Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/05/14

EAJ-PNVk Errenteriako Ordenantza Zibikoa berehala martxan jartzea eskatu du, espazio publikoaren kaltetzeari amaiera emateko

Jeltzaleek arau argiak, espazio arautuak eta egungo kontrol falta amaitzeko neurri eraginkorrak eskatu dituzte. Bizikidetza Ordenantzaren sorrera Udalaren beraren Agintaldi Planeko konpromisoetako bat da dagoeneko.
EAJ-PNVk Errenteriako Ordenantza Zibikoa berehala martxan jartzea eskatu du, espazio publikoaren kaltetzeari amaiera emateko

EAJ-PNVko Errenteriako udal taldeak udal gobernuari eskatu dio berehala martxan jartzea espazio publikoaren erabilera egokia arautuko duen eta herrian bizikidetza ordenatua eta errespetuzkoa bermatuko duen Ordenantza Zibiko bat.

Jeltzaleek salatu dute Errenteriak urteak daramatzala bere espazio publikoaren kaltetze progresiboa jasaten. Kaleetan, plazetan eta hiri-altzarietan gero eta nabarmenagoa den egoera gertatzen ari da; kartel, pankarta, pegatina eta bestelako elementuen kontrolik gabeko ugaritzeak utzikeria irudia sortzen du, bizi-kalitatearen eta bizikidetzaren erreferente izan nahi duen herri batentzat onartezina dena.

EAJ-PNVren ustez, bereziki larria da udal gobernuak berak aurreko legealdian araudi espezifiko baten beharra aitortu izana, herritarrek Bizikidetza Ordenantza baten beharra argi adierazi zuten parte-hartze prozesu bat sustatuz. Gainera, konpromiso hori berariaz jaso zen 2023-2027 Agintaldi Planean, eta bertan ezarri zen 2026rako garatuta egon behar zuela.

Hala ere, gaur gaurkoz, udal gobernuak ez du ez zirriborrorik, ez proposamen publikorik, ezta bide-orri argirik aurkeztu ere.

EAJ-PNVren Errenteriako bozeramaile Elixabete Muruak irmo hitz egin du gaiaren inguruan: "Ez da ulertzekoa Bizikidetza Ordenantza baten beharra aitortu eta euren Agintaldi Planean txertatu zutenek urteak daramatzatela beste aldera begira. Berriz ere iragarpen eta konpromiso hutsen aurrean gaude; kaxoian gordetzen diren promesak, herritarren benetako arazoek konpondu gabe jarraitzen duten bitartean."

Muruak gaineratu du egoera areagotu egiten dela jai garai jakin batzuetan, nahiz eta arazoa urte osoan mantentzen den: "Espazio publikoaren kaltetzea ezin da normaltzat hartu. Adierazpen askatasuna beti bermatu behar da, baina ezin da erabili kaleak, fatxadak, hiri-altzariak eta espazio komunak etengabe hondatzeko aitzakia gisa. Askatasuna bai; kontrolik eza, ez."

EAJ-PNVk azpimarratu du Ordenantza Zibiko moderno batek ez dituela eskubideak mugatu behar; aitzitik, espazio publikoaren erabilera arduratsua eta herritarren arteko bizikidetza uztartu eta ordenatu behar ditu, kartelak jartzeko gune egokiak eta ondare komuna kaltetzen duten jokabideak saihesteko mekanismo argiak ezarriz.

Era berean, jeltzaleen ustez, udal gobernua berriro ere berandu iritsi da urteetan pilatzen joan den eta Errenteriaren irudiari, garbitasunari eta bizi-kalitateari zuzenean eragiten dion arazo batera.

"Gobernatzea erabaki deserosoak hartzea eta bizikidetzaren oinarrizko arauak betearaztea ere bada. Ezin da arazo bat aitortu, irtenbideak agindu eta gero desagertu. Errenteriak pasibotasun gutxiago eta kudeaketa gehiago behar ditu", amaitu du Muruak.

EAJ-PNVk mozio bat erregistratu du Udalean Ordenantza Zibiko hau garatzea eskatzeko eta espazio publikoaren zaintza, mantentze-lanak eta erabilera egokia bermatzeko neurri zehatzak martxan jartzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...