeko konpromisoa berretsi du, baina Ferialekuko teilatuaren 25 urteko lagapenak San Estebanen etorkizuneko garapen urbanistikoari baldintza bat gehitzen diola ohartarazi du.
EAJ-PNVk Ferialekuko teilatuaren 25 urteko lagapenaren aurka bozkatu du, San Esteban auzoaren garapen urbanistikoa ez baldintzatzeko

EH Bilduko Udal Gobernuak Ferialeku eraikinaren estalkiaren zati baten zuzeneko emakida onartu du, sortu berri den Tolosa Argituz kooperatiba elkarteak autokontsumo partekatuko instalazio fotovoltaiko bat jarri ahal izan dezan. EAJ-PNVk aurka bozkatu du, baina bere bozkaren arrazoia ez da komunitate energetikoen edo energia berriztagarrien aurkako jarrera inolaz ere.

“Tolosako EAJ-PNVtik oso argi daukagu energia berriztagarrien aldeko apustua beharrezkoa dela, bai administrazioen aldetik eta baita herritarren aldetik ere. Gaurko eztabaida, ordea, ez da komunitate energetikoen alde edo kontra egotea; guretzat eztabaida urbanistikoa da”, azaldu dute EAJ-PNVko udal hautetsiek.

Jeltzaleen arabera, San Esteban Tolosako herriguneari etxebizitzak eraikitzeko geratzen zaion zabalgune nagusietako bat da, eta auzo horren etorkizuneko garapen urbanistikoa oraindik ere eztabaida irekia da. Tolosan etxebizitzaren arazoari irtenbide bat emateko aukera paregabea da zabalgune honen garapen urbanistikoa. Horregatik, EAJ-PNVk ez du egokitzat jotzen Tolosako Udalaren jabetzako eraikin baten teilatua 25 urtez lotzea, etorkizunean eremu horretan har daitezkeen erabakiei beste baldintza bat gehituz.

“San Estebanen garapen urbanistikoa irekita dagoen debate bat da. Ikuspuntu desberdinak ditugu, eta ez gatoz bat EH Bilduk aurrera eraman nahi duen asmo gutxiko garapenarekin”, adierazi dute jeltzaleek.

EAJ-PNVk gogorarazi du, gainera, aurreko Udal Gobernuaren garaian jarri zirela Tolosako Udalaren jabetzako eraikinetan gaur egun funtzionamenduan dauden instalazio fotovoltaiko guztiak eta bakarrak; EH Bilduko Udal Gobernuak ez baitu plaka bat bera ere ipini legegintzaldi osoan zehar.

EAJ-PNVk azpimarratu du Tolosako Udalaren esku dauden beste teilatu batzuk ere badaudela instalazio fotovoltaikoak hartu ahal izateko, eta Udal Gobernuak aukera horiek aztertu beharko lituzkeela.

Besteak beste, Beotibar Frontoia, Usabal Kiroldegia edo San Esteban auzoan bertan Tolosako Udalak orain gutxi eskuratu zuen pabiloi industriala aipatu ditu. “Zergatik Ferialekua eta ez Beotibar, Usabal edo San Estebanen bertan Udalak eskuratu zuen pabiloi industrialaren teilatua? Udalak egin ditzala behar diren egokitzapenak beste teilatu horietan, kooperatibak behar duen lagapena eskuratu ahal izan dezan, baina ez dezala San Estebanen etorkizuneko garapenari beste korapilo bat gehitu”, defendatu du EAJ-PNVk.

Azkenik, EAJ-PNVk kritikatu du EH Bilduko Udal Gobernuak erabakiak “aldebakartasunez, presaka eta behar adinako adostasunik bilatu gabe” hartzea.

Beste alde batetik, Ferialekuko eraikinak, une honetan zerbait behar baldin badu, barnean garatzen diren kirol jarduerei espazio duinago eta txukunago bat eskaintzea da. Lehentasuna hori litzateke.

EAJ-PNVk,  beraz,  energia berriztagarrien, autokontsumoaren eta komunitate energetikoen aldeko jarrera berretsi du, baina aldi berean defendatu du Tolosako Udalaren jabetzako baliabideak planifikazio urbanistikoarekin batera aztertu behar direla.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...