Aberri Eguna 2025

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/04/09

EAJ-PNVk irmoki gaitzetsi ditu Errusiaren inbasio militarra eta EH Bilduren jarrera konplizea

Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EAJ-PNVk Ukrainaren aldeko ebazpen-proposamena aurkeztu du, Estatu subirano horrek pairatzen duen inbasio militarra salatzeko eta bake bidezko, iraunkor eta zintzo baten alde egiteko.
EAJ-PNVk irmoki gaitzetsi ditu Errusiaren inbasio militarra eta EH Bilduren jarrera konplizea

Xabier Otxoa bozeramaileak argi utzi duenez, “Ukrainak aske bizitzeko nahia eta eskubidea du, baita bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko ere, nahiz eta Putini ez gustatu”. Eta egoeraren ondorio latza ekarri du gogora: “Ukrainarren % 25, gerrak behartuta, bere etxetik alde egin behar izan du”. Bozeramaile jeltzaleak argi esan du: “Hemen biktima eta erasotzailea daude. Biktima, Ukraina. Erasotzailea, Errusia. Eta ezin dugu hori onartu. Ez dugu onartzen”.

Bere hitz-hartzean, Xabier Otxoak EH Bilduren jarrera gogor salatu du: “Gure ustez, EH Bilduk ardura politiko larriak saihestu ditu gatazka honetan. Ez du inbasioa oraindik gaitzetsi, ezta erasotzailearen jarrera salatu ere, eta horrek erasotuaren sufrimendua gutxiesten du. Horrelako diskurtsoek, gainera, bat egiten dute Europako eskuin muturraren estrategiarekin, eta horrek kezkatzen gaitu.” Izan ere, Nazio Batuen Gutunaren aurkakoa eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena da.

Halaber, EAJ-PNVk Ukrainaren subiranotasuna, erresistentzia eta bakean bizitzeko eskubidea babestu ditu, baita Europar Batasunak babes politiko, diplomatiko, ekonomiko, humanitario eta militarra ematea ere.

Amaitzeko, Otxoak EAJ-PNVren balore sendoak azpimarratu ditu: “Guk, jeltzaleok, edozein eraso gaitzesten dugu, izan Ukrainan, izan Palestinan edo izan Euskadin. Bakea nahi dugu, baina ez inposizioaren edo indarkeriaren ondorioz. Bakea justua eta egiazkoa behar du izan, oinarri etiko eta demokratiko sendoetan eraikia.”

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...