Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/05/28

EAJ-PNVk biktimak erdigunean jartzea eskatu du, eta Xenpelar Bertso Eskolari lotutako jardueren inguruan ezagututako salaketen aurrean erantzukizun argiak exijitu ditu

EAJ-PNVk biktimak erdigunean jartzea eskatu du, eta Xenpelar Bertso Eskolari lotutako jardueren inguruan ezagututako salaketen aurrean erantzukizun argiak exijitu ditu

Errenteriako EAJ-PNVk, lehenik eta behin, bere babes eta gertutasun osoa adierazi nahi die Xenpelar Bertso Eskolari lotutako jardueren inguruan erasoak, jazarpena, jokabide matxistak eta eskubideen urraketak salatu dituzten pertsonei, baita haien senide eta gertukoei ere.

Zuhurtzia handienetik eta agintari eskudunei dagozkien ondorio judizial edo penalik aurretiaz atera gabe, ezinbestekotzat jotzen dugu erakunde publikoek arduraz, gardentasunez eta behar den arretaz jardutea, bereziki emakumeei eta adingabeei eragiten dieten larritasun handiko gertakarien aurrean.

Lehentasun osoa izan behar du balizko biktimen babes integrala bermatzeak, birbiktimizazio egoerarik saihesteak eta laguntza psikologiko, juridiko eta sozial egokia izan dezaten ziurtatzeak.

EAJ-PNVren ustez, jarduerak etetea edo neurri puntualak hartzea ez da nahikoa. Herritarrek berme argiak behar dituzte Errenteriako Udalak hasieratik beharrezko mekanismo instituzional eta administratibo guztiak aktibatu dituela ziurtatzeko, gertatutakoa argitzeko eta antzeko egoerak berriz gerta ez daitezen saihesteko.

Eztabaida ezin da salatutako gertakarietara soilik mugatu. Era berean, aztertu behar da erakunde publikoek prebentzio, zaintza eta babes betebeharrak behar bezala bete dituzten ala ez, eta zein neurri zehatz hartu behar diren orain biktimak laguntzeko eta erreparatzeko, familiei sostengua emateko, zaurgarritasun egoera berriak saihesteko eta horrelako gertakariak berriro ez gertatzeko.

Horregatik, Errenteriako Udalari honako hau eskatzen diogu:

        • Eskura dagoen informazio guztia Fiskaltzari eta agintari eskudunei helaraztea, berme guztiekin jardun ahal izan dezaten.

        • Barne ikerketa bat abiatzea, prebentzio, gainbegiratze eta babes mekanismoetan egon daitezkeen hutsuneak argitzeko.

        • Berehala berrikustea eraso matxisten aurkako prebentzio eta jarduera protokoloak, baita adingabeen babeserako neurriak ere, udal jarduera eta espazio guztietan.

        • Kanpo auditoria edo ikerketa independente bat sustatzea, prozesu osoari gardentasuna eta konfiantza emateko.

        • Indarrean dagoen Berdintasun Planeko neurriak benetan betetzen direla bermatzea.

        • Gertakari hauetatik edo egon litezkeen huts instituzionaletatik eratorritako erantzukizun politiko eta administratiboak argitzea, hala badagokio.

Era berean, ezinbestekotzat jotzen dugu adingabeei zuzendutako udal jarduera guztiak berrikustea, babes, prebentzio eta zaintza estandar gorenen arabera betetzen direla bermatzeko.

Errenteriako EAJ-PNVk gardentasunean, erantzukizun publikoan eta pertsona zaurgarrienen babes eraginkorrean oinarritutako jardun instituzionala defendatzen jarraituko du.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...