Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/05/07

EAJ-PNV Arrasatek ekintza-plana aurkeztu du edukiontzien suteen aurrean neurriak hartu eta herritarren segurtasuna bermatzeko

Jeltzaleek lau hileko epean gauzatu daitekeen plan integral bat proposatu dute, ekintza bandaliko berriak prebenitzeko eta pertsonentzako, etxebizitzentzako eta ibilgailuentzako arriskuak murrizteko neurriak barne hartzen dituena.
EAJ-PNV Arrasatek ekintza-plana aurkeztu du edukiontzien suteen aurrean neurriak hartu eta herritarren segurtasuna bermatzeko

Arrasateko EAJ-PNV kezkatuta agertu da joan den astean udalerrian izandako azken sutearen ondorioz. Izan ere, hainbat edukiontziz gain, auto bat ere kiskali zen. Alderdiak EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren Udal Gobernuaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen ekintza-falta salatu du, 2023an legegintzaldia hasi zenetik behin eta berriz egindako eskaerak gorabehera, neurri eraginkorrik ezarri gabe jarraitzen dutelako.

“Urtebete baino gehiago daramagu konponbideak eskatzen egoera honen aurrean, konpondu beharrean, arrasatearren segurtasuna arriskuan jartzen jarraitzen baitu. Ezin dugu itxaroten jarraitu suteak errepikatzen diren bitartean. Ekiteko unea da”, azpimarratu du Ander Garay Arrasateko EAJ-PNVko bozeramaileak.

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk ekintza-plana zehatz bat aurkeztu du, datozen lau hilabeteetan ezartzeko diseinatua eta edukiontzien guneen segurtasuna handitzeko neurriekin. Planak honako jarduera hauek biltzen ditu:

1.- Edukiontziak etxebizitzetatik aldentzea: fatxadetatik gertuegi daudenak lekuz aldatzea. Lekuz aldatu ezin diren kasuetan, edukiontzi guztiak metalezkoak izatea proposatzen da, suterik gertatuz gero sugarrek etxebizitzetan eraginik izan ez dezaten.

2.- Ibilgailuen babesa: edukiontziak aparkalekuen ondoan daudenean, aparkaleku bakar baten ondoan jartzea proposatzen da, eta ez biren artean, eta autoetatik hurbilen dagoen edukiontzia beti metalikoa izatea, sugarrak zabaltzea saihesteko.

3.- Teknologia berriak aplikatzea: suteak azkar identifikatzeko sentsoreak instalatzea edukiontzi bakoitzaren barruan, baita sua itzaltzeko gailu automatikoak ere, sugarrak ahalik eta lasterren geldiarazteko.

4.- Herritarrak kontzientziatzeko kanpaina iraunkor bat abian jartzea, Getxon egindakoaren antzekoa, ekintza bandalikoek eragindako kalte ekonomiko eta materialak murrizteko.

“Plan errealista, bideragarria eta epe laburrera exekutagarria da, eta gure bizilagunen segurtasuna eta ondarearen babesa lehenesten ditu. Ezin dugu sute edo kalte material gehiagorik onartu”, adierazi du Garayk.

EAJ-PNV Arrasatek EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren Udal Gobernuari eta Debagoieneko Mankomunitateari plan hau premiaz eta atzerapenik gabe martxan jartzeko eskatu die. Gainera, eskua luzatzen die hura garatzen eta ezartzen laguntzeko.

“Arrasatearren segurtasuna edozein interes alderdikoiren gainetik dago. EAJ-PNVn prest gaude elkarrekin lan egiteko gure herria babesteko eta joan den astean bizi izandako egoera berriro errepika ez dadin. Arduraz jokatzeko garaia da”, amaitu du Garayk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...