Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/05/26

EAJ-PNV Arrasatek ur-txorroten parkeak aste honetan bertan irekitzea eskatu du

EAJ-PNV Arrasatek salatu du EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek osatutako Udal Gobernua berriro ere berandu ari dela udako zerbitzuak prestatzen, bereziki Santa Barbarako eta Villa Anparoko ur-txorroten parkeei eta kanpoko igerilekuetako txosna zerbitzuari dagokienez.

EAJ-PNVk gogorarazi duenez, 2023an, alderdia alkatetzan egon zen azken urtean, ur-txorroten parkeak maiatzaren 1erako zabalik zeuden.
EAJ-PNV Arrasatek ur-txorroten parkeak aste honetan bertan irekitzea eskatu du

EAJ-PNV Arrasatek EH Bilduren Udal Gobernuari tenperatura altuei lotutako udako zerbitzuak lehenbailehen martxan jartzea eskatu dio, bereziki Santa Barbarako eta Villa Anparoko ur-txorroten parkeak eta kanpoko igerilekuetako txosna zerbitzua, arrasatearrek bero sasoiari hasieratik baldintza egokietan aurre egin ahal izan diezaioten.

Urtero bezala, Udalak hainbat baliabide prestatu behar ditu herritarrei beroari aurre egiteko eta aisialdirako espazio publikoez gozatzen laguntzeko. Kanpoko igerilekuak ekainaren 12tik irailaren 13ra egongo dira zabalik, baina EAJ-PNVren ustez ur-txorroten parkeek dagoeneko martxan egon beharko lukete, maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran izandako tenperatura altuak kontuan hartuta.

“Uste dugu gune horiek oso baliagarriak izan daitezkeela familia askorentzat, bereziki haur eta gazteentzat; izan ere, bero handia egiten ari den egun hauetan freskatzeko eta espazio publikoaz gozatzeko lekuak bilatzen dituzte”, adierazi dute talde jeltzaletik.

Horregatik, EAJ-PNVk ur-parkeak aste honetan bertan irekitzea eskatu du. “Garrantzitsua da herritarrei beroari aurre egiteko tresna eta espazio irisgarriak eskaintzea, eta parke horiek, hain zuzen ere, funtzio hori betetzen dute”, nabarmendu dute.

Era berean, jeltzaleek kezka agertu dute kanpoko igerilekuetako txosna zerbitzuaren egoerarekin. Instalazioak ekainaren 12an irekiko diren arren, egungo epeek iradokitzen dute txosna zerbitzua ezingo dela aste batzuk berandugora arte martxan jarri.

“Gure ustez, zerbitzu horiek udan kanpoko igerilekuek eskaintzen duten esperientziaren eta ohiko erabileraren parte dira, eta, horregatik, positiboa litzateke lehen egunetik bertatik erabilgarri egotea”, azaldu dute.

EAJ-PNVk gogorarazi duenez, 2023an, alderdia alkatetzan egon zen azken urtean, ur-txorroten parkeak maiatzaren 1erako zabalik zeuden, eta igerilekuetako txosna zerbitzua kanpoko instalazioekin batera jartzen zen martxan.

“Ezin da etengabe inprobisatzen ibili. Arrasatearrek erabiltzen dituzten zerbitzuak garaiz planifikatu eta behar bezala kudeatu behar dira. Egungo egoerak berriro ere agerian uzten du gobernatzeko modu traketsa”, gaineratu dute.

Azkenik, EAJ-PNVk Udal Gobernuari eskatu dio lehenbailehen neurriak hartzeko eta aste honetan bertan ur-txorroten parkeak irekitzeko. Horrez gain, beharrezko izapide guztiak bizkortzea ere galdegin du, txosna zerbitzua ahalik eta azkarren martxan jartzeko eta herritarrei udan zerbitzu egokiak eskaintzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...