Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Amaia Erostarbek zinegotzi akta eta Oñatiko EAJ-PNVren bozeramailetza utziko ditu uztailaren 23ko Osoko Bilkuran
"Asko hausnartutako erabakia izan da. Proiektu honen indarra talde-lanean eta herritarren kezkak entzuten eta haien bizi-kalitatea hobetzeko irtenbideak bilatzen jarraitzean dago, eta halaxe jarraituko du. Horixe izango du gure konpromisoa, EAJ-PNVrena", adierazi du Erostarbek.
Amaia Erostarbek Oñatiko Udaleko zinegotzi-akta eta EAJ-PNVko bozeramailetza utziko ditu uztailaren 23ko ohiko Osoko Bilkuran. Erabakiak Oñatiko EAJ-PNVrekin eta udal-taldearekin landutako hausnarketa partekatu bati erantzun dio, proiektu politikoek pertsonengandik gertu lan egiteko gai direnean aurrera egiten duten uste sendoarekin. “Proiektu kolektiboak indartsuagoak izan ohi dira taldean eraikitzen direnean”, nabarmendu du Amaia Erostarbek.
“Asko hausnartutako erabakia da hau. EAJ-PNVn beti ulertu dugu handiagoak garela talde gisa lan egiten dugunean eta pertsona bakoitzak dagokion lekutik ekarpenak egiten dituenean. Gure proiektu honen indarra osatzen dugun kideongan dago, eta sustatu duten pertsonengan; baita gure bizilagunei haien kezkak eta beharrak entzuten jarraitzeko gaitasunean eta oñatiarren beharrok asetzeko eta haien bizi-kalitatea hobetuz joateko irtenbiderik onenak aurkitzeko saiakeran ere”, adierazi du Amaia Erostarbek.
Oñatiko EAJ-PNVtik, balioa eman diote Amaia Erostarbek azken 11 urteetan Oñatiko Udalean egindako lanari. Zinegotzi-lanetan, 2015eko ekainetik jardun du, eta azken hiru urteetan bere gain hartu du Oñatiko EAJ-PNVren udal-bozeramailea izateko erantzukizuna. Urte hauetan, etengabea izan da oñatiarrenganako konpromisoa, dedikazioa eta lana. Aldi berean, sentsibilitate ezberdinen arteko zubiak eraikitzen saiatu da, Oñatik ez duelako pentsamendu bakarra izan behar. Oñatin ahots asko daude, eta denak entzun eta kontuan hartu behar dira oñatiarren arteko elkarbitza eta bizi-kalitatea hobetzeko. Horretan ahalegindu da Amaia Erostarbe, eta hori bat dator EAJ-PNVren ibilbide humanistarekin; hain zuzen, pertsonak jarduera politikoaren erdigunean jartzen dituen ibilbidearekin.
Etapa honetan, Erostarbek oñatiarren zerbitzura bere onena emateko helburuarekin lan egin du; hala, hurbiltasunean, entzute aktiboan, lanean eta erantzukizunean oinarritutako politika egiteko modua defendatu duen taldeko kidea eta bozeramailea izan da: “Hurbiltasuna eta herritarrei entzuten jarraitzea EAJ-PNVren proiektua zaintzea eta indartzea ere bada”.
“Lasaitasunarekin utziko dut kargua, lana ondo eginda, eta zintzotasunez jokatuta; baita udal-taldeari ekarpenak egiten eta babesa ematen jarraitzeko asmoarekin ere. Beti egon naiz, eta beti egongo naiz EAJ-PNVri eta Oñatiri lotuta. Ardura ez da berdina izango, baina ez da aldatuko ekarpenak egiten eta hazten jarraitzeko konpromisoa”, gaineratu du Erostarbek.
Era berean, Amaia Erostarbek eskerrak eman nahi izan dizkie oñatiarrei urte hauetan guztietan erakutsitako errespetuagatik eta emandako konfiantzagatik eta babesagatik: “Eskerrak eman nahi dizkiet bide honetan lagundu didatenei, nigan konfiantza jarri dutenei, eta, bestelako jarreratik, egin dugun lan instituzionalari errespetua erakutsi diotenari. Pribilegioa izan da Oñatiren eta bertako bizilagunen alde lan egin ahal izatea; bizi-esperientzia ere bai ”.
Oñatiko EAJ-PNVk eskerrak eman dizkio Amaia Erostarberi aldi honetako dedikazioagatik, konpromisoagatik eta lanagatik, baita udal-taldeari eta udalerri osoari egindako ekarpenagatik ere. Talde jeltzaleak nabarmendu du Amaiaren lana proiektu kolektibo baten baitan gauzatu dela eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dutela, Oñatiren alde, zerbitzu publikorako bokazio berarekin.
Oñatiko EAJ-PNVk ilusioz ekingo dio etapa berri honi eta oñatiarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen proiektu irekia eta hurbila eraikitzen jarraitzeko konpromisoarekin.
Eskerrik asko, Amaia.
Nabarmenak...
Urnieta
2026/07/03
Zarautz
2026/06/30
Oarsoaldea
2026/06/24
Berria
2026/06/18
Gipuzkoa
2026/06/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



