Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/07/02

Gardentasunik gabe ez dago elkarlanik: EAJ-PNVk abstentzioa eman dio 3,6 milioiko kreditu-aldaketari

Jeltzaleek salatu dute EH Bildu buru duen udal gobernuak tamaina honetako erabakiak informazio eskasarekin, gardentasun faltaz eta oposizioarekiko benetako elkarlanik gabe kudeatzen dituela.
Gardentasunik gabe ez dago elkarlanik: EAJ-PNVk abstentzioa eman dio 3,6 milioiko kreditu-aldaketari

EAJ-PNVko udal taldeak abstentzioa eman dio 2026ko 6. kreditu-aldaketaren hasierako onarpenari ekainaren 18an ospatu den ohiko Osoko Bilkuran. Ia 3,6 milioi euroko espedientea da, eta horietatik 3,2 milioi euro inbertsioetara bideratuko dira. Gure abstentzioa ez da zenbatekoaren ondorio; udal gobernuak erabaki estrategikoak hartzeko duen moduaren ondorio baizik.

Tamaina honetako kreditu-aldaketa batek informazio zehatza, azalpen sakonak eta eztabaida politikoa eskatzen ditu. Horren ordez, EH Bildu buru duen udal gobernuak azaleko informazioa eman du beste behin ere, eta oposizioa aurrez hartutako erabakien berri jasotzera mugatu du. Elkarlana eta kogobernantza etengabe aldarrikatzen dituzte, baina eguneroko jardunak kontrakoa erakusten du: gardentasun falta, informazio eskasa eta elkarrizketarako borondate eza.

Kreditu-aldaketan jasotako hainbat inbertsiok, gainera, udal gobernuaren beraren atzerapena agerian uzten dute. Horren adibide garbia da udal eraikinetan eguzki-plakak jartzeko aurreikusitako 500.000 euroko partida. EAJ-PNVk hiru urtez jarraian eskatu du inbertsio hori udal aurrekontuetan, udalaren eredugarritasuna eta energia-trantsizioa lehenesteko. Orain iritsi da, baina hiru urte beranduago.

Zumardi Txikiko inbertsioari dagokionez ere, udal gobernuaren jarduteko modua salatu dugu. Zalantzan jartzen dugu une egokia denik, Zubi Berriaren ordezkapenak inguruan izango duen eragina kontuan hartuta. Baina, batez ere, ez dugu ulertzen herri osoarentzat estrategikoa izango den espazio baten etorkizuna herritarrekin partekatu nahi ez izatea. AuzoEkin bezalako parte-hartze prozesuak sustatzen dira auzoetan, baina herri osoaren erabilerarako izango den espazio baten etorkizuna erabakitzeko ez zaio herriari hitza eman nahi. Parte-hartzea ezin da interes politikoaren arabera erabili.

Arkauteko Etxearen kasuak ere agerian uzten du gobernatzeko modu hori. Urteak daramatzagu eraikin horren etorkizuna lantzea proposatzen eta batzordeetan zein bozeramaileen bileretan informazioa eskatzen. Erantzunik ez dugu jaso. Orain, aldiz, eraikinaren azterketa-proiektua kreditu-aldaketan agertu da, aurretiazko azalpenik gabe. Oposizioarekiko gutxieneko errespetuak informazioa garaiz partekatzea eskatzen du, ez proiektuak komunikabideen bidez ezagutzea.

EAJ-PNVren ustez, udal gobernuak gero eta ohitura handiagoa du erabakiak aldez aurretik hartzeko eta ondoren gainerako talde politikoei jakinarazteko. Hori ez da elkarlana, ezta kogobernantza ere.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk abstentzioa eman dio kreditu-aldaketari. Gure botoak mezu argi bat helarazi nahi dio udal gobernuari: Tolosak gardentasun handiagoa, oposizioarekiko errespetua eta benetako elkarlan instituzionala behar ditu. Gardentasunik gabe, ez dago elkarlanik.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...