Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk salatu du, urtebete baino gehiago itxita egon ondoren, EH Bilduk berriro ere ez dituela bere promesak bete eta igerilekuaren irekiera azarora atzeratu dela
Jeltzaleek salatu dutenez, “ez dira gai izan eurek ezarritako epeak betetzeko; usurbildarrek urtebete baino gehiago emango dute funtsezko udal-zerbitzu bat izan gabe”
Usurbilgo EAJ-PNVk gogor salatu du EH Bilduk Oiardo kiroldegiko igerilekuaren inguruan egin duen kudeaketa, Udal Gobernuak iragarri ostean igerilekua eta sauna azaroaren 2an berriro zabaltzea aurreikusten duela.
EAJ-PNVren iritziz, iragarpen horrek azken hilabeteotan behin eta berriz salatu duena berresten du: EH Bildu ez da gai izan berak ezarritako epeak betetzeko, eta usurbildarrek urtebete baino gehiago emango dute funtsezko udal-zerbitzu bat izan gabe.
“Hasieran, hilabete batzuk izango zirela esan zuten. Gero, uda amaitutakoan igerilekua zabalik egongo zela. Orain, berriz, azaroaren 2ra arte itxaron beharko dugula diote. Errealitatea tematia da: EH Bilduk beste behin ere ez du emandako hitza bete”, salatu dute EAJ-PNVtik.
Jeltzaleen ustez, bereziki larria da Udal Gobernua orain irekiera-data berri bat lorpen gisa aurkezten saiatzea; izan ere, data horrek agerian uzten duena prozesu osoan egindako plangintzaren eta kudeaketa politikoaren porrota da.
“Ez dezala inork azaroaren 2koa arrakasta gisa aurkeztu. Berandu iristea ez da ondo kudeatzea. Urtebete baino gehiago itxita egon ondoren, irekiera data berria ez da lorpen bat. Hasieratik gaizki kudeatu izanaren ondorioa da”, azpimarratu du EAJ-PNVk.
Urtebete atzerapen, aitzakia eta bete gabeko promesekin
EAJ-PNVk gogorarazi du aurreikusitako lanek hilabete batzuk iraun behar zutela. Alabaina, behin-behinekoa izan behar zuen egoera, urtebete baino gehiagoko itxieran bihurtu da: igerilekurik eta saunarik gabe, eta familia ugari ordura arte egunerokoaren parte ziren zerbitzu eta ikastarorik gabe.
Gainera, EH Bilduk ziurtatu zuen uda ostean igerilekua berriro martxan egon zitekeela. Konpromiso hori ere ez da beteko. “Irailean gaude eta igerilekuak itxita jarraitzen du. Orain, gainera, EH Bilduk azarora atzeratu du data. Zenbat epe urratu behar dituzte kudeaketa kaxkarra izan dela aitortu aurretik?”, galdetu dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk ohartarazi zuen, eta EH Bilduk beste aldera begiratzea erabaki zuen
Egoera are larriagoa da aurreikus zitekeelako. EAJ-PNVk 2025aren amaieran jarri zuen auzia mahai gainean, 2026ko udal-aurrekontuak prestatu eta eztabaidatzeko prozesuan.
Jeltzaleek orduan ohartarazi zutenez, “egin beharreko lanen ondorioz kiroldegiko igerilekua hainbat hilabetez itxita egoteak eragin zuzena izango du udal-zerbitzuen antolaketan eta kostuetan, eta aurrekontuek egoera berezi eta konplexu hori kontuan hartu behar dute”.
EH Bilduren ez zituen kontutan hartu esandakoak, EAJ-PNVk errealitatetik urrun ikusten zituen aurreikuspenei eustea erabaki zuen. Koherentziarik eza agerikoa izan zen osoko bilkurako eztabaidan: “Itxierak zuzeneko eragina izango du kontsumoetan, elektrizitatearen eta erregaien kostuetan edota mantentze-lanetan; hala, sorosle-zerbitzua osorik aurreikusi da, igerilekua itxita egongo den arren”, aurreikusi zuten jeltzaleek.
“Duela hilabete batzuk ohartarazi genuen. EH Bilduk bazekien egoera ezohikoa zela eta, hala ere, errealistak ez ziren aurreikuspenak egin zituen. Gaur badakigu nork zuen arrazoia”, adierazi dute EAJ-PNVtik. Gertatutakoak gobernatzeko modu kezkagarria islatzen du: “Ez da nahikoa aurrekontuak paperean onartzea eta iragarpenak egitea. Kudeatu egin behar da, aurrea hartu eta agindutakoa bete. Eta, kasu honetan, EH Bilduk ez du hiruretako bat bera ere egin”.
EH Bilduk ez du betetzen, eta familiek pairatzen dituzte ondorioak
Urtebete baino gehiagoz, usurbildarrek ezin izan dute udal-igerilekua erabili. Haurrek ikastaroak galdu dituzte; helduek eta adinekoek, berriz, ohikotasunez erabiltzen zuten instalazio bat. Familia askok Usurbildik kanpo bilatu behar izan dituzte bestelako aukerak, edo, besterik gabe, uko egin behar izan diete.
“EH Bilduk espedienteez, obrez eta tramiteez hitz egin dezake, baina eguneroko errealitatea askoz ere sinpleagoa da: Usurbilgo familiak urtebete baino gehiago daramate euren Udala igerilekua berriro erabiltzeko moduan noiz jarriko zain”, salatu dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk jakin nahi du zerk huts egin duen, zergatik ez diren epeak bete, zergatik ez ziren beharrezko administrazio-izapideak lehenago egin eta zergatik ziurtatu zuen EH Bilduk igerilekua uda ostean erabilgarri egongo zela, azkenean hala izango ez denean.
EH Bilduk azaroaren 2a iragar dezake orain, baina data berri batek ez du urtebete baino gehiagoko itxiera ezabatzen. “Igerilekuaren kudeaketan, EH Bildu berandu iritsi da, gaizki planifikatu du eta ez ditu bere konpromisoak bete. Eta ezintasun horren ondorioak usurbildarrek pairatu dituzte», ondorioztatu du Usurbilgo EAJ-PNVk.
Nabarmenak...
EBB
2026/08/28
Gipuzkoa
2026/07/31
DONOSTIA
2026/07/29
Urnieta
2026/07/03
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




