Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/29

Hondarribiko EAJ-PNVk zorroztasuna, gardentasuna eta erantzukizun instituzionala eskatu ditu

Hondarribiak batasuna, lasaitasuna eta erantzukizuna behar ditu. Erantzunak eta hausnarketa behar ditu, baina baita gertakariekiko errespetua eta ikerketa zorrotzarekiko konfiantza ere.
Hondarribiko EAJ-PNVk zorroztasuna, gardentasuna eta erantzukizun instituzionala eskatu ditu

1. Batasuna, errespetua eta elkartasuna Senegalgo komunitatearekin

Doluzko eta hunkidurazko une hauetan, Hondarribiko EAJ-PNVk doluminak eta babes osoa adierazi nahi dizkie hildakoaren familiari eta gertukoei. Senegalgo komunitatearen mina ere partekatzen dugu; izan ere, urte luzez gure herrian integratuta dagoen komunitatea da, eta gure herriaren parte da. Gure ustez, une honetan batasunerako, errespeturako eta bizikidetzarako deia egitea beharrezkoa da, dolurako tartea utziz eta sufrimendua areagotu dezaketen jarrerak saihestuz.

2. Erakundeen erantzunari buruzko hausnarketa eta zerbitzu publikoetako langileei babesa

Gertatutakoak gizarte eta erakunde gisa zaurgarritasun bereziko egoeren aurrean ematen ari garen erantzunari buruz hausnartzera behartzen gaitu. Argi dago babes- eta arreta-katean zerbaitek huts egin duela, gizarte-baliabideetatik eta erakundeetatik hasi eta arlo judizialera arte. Gertatutakoa aztertu behar dugu, gabeziak non egon diren argitu eta horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen beharrezko neurriak hartu.

Aldi berean, gure aitortza adierazi nahi dizkiegu Udaltzaingo eta Ertzaintzaren langile publikoei, herritar guztien segurtasuna bermatzeko lan egiten baitute. Ezin dugu ahaztu atzo hainbat orduz kalean bizi izan zen tentsio- eta arrisku-egoera. Agenteek ere eskubidea dute beren lana segurtasunez egiteko, eta beren osotasun fisikoa zein inguruko pertsonena babesteko. Jardun zehatza zorrotz argitu beharko da, abian dagoen ikerketa errespetatuz.

3. Gorrotoaren eta populismoaren aurrean, zuhurtzia eta erantzukizuna

Mina, ziurgabetasuna eta tentsioa nagusi diren uneak muturreko ideiek, gorroto-diskurtsoek eta populismoek gertatutakoa baliatzeko giro aproposa bihur daitezke. Ezin dugu hori onartu, ezta horretan lagundu ere. Herritarrek informazio zorrotza, errespetua eta erantzukizuna merezi dituzte, ez konfrontazioa elikatzen edo ondorioak aurrez ematen dituzten mezuak. Lasaitasunerako, zuhurtziarako eta sen onez jokatzeko deia egiten dugu. Lasaitasunez jokatzeko unea da, mina instrumentalizatu eta aurkakotasuna elikatu gabe.

4. Erantzukizun politikoa, gardentasuna eta ikerketarekiko konfiantza

Kezkagarria iruditzen zaigu Udal Gobernuko kide den alderdi batek mobilizazioak sustatzea, gertatutakoa «polizia-hilketa» gisa aurkeztuz, ikerketak gertatutakoa argitu aurretik. Gure ustez, ezin da larritasun horretako baieztapen bat egiazkotzat eman aldez aurretik; are gutxiago, Udaltzaingoaren gaineko erantzukizun politikoa duen alderdi batetik datorrenean.

Horrelako egoera batean, erakundeek eta haien ordezkariek zuhurtziaz, zorroztasunez eta erantzukizunez jokatu behar dute. Gertatutakoa argitu, gardentasuna bermatu eta jazotakoaren inguruabarrak ezagutu behar dira, tartean inplikatutako agente guztien jarduna eta ordu luzez bizi izan zen arrisku-egoera. Ikerketak berme guztiekin egin behar dira, eta haren ondorioak errespetatu.

Hondarribiak batasuna, lasaitasuna eta erantzukizuna behar ditu. Erantzunak eta hausnarketa behar ditu, baina baita gertakariekiko errespetua eta ikerketa zorrotzarekiko konfiantza ere.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...