Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Amaia Erostarbe: “Ondare onena aurrera egiten jarraitzeko prest dagoen proiektua uztea da”
Amaiaren agur-gutuna
Amaia Erostarbe: “Ondare onena aurrera egiten jarraitzeko prest dagoen proiektua uztea da”
Joan den astean, aspalditik hausnarrean ibilitako erabakiaren berri eman nuen. Ez da erraza izan norberaren bizitzako hain aldi garrantzitsua izan denari amaiera ematea. Gaur, behin erabakia hartuta, eskerrak eman nahi ditut.
Hamaika urte igaro dira Oñatiko Udalean sartu nintzenetik, proiektu kolektibo bati nire aletxoa emateko ilusioarekin eta konpromisuarekin. Politika ez dut inoiz ulertu protagonismo pertsonalerako gunetzat. Beti ulertu izan dut elkarrekin gauzatutako erantzukizuna dela, talde-lana dela eta herriari hark eman didanaren zati bat itzultzeko modua dela.
Urte hauetatik guztietatik, zerbait eramaten badut, pertsonak dira, eta haiekin partekatutako bizipenak. Alegia, oñatiarrekin izandako elkarrizketak daramatzat nirekin, hazten lagundu didaten kritikak, entzutetik sortutako proposamenak eta baita unerik zailenak ere; izan ere, une horiek dira zerbitzu publikoan sinesten dugunonon konpromisoa benetan neurtzen dutenak.
Poztasunez esan dezaket EAJ-PNVren familia handiaren parte izan naizela. Familia politikoa da, bai, baina batez ere giza familia da: isilean, askotan aitortzarik gabe, Oñati hobearen alde denbora eta ahalegina eskaintzen dituzten pertsonek osatutakoa. Haiekin partekatu ditut ilusioak, pozak, kezkak, gorabeherak eta desadostasunak, eta lan ordu asko. Haiei esker ikasi dut proiektu kolektiboak sendoagoak direla konfiantzatik, eskuzabaltasunetik eta talde-lanetik eraikitzen direnean.
Hamaika urte hauetan nire erantzukizuna zintzotasunez, errespetuarekin, eta hurbiltasunetik eta baikortasunetik betetzen saiatu naiz. Entzun egin dut, ikasi egin dut, eta erabaki bakoitzak helburu bakarra izan zezan ahalegindu naiz; hau da, oñatiarren bizi-kalitatea eta oñatiarren arteko elkar bizitza hobetzea.
Ez dut inoiz pentsatu herriak aurrera egiten duenik ahots bakar batek gainerakoak isilarazten dituenean. Alderantziz. Oñatik ez du izan behar pentsamendu bakarra; Oñatin ahots asko daude, herri askotarikoa da, aberatsa eta sentsibilitate desberdinak dituena. Denak entzun eta kontuan hartu behar dira oñatiarren arteko bizikidetza eraikitzeko. Zubiak eraikitzea, samurra ez denean ere entzuten jakitea eta elkarguneak bilatzea izan da beti nik politika ulertzeko modua.
Bihotzez eskertu nahi diet bide honetan ondoan egon diren guztiei. Nigan konfiantza izan duzuenoi, zuen denbora, kezkak eta ideiak nirekin partekatu dituzuenoi, eta baita ikuspegi desberdinetatik ere erakunde-lanarekiko errespetua erakutsi duzuenoi. Zuek guztiek lagundu didazue, modu batera edo bestera, pertsona eta ordezkari publiko gisa hazten.
Nire eskerrik beroena, ordea, familiarentzat eta taldekideentzat da. Haiek izan dira nirekin bide hau gertuen bizi izan dutenak; une batzuk lehenetsita, ordutegi amaigabeak eta konpromiso publikoak eskatzen duen dedikazioa ulertu eta babestu dituztenak. Haien babesik izan gabe, ezinezkoa izango zatekeen honaino iristea.
Gaur erantzukizun instituzionalari bukaera emango diot, baina ez dut utziko ez Oñati, ez EAJ-PNV ere. Proiektuari lotuta jarraituko dut, udal-taldeari babesa emanez eta dagokidan lekutik ekarpena eginez. Izan ere, konpromisoa ez du karguak definitzen, pertsonak sinesten duenaren alde lanean jarraitzeko duen borondateak baizik.
Lasai utzi dut zinegotzi-kargua. Onena eman izanaren soseguarekin eta pozarekin; baita beti gogoan izango dudan esperientzia bizi izanaren esker onarekin. Batez ere, lasai noa badakidalako gure proiektuak aurrera egingo duela. Hor dago Oñatik behar duen aldaketa bultzatzen jarraitzeko prest dagoen zinegotzi-taldea: konprometitua, gertukoa, zerbitzu publikoarekiko bokazio berarekin, pertsonak erdigunean jartzen dituen politika eginez eta entzutea eta elkarrizketa oinarri dituena.
Horregatik, dei egin nahi diet familia jeltzale handi honetako kide guztiei eta Oñati ulertzeko gure moduarekin bat egiten duten guztiei. Jarrai dezagun elkarrekin bidea egiten. Jarrai dezagun parte hartzen, proposatzen, eraikitzen eta egunero herri hobearen alde lan egiten duen proiektu kolektibo honetan sinesten. Karguak utzi egiten dira; konpromisoak, ordea, iraun egiten du. Uste osoa dut guztion artean etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi diegun Oñati eraikitzen jarraituko dugula.
Oñatiren alde Udaletik lan egitea bizitzak eman didan aukera ederra izan da.
Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.
Amaia Erostarbe
Nabarmenak...
Urnieta
2026/07/03
Zarautz
2026/06/30
Oarsoaldea
2026/06/24
Berria
2026/06/18
Gipuzkoa
2026/06/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



