Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk larrialdi-plan lokal bat abiaraztea eskatu du, argindar etenak Andoainen sortutako moduko egoerak koordinatzeko
Goenaga bozeramaileak eskatu du Bertxingo zentralaren konponketa lehentasunezkoa izan dadila, udal instalazio guztietako hornidura elektrikoa bermatzeko
EAJ-PNVk osoko bilkuran eskatu du larrialdi-plan lokal bat edukitzea, azken argindar etena bezalako emergentziazko egoerak koordinatzeko. Imanol Goenaga bozeramaileak gobernu taldeari eskatu dio “Andoaingo Udalak elurteetarako plana baduen bezala, halako larrialdi egoerak artatzeko plan espezifikoa ere eduki behar duela; hau da, nola jokatu eta jardun zehazten duen dokumentua behar da, argindar hornidurarik ezean edo muturreko eguraldi fenomenoen aurrean —eurite, haize edo bero handiak—erantzun ahal izateko”. Jeltzaleen iritziz, bertako udal langileen, zerbitzu brigadaren eta udaltzainen arteko koordinazioak definituta egon behar du larrialdi kasuetan, baita bestelako goi-mailako eragileekin elkarlanak ere.
Atzo gertatutakoarekin lotuta, EAJ-PNVko zinegotziak salatu du “ez dela bozeramaile batzorderik deitu, ez zaie udal ordezkariei edo herritarrei inolako informaziorik eman; ez dakigu itzalaldiak zer eragin izan duen herriko industriarengan edo merkataritzan, ezta tren zerbitzuaren geldialdiak zer kalte ekarri dituen, igogailuetan harrapatuta andoaindarrik geratu ote den, edo udalerrian dauden energia-sorgailuak nahikoak ote diren”.
Tokiko energia-eskaerari erantzuteko, Goenagak gogorarazi du “Lizarkolako kanalaren hormaren zati bat erori zenetik, Bertxingo zentral hidroelektrikoa geldirik dagoela”. Beraz, hormaren konponketa burutzeak eta zentrala martxan jartzeak lehentasunezkoa izan behar dute, eta beharrezko ikerketa geoteknikoak ahalik eta lasterren burutu behar dira.
Egoera honen aurrean, eta jeltzaleek 2025eko udal aurrekontuetan egindako zuzenketari esker, 100.000 euroko partida garrantzitsua gehitu zen zentralaren mantentze- eta konponketa-lanetarako. Hala ere, litekeena da partida hori eguneratu beharra izatea, konponketarako behar diren inbertsioei aurre egiteko.
Zinegotzi jeltzalearen hitzetan, “Udalak urtero 400.000 € inguru gastatzen ditu argindarrean, eta Bertxingo zentralak 8.000 €/egun arteko etekinak eman izan ditu; batez beste, energia hori 10 zentimoan saltzen ari gara, eta gero 25 zentimoan erosten dugu kW bakoitza”. Hau da, argi dago Bertxinek "benetako aukera ematen duela tokiko energia berriztagarria sortzeko gaitasuna hobetzeko eta, adibidez, udal-instalazio guztien hornidura elektrikoa bermatu liteke". Azkenik, EAJ-PNVrentzat astelehenean izandako itzalaldi elektrikoak agerian uzten du "autohornikuntzarako eskuartean ditugun azpiegiturak ustiatu behar ditugula, Bertxingo zentralaren kasuan bezala. Alde batetik, kanpoko energia-iturrien menpe gutxiago egoteko eta, bestetik, aste honetan gertatu den bezala, balizko energia-itzalaldien erantzuna hobetzeko ".
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/04/09
EBB
2025/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13