Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/05/19

Udalak behin betiko onartu du Añorgako Geltokiko urbanizazio proiektua

Jon Insausti alkateak Donostia bizitzeko leku erakargarria izateko estrategiaren baitan kokatu du proiektua, "Europako hiri oparo eta zoriontsuena" izateko bidean
Udalak behin betiko onartu du Añorgako Geltokiko urbanizazio proiektua

Tokiko Gobernu Batzordeak Añorgako Geltolkia eremua urbanizatzeko proiektua behin betiko onartzea erabaki du. Proiektu horrek hiriari 250 etxebizitza berri gehitzea ahalbidetuko du, horietatik 50 tasatuak eta beste 50 alokairu sozialekoak. Gainera, Jon Insausti alkateak azaldu duenez, "ingurua nabarmen berroneratuko da eremu hori Añorga Txikiko gainerako eremuekin integratuz, errekaren ondoan aisialdirako berdegune bat sortuz, bide-konexioak hobetuz eta garraio publikoarekin konexio hobeak eginez, baita igogailu berri bat sortuz ere, auzoaren irisgarritasuna erraztuko duena".

Insaustik azaldu duenez, garapen hori "Donostia bizitzeko leku erakargarri bihurtzeko udal gobernu honen lehentasunezko estrategiaren baitan kokatzen da, eta horrek esan nahi du aukerak sortu behar direla donostiarrek hirian beren bizi-proiektuak garatu ahal izateko, hiri-kalitateko ingurunea eta auzo kohesionatuak lortzeko".

Alkateak gaineratu du proiektuak etxebizitza mota ezberdinak dituzten sustapen berrien garapenean bizkorrak izateko helburuari erantzuten diola, auzo kohesionatuak eta erdi-mailako klasea nagusi diren auzoak lortzeko helburuarekin". Zentzu horretan, Donostia Europako hiririk oparoena eta zoriontsuena izatea lortzeko erronka aipatu du alkateak.

Etxebizitzaren lehentasuna azpimarratuz, Jon Insaustik gogorarazi du "gaur egun 1.100 etxebizitza eraikitzen ari garela Donostian: Lorategi Hiria, Añorga Txiki eta Infernua. Eta Illarrako garapenekin, Txomin II. fasearekin eta Jolastokietarekin ia 1.000 etxebizitza gehiago izango ditugu. Datozen hilabeteetan hasiko dira garapenak. Hori guztia eta gehiago egin behar dugu Donostian bizi-proiektua eraiki nahi dutenentzat aukerak sortzen jarraitzeko".

Añorgako gune horretan 5 etxebizitza-eraikin, Añorga errekastoaren erriberako parke-gune bat, aparkaleku bat eta oinezkoentzako hainbat plaza eta aisialdirako guneak eraikitzea aurreikusten da.

Berrurbanizazio osoa egingo da, eta inguruari espaloi zabalagoak, aparkaleku antolatua eta zoladura eta hiri-zerbitzu berriak emango zaizkio.

Proiektuaren aurrekontua 10.949.812 eurokoa izango dela aurreikusten da, eta gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango da.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...