Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/29

Bergarako EAJ-PNVk 2027ko hondakin tasa berrikustea eta zerga igoera KPIaren aurreikuspenaren % 4,8tik % 3,5era mugatzea eskatu du

Talde jeltzaleak ordenantzen igoera orokorra %3,5era mugatzea proposatu du eta hondakinen tarifak datu eguneratuetan eta aurreikuspen errealistetan oinarritzea eskatu du. Horrez gain, hobari eskaerak urte osoan zehar zabalik egotea proposatu du.
Bergarako EAJ-PNVk 2027ko hondakin tasa berrikustea eta zerga igoera KPIaren aurreikuspenaren % 4,8tik % 3,5era mugatzea eskatu du

Bergarako EAJ-PNV udal taldeak 2027ko ordenantza fiskaletarako proposamen alternatiboa defendatu du, udal zerbitzuen finantzaketaren eta bergararren gaitasun ekonomikoaren arteko oreka bermatzeko helburuarekin.

Talde jeltzaleak uste du Udal Gobernuak planteatutako %4,8ko igoera orokorra gehiegizkoa dela, eta %3,5era mugatzea proposatzen du. EAJ-PNVren arabera, kopuru horrek udal zerbitzuen kostuen igoerari aurre egiteko aukera emango luke, herritarrei aurreikusitako KPIaren bilakaeraren gainetik dagoen karga gehigarririk ezarri gabe.

Kepa Sebal Lazpiur Bergarako EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak adierazi duenez, “legegintzaldi honetan zehar Udal Gobernuak behin eta berriz jarri ditu zergen eta tasen igoerak KPIaren gainetik, bergararren familiei presio handiagoa eraginez. Gure proposamenak eguneratze arduratsua bilatzen du, bai Udalaren beharrak, bai herritarren errealitate ekonomikoa kontuan hartuta”.

Hondakinen tasa: kostu erreal eta eguneratuetan oinarritutako kalkulua

Talde jeltzalearentzat kezka handienetako bat hondakinen tasa da. EAJ-PNVk uste du 2027ko tarifak ezarri aurretik aurreikuspen errealistagoa egin behar dela, udal proposamenak 2025eko kostu-datuak hartzen dituelako oinarri eta ez dituelako behar bezala jasotzen 2026an aurreikusitako aldaketak. Aldaketa horiek zerbitzuaren kostuen egituran eragin nabarmena izan dezakete.

Ildo horretan, Sebalek azaldu duenez, “beharrezkoa da erabakiak epe ertainera begira hartzea. 2027ko tarifak kostu erreal eta eguneratuetan oinarritzen ez badira, ondorengo doikuntzak egin beharko ditugu, eta horrek ziurgabetasuna sor dezake familientzat zein udalerriko saltoki txiki eta enpresentzat”.

Horregatik, EAJ-PNVk eskatu du egoera informazio ekonomiko eguneratuarekin aztertzea eta tarifak aurreikuspen zorrotz eta gardenean oinarritzea.

Hobariak eskuratzeko aukera erraztea

Talde jeltzaleak planteatutako hirugarren alderdia hobari-sistemari dagokio. EAJ-PNVk ez du babesten zenbait laguntza eta hobari eskatzeko epea urtarrilaren 31ra mugatzea, uste baitu horiek jasotzeko eskubidea ematen duten egoerak urteko edozein unetan sor daitezkeela, hala nola familia-egoeretan, mendekotasun egoeretan edo desgaitasun kasuetan.

“Udalak pertsona guztiei erraztasunak eman behar dizkie baldintzak betetzen dituztenean hobariak eskura ditzaten; ez ditu oztopo administratiboak sortu behar herritarrek dituzten eskubideak gal ditzaten”, adierazi du Sebalek.

Bergarako EAJ-PNVk erantzukizunean, justizian eta pertsonen benetako beharrekiko gertutasunean oinarritutako ordenantza fiskalak defendatzen ditu. Talde jeltzaleak lanean jarraituko du udal erabaki fiskalak jasangarriak eta proportzionatuak izan daitezen.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...