Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/31

Urnietako EAJ-PNVren adierazpena SanMieletako txosnei buruz

Azken hilabeteetan, txosnen inguruko eztabaidak kezka sortu du Urnietan. Urnietako EAJ-PNVtik argitu nahi dugu zer gertatu den, nola kudeatu den eta zein den gure jarrera.
Urnietako EAJ-PNVren adierazpena SanMieletako txosnei buruz

Zer gertatu da?

Aurten, SanMiel jaietan, Plazido Muxika plazan ez zen txosnarik jarri “Txosna Batzordea”ren erabaki baten ondorioz; batzordeak adierazi zuen udal araudiak kanpoan uzten zituela.

Araudia 2024an onartu zen, elkarte eta alderdi politiko guztiei irekitako prozesu baten bidez, eta ez zen hobekuntzarako proposamenik edo alternatibarik aurkeztu. Izan ere, 2024ko jaiak normaltasunez egin ziren dagoeneko indarrean zegoen ordenantza berriarekin.

Aurten arazo bat sortu da, Urnietakoa ez den elkarte bat leku faltagatik kanpoan geratu zitekeelako. Azkenean, eskatzaile batek atzera egin ondoren, egoera konpondu zen eta elkarte guztiek izan zuten txosna jartzeko aukera; hala ere, ez zuten nahi izan.

Aldiz, errua araudiari egotzi zioten, nahiz eta araudi horren xedea espazio publikoaren erabilera ordenatzea den, tokiko edozein elkartek eskaria egin eta bertan txosna jartzeko aukera izan dezan.

Udalak nola kudeatu du?

Gobernu taldeak (EAJ-PNV eta PSE-EE) txosnak jartzeko behar diren baliabide guztiak jarri ditu, aurreko urteetan bezala, eta herritarren proposamenetara irekitako araudi berri bat lantzen ari da, adostasuna lortzeko.

EAJ-PNVk jai eredua defendatzen du: parte-hartzailea, anitza eta gardena

Txosnen esleipen-prozesua gardentasun osoz egin da, herritarren, Jai Batzordearen eta udal ordezkaritza duten alderdien partehartzearekin. Prozesuak azalpen publikoak eta informazio-batzordeak izan ditu, eta horietan guztiek izan dute aukera iritziak eta proposamenak azaltzeko.

EAJ-PNVtik herriaren aniztasuna islatzen duten jaien aldeko gure konpromisoa berresten dugu, elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kudeaketa partekatuaren alde eginez. Txosnak topagune, kultura eta aldarrikapen gune dira; horregatik, eredu inklusibo baten alde egiten dugu, bazterketarik eta faboritismorik gabea, erakundeekiko konfiantza indartuko duten irizpide publiko eta objektiboetan oinarritua. Gardentasuna demokraziaren oinarrietako bat da.

Tamalez, EH Bilduk, araudiaren lanketa prozesuan parte hartu eta hobekuntzarik ez proposatu ondoren, orain prozesua zalantzan jarri eta herritarrak nahastu nahi ditu. Gure ustez, jaiak elkarbizitzarako eta herriaren batasunerako espazioak izan behar dira, ez konfrontazio politikorako.

EAJ-PNVk lanean jarraituko du Urnietako jaiak parte-hartzaileak eta anitzak izan daitezen. Horregatik, herritarrak animatzen ditugu euren proposamenak aurkeztera azaroaren 6ra bitartean. Jaiak guztion artean eraiki ditzagun.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...