Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Udalak "plaza" berri bat ireki du komunikaziorako eta herritarren partaidetzarako
Prentsa areto berrituan "Donostiarra 2040. Topera" Donostiaren etorkizunari heltzeko topaketak hartuko dira
Donostiako Udalak prentsa areto berritu bat aurkeztu du, herritarrekin komunikatzeko eta elkartzeko gune berri bat izateko asmoz sortua. Horrela, aretoak ez du hedabideen aurreko agerraldiei soilik lotutako erabilerarik izango, eta partaidetza "plaza" irekia izango da, ‘Donostiarra 2040. Topera’ ekimenaren barruan hiriaren etorkizuneko eztabaida nagusiei lotutako bilerak, topaketak eta lan-saioak hartzeko prestatua.
Jon Insausti alkateak "gehiago eta hobeto entzuteko" eta donostiarrekin komunikazioa eta kontu-ematea indartzeko konpromisoan kokatu du eraldaketa hori. "Areto hau Udalak egiten duena kontatzen dugun tokia baino askoz gehiago izatea nahi dugu. Datorren Donostia elkarrekin entzuteko, partekatzeko eta pentsatzeko plaza bihurtu nahi dugu. Hiriaren etorkizuna ezin da bulego batetik eraiki. Espazioak ireki behar ditugu, donostiarrei entzun eta elkarrizketa hori erabaki bihurtu, are gehiago populismoa eta estremismoak gailentzen diren garaiotan", adierazi du.
Gaur goizean estreinatu den espazio berriak pantailak, argiztapen berritua, mahai funtzionalak eta konfigurazio irekiagoa ditu, 50 pertsona ingururentzako edukierarekin. Herritarrei irekitako lehen erabileren artean, aurreikusita dago Udalak berriki abian jarri duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren partaidetza-bilerak hartzea.
Toperak herritarren partaidetzaren fase berri bat ireki du
"Plaza" berri honen irekiera bat dator ‘Donostiarra 2040. Topera’ egitasmoarekin, hiriaren etorkizunari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzeko Udalak abian jarritako prozesua. Ekimena zazpi mahai tematikorekin hasi zen: etxebizitza; hurbileko hiria eta azpiegiturak; ekonomia eta berrikuntza; zainketak; segurtasuna eta kohesio soziala; kultura eta identitatea; eta erakundeen konfiantza eta aliantza estrategikoak.
Orain arte egindako lanari esker, zazpi diagnostiko egin ahal izan dira, mahai tematiko bakoitzeko bat. Horietatik abiatuta, prozesuak elkarte eta herritarren partaidetza zabalagoa izango du orain, 2040ko Donostiari buruzko hausnarketari iritzi eta proposamen berriak eransteko.
Ekarpen horiek bideratzeko, Udalak Topera bulegoa jarriko du martxan, donostiarren proposamenak jasotzeko eta mahaiek egindako lanari eta adituen ekarpenei gehitzeko. Bulego honek leku fisikoa izango du udaletxean eta baita postontzi birtuala egitasmoaren web orrian: donostia.eus/donostiarra2040.
"Toperari abiadura emateko unea iritsi da. Dagoeneko baditugu diagnostikoak eta hausnarketak mahai gainean, eta orain are gehiago zabaldu behar da elkarrizketa. Elkarteak eta herritarrak entzun nahi ditugu, haien ideiak txertatu eta 2040an izan nahi dugun Donostia guztion artean marraztu", nabarmendu du Insaustik.
Zazpi erronka 2040ko Donostiarentzat
Lehenengo diagnostikoek dagoeneko marrazten dituzte hiriak datozen urteetan izan beharko dituen erronka nagusietako batzuk. Etxebizitzaren arloan, eskaintza eskuragarria handitzeko, zahartutako bizitegi-parkea egokitzeko eta auzo kohesionatu eta irisgarrietara jotzeko beharra identifikatzen da, 2040rako 8.500 eta 10.000 etxebizitza berri arteko horizontearekin.
Hiri-ereduari dagokionez, hurbileko hiri baterantz aurrera egitea planteatzen da, loturak eta zerbitzuetarako sarbidea hobetuz eta zentralitate berriei erantzunez, hala nola Rekalde-Galarreta-Miramon-Ospitaleak-Anoeta ardatza. Diagnostikoak, halaber, ezagutzan oinarritutako Donostiako ekonomiaren indarra nabarmentzen du, eta bere erronken artean kokatzen ditu talentua erakartzea, belaunaldien arteko erreleboa eta bere berrikuntza-ekosistema indartzea.
Biztanleriaren zahartzeak eta jaiotza-tasa txikiak, bestalde, zaintza-eredu iraunkorrago eta komunitarioago baterantz eboluzionatzeko beharra adierazten dute, eta segurtasunaren arloan, berriz, bizikidetzarekin eta gizarte-kohesioarekin estu lotutako ikuspegi integral eta prebentibo batean aurrera egitea proposatzen da.
Hausnarketak Donostiaren kultura- eta hizkuntza-nortasuna, hurbileko kultura gertakari handiekin orekatzeko beharra eta hiriaren nazioarteko posizionamendua ere jorratzen ditu. Azkenik, zazpigarren ardatzak erakundeekiko konfiantzan eta demokrazia hurbilagoaren, parte-hartzailearen eta inklusiboaren beharrean jartzen du fokua.
‘Donostiarra 2040. Topera’ kongresua urtarrilean
Prozesuak aurrera jarraituko du datozen hilabeteetan, egindako diagnostikoak, herritarren artean jasotako iritziak, horien inguruan sortutako eztabaida eta adituen ekarpenak txertatuz. Lan honek guztiak bat egingo du urtarrilean ‘Donostiarra 2040. Topera’. Laster emango ditu xehetasunak Udalak horren inguruan.
Lehenago, urriaren 14an, Hiriaren Egoerari buruzko Eztabaida egingo da, eta gogoeta estrategiko horri eta datozen urteetako Donostiaren proiekzioari lotuta egongo da.
Nabarmenak...
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




