Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoak Erreforma Fiskalaren Foru Araua onetsi du
Pertsonak ardatz dituen erreformaren balorazio positiboa egin du EAJ-PNVkGipuzkoako Batzar Nagusiek zerga-sistemaren erreforma onetsi dute, 110 milioi euroko inpaktua izango duena Gipuzkoako zergadunen mesedetan

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Erreforma Fiskalaren Foru Araua onartu dute gaurko osoko bilkuran, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdien botoekin. Arau horretan onartutako neurriak atzeraeraginez aplikatuko dira 2025eko urtarrilaren 1etik, eta 110 milioi euroko inpaktua izango dute zergadunen mesedetan. Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek gogorarazi du, Batzarretan hitza hartuta, erreforma honen helburua dela «zerga sistemaren bidez gure gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiten laguntzea, hala nola desberdintasun-mailak murriztea, etxebizitza eskuratzea, demografia edo trantsizio energetikoa». «Erreforma fiskal harmonizatua da, finantza-nahikotasuna bermatzen duena», adierazi du Agirrek, eta honako hau erantsi du: «foru arau honen bidez, behar den segurtasun juridikoa ematen dugu, zerga-erreformaren ponentzian gakotzat jotako alderdietan epe luzerako begiradarekin aurrera egin ahal izateko, gure herritarren ongizate integrala bermatzeko».
Foru diputatuak eskerrak eman dizkie erreforma fiskal honen aldeko botoa eman duten biltzarkide-taldeei. «Beti esaten dugu gure eskumenak aprobetxatu behar ditugula eta gipuzkoarren premien esku jarri behar ditugula, eta, ildo horretan, eskerrak eman nahi dizkiet hilabete hauetan benetan negoziatzeko eseri diren batzarkideei, guztien onaren aurrean alderdi-interesak alde batera utzita, gipuzkoarren erdiei baino gehiagori mesede egingo dien erreforma bat aurrera ateratzeko».
Erreforma Fiskalaren Foru Arauaren neurriak
Foru arau berriak zenbait neurri jasotzen ditu, hala nola deklaratzeko betebeharra, 20.000 eurokoa izango dena.
Akordioak benetako berdintasun eraginkorra sustatzen duten ekimen fiskalak jasotzen ditu, kontziliazioa hobetuko dutenak, betiere erantzukizun profesionalen eta familiarren arteko bidezko oreka bermatzeko. Emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua egin da, kenkarien eta murriztapenen portzentaje jakin batzuk handituz, emakumeek enpresa eta ekonomia sarean parte har dezaten sustatzeko. Horren adibide da PFEZean emakume ekintzaileentzat jasotako jardueraren hasieragatiko murriztapena % 10etik % 15era gehitzea. Era berean, gure gizarteko bizikidetza unitateei ikusgarritasuna eman nahi zaie, eta familia unitatearen konfigurazioan berrikuntzak sartzen dira. Ildo horretan, sozietateen gaineko zergan kenkariak ere jasotzen dira, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurri berriak legez ezarritakoaren gainetik ezartzen dituzten enpresentzat.
Etxebizitzaren arloan, errentamendua bultzatzen da, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko zerga-pizgarriak sustatuz. Horretarako, errentatzailearen tratamendu fiskala hobetzen da etxebizitza errentariaren ohiko etxebizitza bada, eta ezartzen da tratamendu hori handiagoa izango dela alokairuan bitartekaritza publikoa dagoenean edo etxebizitza eremu tentsionatuetan dagoenean. Errentarien kasuan, handitu egiten da kolektibo jakin batzuei aplikatu beharreko kenkariaren portzentajea. Gazteen kasuan, % 35era igotzen da. Gazteen emantzipazioa sustatzen da:
1) ohiko etxebizitza eskuratzea errazten da, etxebizitza kontuaren epea 6 urtetik 10 urtera luzatuz;
2) era berean, etxebizitza erosteagatiko 8.500 euroko gehieneko inbertsio muga ezabatzen da eskurapen urterako;
3) handitu egiten dira gazteentzako ohiko etxebizitza alokatzeagatiko eta erosteagatiko kenkariak, eta haien muga igo egiten da 36 urte bete arte;
4) gainera, hurrengo 5 ekitaldietan sortutako eta aplikatu gabeko kenkariak aplikatu ahal izango dira.
Bestalde, pentsio publikoaren osagarritasunean aurrera egiteko, foru arauak zerga-esparru berri bat ematen du, helburu hori lortu ahal izateko edo lortzen laguntzeko. Horrela, tratamendu fiskala eguneratzen da, errenta gisako prestazioak kobratzea sustatuz, eta kalitatezko ekarpenak bultzatzen dira, ekarpen handiagoa egiteko pizgarri handiagoa ezarrita.
Kenkari berriak ezartzen dira etxebizitzen energia efizientzia hobetzeko obrengatik, bai ohikoa, bai errentan hartutakoa, berokuntzaren eta hozte sistemaren eskaria murrizteko, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa hobetzeko edo eraikinen energia birgaitzea egiteko. % 5eko edo % 10eko kenkariak proposatzen dira PFEZean zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15ekoak karga puntuak ezartzeagatik. Halaber, sozietateen gaineko zergaren kenkariak, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza edo ekonomia zirkularra helburu duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuengatik. Energia iturri berriekin lotutako I+Gko kenkariak areagotzea
Era berean, jarduera ekonomikoa bultzatzeari dagokionez, foru arau berriak % 15ean finkatzen du forfait delakoa mikroenpresentzat. Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, ezabatu egiten da zerga oinarri negatiboak konpentsatu aurreko zerga oinarri positiboaren % 70eko muga.
Pertsonak ardatz dituen erreformaren balorazio positiboa egin du EAJ-PNVk
Hala, Ianko Ganboa batzarkide jeltzaleak positiboki baloratu du Gipuzkoan erreforma fiskala onartu izana, era orekatuan eta ikuspegi sozial argiarekin diseinatuta dagoela azpimarratuz. "Izaera soziala eta aurrerakoia du zerga erreforma honek, progresibitate printzipioan oinarrituta eta euskal ehun ekonomiko-industrialaren lehiakortasuna babesten jarraituz."
Azaldu duenez, herritarren onurarako pentsatutako erreforma da; alde batetik, errenta txikienak dituztenentzat onuraragarria, eta, bestetik, EAEko ekonomia- eta industria-sarearen lehiakortasuna etorkizuneko erronketarako prestatzen duena.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/04/09
EBB
2025/03/30
EBB
2025/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13