Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Debagoienako EAJ-PNVk Elgeta eta Antzuolatik Arrasateko Ospitalera autobus lotura zuzenak, hiriburuekiko maiztasun gehiago eta Oñatirako irteera eta iritsiera gehiago eskatu ditu
Debagoienako EAJ-PNVk eguneroko joan-etorriak erraztuko dituen eta ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murriztuko duen garraio publikoaren alde egiten du, eta ideia argiak eta gardentasuna eskatu dizkie eskualdeko alkateei.
Debagoienako EAJ-PNVk berriro jarri du mahai gainean eskualdeko garraio publikoa indartzeko beharra, herritarren eguneroko joan-etorriak erraztea helburu duten lehentasunezko hiru proposamenen bidez. Elgetan egindako agerraldi bateratuan, Debagoieneko udalerrietako ordezkari jeltzaleek zerbitzu erabilgarriago, irisgarriago eta eskualdean bizi diren pertsonen benetako beharretara egokituago baterantz aurrera egiteko beharra aldarrikatu dute.
Lehen proposamena Elgeta eta Antzuolatik Arrasateko Ospitalera autobus lotura zuzenak sortzea da; izan ere, gaur egun bi udalerrietako batek ere ez du ospitaleraino zuzenean iristen den linearik. Debagoienako EAJ-PNVren ustez, gabezia horrek bereziki zailtzen ditu kontsultetara, probetara edo tratamenduetara joan behar duten eta ibilgailu propiorik ez duten pertsonen joan-etorriak.
Iker Laka, Elgetako bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez, “eskualdeko erreferentziazko ospitalearekin lotura zuzenik ez duten Debagoieneko udalerri bakarrak dira. Mediku-kontsulta batera joateak ez luke autobus-aldaketarik egitera edo auto partikularraren menpe egotera behartu behar. Herritarren beharretara egokitutako aukera erraz eta eroso bat eskaini behar da”.
Bigarren proposamena Debagoieneko udalerrien arteko autobus maiztasunak 15-20 minuturo izatera handitzea eta Donostia, Gasteiz eta Bilborako lineak eta ordutegiak optimizatzea da. Talde jeltzaleak bereziki nabarmendu du “Gasteizerako linea ezberdinak berrantolatzeko beharra, egungo eskaerara egokitzeko”, iaz aurkeztutako hobekuntza-plan integralak jasotzen duen bezala.
EAJ-PNVren iritziz, hiru hiriburuekiko lotura maizago eta eraginkorragoek aukera hobeak eskainiko lizkiekete herritarrei ikasteko, lanera joateko, tramiteak egiteko edo aisialdiaz gozatzeko.
Azkenik, eta aurreko proposamenarekin lotuta, EAJ-PNVk beharrezkotzat jotzen du hiriburuetarako lineen Oñatiko irteera eta iritsiera kopurua handitzea.
“Badakigu Oñatik arreta berezia behar duela, bere kokapenak eskualdeko ardatz nagusitik kanpo uzten duelako. Horregatik, Gasteizerako linea zuzenaz gain, Donostiarako eta Bilborako zuzeneko zerbitzu gehiago ezartzearen alde egiten dugu, bereziki goizeko lehen orduan, eguerdian eta arratsalde amaieran”, adierazi du Lakak.
Era berean, berriro eskatu diote Oñatiko Udalari Herribusa San Prudentzioraino luzatzeko, DG04 linea osatzeko eta San Prudentzio eta Oñatiko hirigunearen arteko maiztasunak bikoizteko helburuarekin.
Debagoienako EAJ-PNVk adierazi nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lanean ari dela behar horiek sozialistek zuzendutako Mugikortasun eta Garraio Publikoaren arlora eramateko, eta zerbitzuaren plangintzan sar daitezen laguntzeko. Helburua argia da: herritarren eskaerak Debagoienarentzat irtenbide zehatz bihurtzea.
EAJ-PNVk ekimena hartzen duen udal-politikan sinesten du. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du Debagoieneko udalek —guztiak EH Bilduren esku— jarrera aktiboagoa hartzea eta herritarrak zein erakundeak nahasteari uztea.
“Agintaldiko laugarren urtean gaude, eta oraindik ez dugu ezer zehatzik ikusi. Ezin gara konponbideak noiz iritsiko zain egon. Ez dugu ideia argi eta bateraturik ikusten alkateen aldetik, eta ez dakigu EH Bilduk une honetan zer proposamen zehatz egiten dituen, ezta proposamen horiek emaitzarik izan duten edo konponbideren batean aurrera egin den ere. Ahots bakarra eta gardentasuna eskatzen ditugu prozesu osoan zehar”.
“Debagoienak hemen bizi garenon errealitatetik pentsatutako garraio publikoa behar du. Ospitalearekin lotura hobea izatea, hiriburuetarako autobus gehiago edukitzea eta Oñatirekiko lotura hobetzea ulertzeko errazak diren hiru hobekuntza dira, eta pertsona askoren eguneroko bizitzan eragin zuzena izango lukete”, ondorioztatu du Iker Lakak.
Nabarmenak...
EBB
2026/08/28
Gipuzkoa
2026/07/31
DONOSTIA
2026/07/29
Urnieta
2026/07/03
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




