Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/05/06

Oñatiko EAJ-PNVk hainbat hobekuntza proposatu ditu landa-auzoetarako

EAJ-PNVk proposatzen dituen neurrien artean daude Oñatiko baso publikoen kudeaketan sortutako egur-soberakinetarako sarbide zuzena berreskuratzea, ura gal ez dadin Aitzgaineko kanala konpontzea, Zubillagako hirigunetik kanpoko baserrietan ur edangarrirako sarbidea bermatzea, Herribus linea Garibaiko Argiñenaraino eta Zañartuko Largokuaraino zabaltzea
Oñatiko EAJ-PNVk hainbat hobekuntza proposatu ditu landa-auzoetarako

Udalerriko landa-auzoetan dauden bizilagunen bizi-kalitateari larriki eragiten dioten zenbait gabezia identifikatu ditu Oñatiko EAJ-PNVko udal-taldeak. Herritarrek zuzenean talde jeltzaleari helarazitako hainbat eta hainbat ekarpeneni esker landu ditu eskaerak. Azpiegituren narriadura, edateko uraren eskuragarritasunik eza eta garraio publiko eskasa bezalako arazoek oraindik ez dute konponbide eraginkorrik jasotzen gobernu-taldearen aldetik.

Egoera hobetzeko asmoz, EAJ-PNV Oñatik hainbat proposamen bideragarri eta errealista aurkeztu ditu, Udalari oinarrizko behar horiek lehenesteko eskatuz. "Landa-auzoetako bizilagunek ere zerbitzu publiko duinak izateko eskubidea dute. Gai horiei premiaz erantzutea nahi dugu, eta irtenbideak bilatzeko gure lankidetza eskaintzen dugu ", adierazi du Amaia Erostarbek, udal talde jeltzalearen bozeramaileak.

Arantzazu: mendi publikoetako egurra jasotzearen eskubidea berreskuratzea

Oñatik, bere basoetan biomasa energia du altxor. Alde horretatik, Oñatiko Udalak udal-baso zabalak ditu, eta, beraz, publikoak. Kudeatzen den bitartean, zurezko soberakinak sortzen dira. Hau da, 0 Km-ko biomasa, Oñatiko edozein herritarrentzat irisgarria izan beharko lukeena. Urte batzuetan, Oñatiko herritarrek herri-basoetako (udaleko publikoak) baliabide natural horien aprobetxamenduaz baliatu ahal izan dute, basoen kudeaketan sortutako egur-soberakinak bilduz. Gaur egun, ordea, ezinezkoa da. EH Bilduko gobernu taldeak praktika hori kendu zuen duela urte batzuk udalerriko zati handi batean, eta sarbidea Arantzazuko biztanleei soilik mugatu zien. EAJ-PNV Oñatiren ustez, baliabide hau (KM 0koa) modu orekatuan banatzea bermatu beharko litzateke energia gero eta garestiagoa den garai honetan.

Araotz: egoera kritikoan dauden azpiegitura hidrikoak

Aitzgaingo ubidea UR-JAUZIAK S.A.ren azpiegiturakoa da, eta ur-galera handiak ditu mantentze-lanen faltagatik. Martxan zegoen bitartean, kanal honek bi funtzio zituen: alde batetik, Aitzgaingo depositua betetzea elektrizitatea sortzeko; bestetik, gaur egun desagertuta dagoen aziendari ura ematea, udan, eta bide batez, Aintzgaingo larreak iraunkorrak izatea ahalbidetzea. Jeltzaleek Aitzgaingo kanala konpontzeko eta bi funtzioak berreskuratzeko eskatu dute. Arantzazun bezala, Araotzen ere ez da hondakin-uren kanalizazioa konpondu, eta arazo horrek ingurumen- eta osasun-arriskua dakar inguruko biztanleentzat.

Zubillaga: edateko ura eskuratzeko aukera bermatzea

2025. urtean, Oñatin, hainbat landa-auzo daude, edateko urik ez duten baserriekin. Adibidez, Zubillagan, herrigunean ez dauden baserrietan, badira edateko urik ez duten baserriak eta familiak: Erguina (Matromai, Matromai Etxebarri, Erguina Etxeberri, Erguina Zaharra), Elorregi (Elorregi Aumategi, Errota, Elorregi Haundi baserriak) eta Askazubi (Kortazar, Alkorta eta Askazubi baserriak). Beste adibide bat Urrexola landa-auzoa da: Baltzola, Beiti, Urrexolako Errota, Bainuetxea... ez dute edateko urik.

Horiek guztiak iturri propioekin hornitu behar dira, edateko txarra den urarekin. Arantzazun, aurreko legegintzan egoera hori konpontzea lortu zen, baina Zubillagan oraindik ez da aintzat hartu, hain oinarrizko baliabide bat bermatzeko premia dagoen arren.

Zañartu: Garraio publikoan beharrezko hobekuntza

Herribusen zerbitzuak gaur egun beilatokian amaitzen du bere ibilbidea, Garibai eta Zañartuko egoiliarrak, adibidez, kanpoan utziz. EAJ-PNV Oñatik linea Garibaiko Argiñena baserriraino eta Zañartuko Largokua baserriraino zabaltzea proposatzen du. Hobekuntza erraza da, eta auzokide gehiagori egingo lieke mesede, kostu gehigarri handirik eragin gabe.

Oñatik dituen arazo horiek konpontzeko eta landa-auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko premiaz jokatu behar dela azpimarratu du EAJ-PNVk. "Ezin dugu onartu auzokide horiek ahanzturan jarraitzea. Udalari, udalerri osoan kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko, arduraz eta konpromisoz joka dezala eskatzen diogu. EAJ-PNV prest dago laguntzeko eta elkarlanean aritzeko oñatiarrekin eta Udalarekin ekintza hauek bultzatzeko eta udalerria eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko", amaitu du Amaia Erostarbek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...