Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Zerga erreformak errenta txikienei, gazteei, autonomoei, trantsizio energetikoari eta klase ertainetako bizitza eta lan proiektuei lagunduko die
“EH Bilduk ‘suma zero’ aukeratu du orain ere”, salatu du EAJ-PNVk . Erreforma fiskalari buruzko EH Bilduren osoko zuzenketa “akordioari ezezkoa” eta “abertzaleen elkarlanari korapiloa” dela esan du EAJ-PNVko bozeramaile Ianko Gamboak
Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkuran parte hartu du gaur goizean. Bertan, Erreforma Fiskalaren Foru Arauaren aurreproiektua defendatu du, datorren maiatzean bozkatuko dena. Bere hitzaldian erantzun dio EH Bildu biltzarkide taldeak proposatutako osoko zuzenketari, zeina Batzar Nagusien gehiengo argi batek atzera bota baitu. Agirrek aurreproiektu horren puntuak zerrendatu ditu, eta "herrialde gisa ditugun lehen mailako gizarte erronken aurrean herritarrei eta gizarte eta ekonomia eragileei laguntzeko helburuarekin diseinatu da". Erronka horiek, gainera, “2024ko lehen seihilekoan egindako erreforma fiskalaren ponentziaren ondorioen txostenetik abiatzen dira, zeina talde batzarkide guztiek adostuta onartu baitzuten”.
Erreforma fiskalaren ponentziaren ondorioen txostenak 11 erronka jasotzen zituen honako gai hauen inguruan: etxebizitza, demografia, zaintza eredu berria, pentsioen jasangarritasuna, talentua erakartzea, lehiakortasuna eta berrikuntza, desberdintasun mailen murriztapena, genero berdintasuna, kontziliazioa, fiskalitate berdea eta tokiko merkataritza. Ildo horretan, Agirrek gogorarazi duenez, “etorkizuneko erreforma fiskalaren foru arauaren proposamenean jasotako neurriek egindako gomendio gehienak jasotzen dituzte, eta proposamen errealista eta orekatu bat planteatzen du. Proposamen horrek Gipuzkoako herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoa ematen jarraitzeko behar den finantza nahikotasuna ematen du, fiskalitatetik lurraldearen erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiten laguntzeaz gain“.
Ogasuneko eta Finantzetako diputatuak azpimarratu duenez, "erreforma bidezkoa eta progresiboa da, eta gizarte kohesioan eta herritarren ongizate integralean aurrera egitea bermatu eta bilatzen du". Foru arauaren aurreproiektu horretako neurriak kolektibo zaurgarrienei, gazteei, autonomoei eta klase ertainei laguntzeko garatu dira, haien bizitza eta lan proiektuak eraiki ahal izan ditzaten. Etxebizitzaren arloan, adibidez, Ogasuneko diputatuak adierazi duenez, "prezioen arazoa eta etxebizitza eskasia arintzeko neurriak garatu ditugu, etxebizitzak alokairuan jartzea errazteko eta eskaintzak handitzeko edo gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzeko. Beste eremu batzuetan, hala nola fiskalitate berdean, planteatutako pizgarriek bokazio irmoa dute enpresa sareari trantsizio energetikoan aurrera egiten laguntzeko”.
EH Bilduk egindako kritiken aurrean (haren osoko zuzenketa Batzarretan eztabaidatu da), Agirrek "talde horrek erakutsitako adostasun eta elkarrizketarako ezintasuna" deitoratu du. Jendaurrean adierazitakoaren aurka, Agirrek esan du “EH Bilduk «kontraproposamen bat aurkeztu duela eta, errealitatetik urruntzeaz gain, arriskuan jartzen duela foru diru kutxen finantza nahikotasuna”.
Azkenik, Ogasuneko eta Finantzetako diputatuak eskerrak eman dizkie bai bere gobernu bazkideari, PSE-EEri, bai Elkarrekin Podemos taldeari, egindako lanagatik eta akordioa lortzeko erakutsitako ausardiagatik, eta hori "hutsala" izan da EH Bilduren eta PPren kasuan; izan ere, haien ustez, berriz ere "alderdien interesak lehenetsi dituzte guztien ongiaren gainetik". Gogorarazi duenez, erreforma fiskalak 19 urtetik gorako herritarren erdia baino gehiagorentzat jasoko ditu onurak, eta Gipuzkoako industria sareak jasangarritasunaren arloan egiten dituen inbertsioak babestuko ditu. “Lanerako eta elkarrizketarako benetako borondatea dagoenean, akordio sendoak lortzen dira, eta ziur gaude horrek eragin positiboa izango duela Gipuzkoako herritarren ongizatean”, amaitu du.
“EH Bilduk ‘suma zero’ aukeratu du orain ere”, salatu du EAJ-PNVk
Zerga sistemaren erreforma egitasmoari osoko zuzenketa “alderdikeriagatik eta oportunismo elektoralak itsututa” jarri dio EH Bilduk, “euskal herritarren mesederako diren zerga neurriei muzin” eginez, adierazi du Ianko Gamboa batzarkide jeltzaleak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, koalizio-alderdiaren osoko zuzenketari EAJ-PNVk ezezko botoa emango ziola azaltzean. “Osoko zuzenketa erretiratzeko aukera izan duzue, eta ez duzue egin, berriz ere ezezkoan itxita”, esan dio EH Bilduri. EAJ-PNVko bozeramaleak argi salatu du EH Bilduren jokaera politikoa, “’suma zero’ estrategian korapilatuta aritzea” eta horrela “abertzaleen arteko elkarlana” zailtzen eta “konfiantza-zubiak apurtzen jarraitzea”.
Gamboaren arabera EH Bildu “ez da asmatzen ari”. Oposizioko alderdiak uste zuen “aurrekontuak bezala, PPrekin adostu beharko zela erreforma fiskala”, izan ere “ez zenuten espero akordioa helduko zenik Elkarrekin Gipuzkoa-Podemosekin”. Euskadiko akordioa zapuzteko “euskal politikan eskua sar zezala Madrili eskatzea” aurpegiratu dio EH Bilduri batzarkide jeltzaleak, baina “jokaldia gaizki atera” zaiela. “EH Bildu, orain ere, akordiora bildu beharrean, muturreko politikan eta errealitatetik kanpo”, esan du Gamboak. “EH Bildu PPren ondoan ikusi dugu, biak Euskadin behar dugun fiskalitatetik urrun”, erantsi du.
“Nolatan ez du EH Bilduk Elkarrekin Gipuzkoa onartzeko gai izan den zerga-aldaketa onartu”, adierazi du batzarkide jeltzaleak. “Euskadiko Erkidegoan milioi bat pertsonari onura” dakarkiela gogorarazi du, “bereziki zailtasun gehien dutenei”, eta “euskal herritar guztiek ahalik eta bizitza-kalitate hoberena edukitzeko helburu tinkoa” duela zerga erreformak. Neurri fiskal berriek “Gipuzkoak desberdinkeria gutxieneko Europako lurraldeen artean gailurrean jarraitzea dute helburu” eta “abertzaletasun ikuspuntutik, ez Gipuzkoak bakarrik, baizik eta baita Arabak eta Bizkaiak ere”, nabarmendu du Ianko Gamboa EAJ-PNVko batzarkideak.
Nabarmenak...
EBB
2025/03/30
EBB
2025/03/30
Berria
2025/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31