Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Lezoko EAJ-PNVk EH Bilduren kudeaketa salatu du: “gutxi entzuten du, gutxiago erantzuten du eta berandu jarduten du”
Talde jeltzaleak salatu du herritarrek Udalaren erregistro ofizialean aurkeztutako idatzi eta eskaerei ez zaiela behar bezala erantzuten, eta herritarrak entzuten, azalpenak ematen eta arazoen aurrean jarduten duen Udala eskatu du.
Lezoko EAJ-PNVk kezka agertu du EH Bilduk Udal Gobernuan duen kudeaketa egiteko moduagatik, eta bereziki herritarrek beren eskaerak modu formalean Udalari helarazten dizkietenean jasotzen duten erantzun faltagatik.
Ez dira iruzkin informalak edo ezarritako bideetatik kanpo egindako eskaerak. Udaleko erregistro ofizialaren bidez aurkeztutako idatzi eta eskaerak dira, eta kasu askotan ez dute inolako erantzunik jasotzen.
EAJ-PNVren ustez, gobernatzea ez da soilik Udal Gobernutik erabakiak hartzea. Gobernatzea herritarrak entzutea, azalpenak ematea eta herritarren beharrei irtenbideak eskaintzea ere bada. Erantzunik eza ohiko dinamika bihurtzen denean, ez da kasu puntual bat, kudeaketa arazo bat baizik.
Familia gurasobakarrak: erantzunik gabe geratu ezin diren proposamenak
Azken adibideetako bat udal zerga eta ordenantza fiskalen inguruko eztabaidan dago. EAJ-PNVk proposatu du Udalak familia gurasobakarrei zuzendutako hobari fiskalak ezartzeko aukera aztertzea, gizarte ikuspegitik eta familiei laguntzeko neurri garrantzitsua dela iritzita.
Talde jeltzalearen arabera, horrelako proposamen batek, gutxienez, azterketa eta erantzun bat merezi du. “Isiltasuna ezin da Udalaren politika soziala izan”, adierazi dute.
Horregatik, EH Bilduko Gobernuari eskatzen diote azal dezala neurri honetan aurrera egiteko prest dagoen ala ez, eta, hala ez bada, zeintzuk diren arrazoiak zehaztea.
Saldise plaza: udal arauak bete egin behar dira
EAJ-PNVk Saldise plazan bizikidetza ordenantza ez betetzearen inguruan herritarrek egindako kexen aurrean erantzunik ez izatea ere salatu du.
Herritarrek baloia baimendutako ordutegietatik kanpo erabiltzeak sortzen dituen eragozpenak helarazi dituzte, eta egoera horrek inguruko bizilagunen bizikidetzan eta atsedenaldian eragina du.
Talde jeltzaleak defendatzen du espazio publikoek haur eta gazteentzat gozatzeko lekuak izan behar dutela, baina betiere arauak eta bizikidetza errespetatuz. “Udalak berak arauak onartzen baditu, horiek betetzen direla bermatzeko betebeharra ere badu”, adierazi dute.
Mantentze-lan gehiago eta baliabide publikoen kudeaketa hobea
Hirugarren gaia udalerriaren mantentze-lanekin eta garbiketarekin lotuta dago. EAJ-PNVk gogorarazi du herritarrek arlo horietan gabeziak salatu dituztela, eta bereziki kezkagarritzat jotzen du egoera hori gertatzea EH Bilduren Gobernuak jarduera horietarako erabilgarri zuen aurrekontu-partida osoa gauzatu ez duen bitartean.
Talde jeltzalearen iritziz, arazoa ez da baliabide falta, lehentasun eta kudeaketa falta baizik. “Ez da ulergarria herritarrek mantentze-arazoak helaraztea eta, aldi berean, aurrekontuan jasotako baliabideak azkenean ez erabiltzea”, adierazi dute.
Lezoko EAJ-PNVren ustez, adibide hauek erakusten dute Udal Gobernuaren jarduteko modua herritarren eguneroko beharretatik urrun dagoela. Horregatik, EH Bilduko Gobernuari eskatzen dio jasotzen dituen idatziei erantzun diezaiela, azalpenak eman ditzala eta lezoarren eskaerei erantzun diezaiela.
“Udala ez da Udal Gobernuarena, Lezoko herritar guztiena baizik. Herritarrak entzutea eta erantzutea ez da mesede bat: betebehar bat da”, amaitu dute EAJ-PNVtik.
Nabarmenak...
IRUN
2026/10/03
Berria
2026/10/01
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




