Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk lehentasunik eta Andoaingo premiei lotutako konpromisorik gabeko Irisgarritasun Plana aurkeztu duela
Jeltzaleen ustez, udal gobernuak “asmo onen katalogo bat egitea hobetsi du, udalerriko irisgarritasuna benetan eraldatzeko bide-orri eraginkor bat diseinatu beharrean”.Irisgarritasun Unibertsalaren Udal Kontseilua eratzea, ebaluazio eta priorizazio-sistema gardena ezartzea, eta Ondarreta kaleko 1. fasea nahiz Gabriel Aresti auzoaren berrurbanizazioa planean txertatzea proposatzen da.
-
Andoain Irisgarritasuna
Propuestas - 2026/07/08
Andoaingo EAJ-PNVk Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralari (IUPI) egindako ekarpenen dokumentu zabala erregistratu du, mezu argi batekin: Andoainek udalerria benetan eraldatuko duen plana behar du, ez arazoak diagnostikatzera mugatzen den eta horiei irtenbidea emateko konpromisorik hartzen ez duen dokumentua.
Jeltzaleen iritziz, EH Bilduren udal gobernuak irisgarritasuna udalerriko lehentasun nagusien artean kokatzeko aukera galdu du. Egindako lan teknikoa aitortzen bada ere, aurkeztutako dokumentuak “lidergo politikorik ez du, erabaki estrategikoak hartzea saihesten du eta, beste behin ere, pertsona askoren egunerokoa benetan hobetuko luketen jarduketak atzeratzen ditu”. Oztopoak identifikatzea ez da nahikoa; horiek ezabatzeko borondate politikoa ere behar da.
EH Bilduk jarduketa estrategiko nagusiak planetik kanpo utzi ditu
EAJ-PNVren ustez, bereziki larria da Planak berak bere gauzatze-epearen barruan ez sartzea Ondarretaren berrurbanizazioa edo Gabriel Arestiko proiektua bezain estrategikoak diren jarduketak. “Ulertezina da herritarren autonomia hobetzeko gaitasun handiena duten jarduketak etorkizun zehaztugabe baterako uztea”.
Jeltzaleen ustez, Plan Estrategiko batek ezin du balio erabaki zailak atzeratzeko. “Jarduketa horiek estrategikoak badira, planean egon behar dute. Bestela, gobernuak horiek bultzatzeko borondaterik ez duela aitortzen ari da”.
EAJ-PNVk gogorarazi du 2026ko aurrekontuen negoziazioan Ondarretaren berrurbanizazioaren lehen fasea martxan jartzea proposatu zuela, udalaren ahalmen ekonomikoarekin guztiz bateragarria den fasekako exekuzio baten bidez. Hala ere, EH Bilduk proposamena baztertu zuen, eta orain ere proiektua lehentasunen artetik kanpo utzi du. Jeltzaleek bi lehentasun hauek txertatzea proposatzen dute: Ondarretako 1. fasea (749.936 euro, 2026-2027) eta Gabriel Arestiren berrurbanizazio integrala (2028-2029).
Andoaingo errealitatea kontuan hartzen ez duen inbertsioen banaketa
EAJ-PNVren beste kritiketako bat inbertsioen lurralde-banaketari dagokio. Izan ere, udalaren diagnostikoak berak aitortzen du Doctor Huizi, Olagain, Ondarreta, Bazkardo eta Gabriel Aresti auzoek irisgarritasun-arazo handiagoak dituztela, orografia, biztanleriaren zahartzea eta isolamendu sozialerako arriskua direla medio.
“Hala ere, inbertitzeko unea iristen denean, gobernuak lehentasunak ezartzeari uko egiten dio, eta jarduketak herrian zehar banatzen ditu benetako premien intentsitate errealari erantzun gabe”. EAJ-PNVren iritziz, oztopo guztiek ez dute pertsonen bizitzan eragin bera, eta inbertsio guztiek ez dute onura sozial bera sortzen. Gobernatzea, hain zuzen ere, lehenik non jardun behar den erabakitzea da.
Irizpide argirik gabeko plana
EAJ-PNVk salatu du, halaber, IUPI honek ez duela azaltzen zergatik diren jarduketa batzuk lehentasunezkoak eta beste batzuk ez. “Diagnostikoak adierazle objektiboak erabiltzen ditu. Baina lehentasunak ezartzeko unean, irizpide horiek desagertu egiten dira”.
Horregatik, jeltzaleek ebaluazio-sistema garden bat ezartzea proposatzen dute, gizarte-inpaktuan, onuradun kopuruan, isolamendu-arriskuan, oztopo kritikoen ezabaketan eta kostu-onura erlazioan oinarritua. “Diru publikoaren euro bakoitza pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea gehien hobetuko duen tokira bideratu behar da, ez politikoki erosoena den lekura”.
Politika gehiago eta gobernantza hobea behar dira
EAJ-PNVk deitoratu du datozen urteetako udal-inbertsioak baldintzatuko dituen dokumentua ia adostasun politikorik gabe prestatu izana. “Entzuteko orduan, EH Bilduk parte-hartzeaz hitz egiten du; erabakitzeko orduan, berriz, aldebakartasunetik gobernatzen du”.
Jeltzaleen ustez, garrantzi horretako plan bat adostasun zabalak bilatuz eraiki beharko litzateke, eta udal talde guztiekin partekatu beharko lirateke erabaki estrategiko nagusiak.
Horregatik, Irisgarritasun Unibertsalaren Udal Kontseilua sortzea proposatzen dute, ordezkaritza politikoa, teknikoa eta soziala izango duena. Kontseilu horren eginkizunak izango lirateke planaren gauzatze-maila urtero ebaluatzea, beharrezkoa denean lehentasunak berrikustea eta aldaketak edo jarduketa berriak proposatzea. Era berean, Udalak urtero jarraipen-txosten bat argitaratu beharko luke, gauzatze fisiko, ekonomiko eta sozialaren adierazleak jasoko dituena, egindako inbertsioen benetako eragina ezagutarazteko.
EAJ-PNVk amaitzeko adierazi du lehentasun argietan, plangintza zorrotzean eta konpromiso politikoan oinarritutako irisgarritasun-eredua defendatzen jarraituko duela. “Andoainek ez du diagnostiko gehiago behar. Premia handienak dauden tokian erabakiak hartu, lehentasunak ezarri eta inbertituko duen gobernu bat behar du. Irisgarritasuna ez baita planak idatziz hobetzen; proiektuak gauzatuz baizik”.
Nabarmenak...
Urnieta
2026/07/03
Zarautz
2026/06/30
Oarsoaldea
2026/06/24
Berria
2026/06/18
Gipuzkoa
2026/06/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



