Aberri Eguna 2025

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/03/14

Gipuzkoak Europako lehen IBM Quantum System Two ordenagailua instalatuko du Donostian, IBM-Euskadi Quantum Computational zentroan

Gipuzkoak Europako lehen IBM Quantum System Two ordenagailua instalatuko du Donostian, IBM-Euskadi Quantum Computational zentroan

Eneko Goiak txalotu egin du IBMren ordenagailu kuantikoa Donostiara iritsi izana, zientziaren eta ezagutzaren hiri gisa egindako apustua sendotzen duelako.

Eusko Jaurlaritzak eta IBMk gaur iragarri dute Europako lehen IBM Quantum System Two IBM-Euskadi Quantum Computationalen —Ikerbasque Fundazioak Donostian duen campus nagusian kokatua— instalatzeko duten plana. Proiektu hau 2023an abiarazitako BasQ ekimenaren barruan kokatzen da, Euskadi erreferentziazko hub teknologiko gisa sendotzeko helburuarekin. Hasieran, IBM Quantum System One instalatzea aurreikusi zen, baina akordioa eguneratu ondoren, IBMren sistema kuantiko modular aurreratuena hedatzea erabaki da: IBM Quantum System Two. Horren instalazioa 2025aren amaiera aldera amaitzea dago aurreikusita.

Instalazio horrek IBMk Europako ekosistema kuantikoaren hedapenarekin duen konpromisoa indartu egiten du, eta puntako gaitasun teknologikoak eskuratzeko aukera emango die esparru akademikoko ikertzaileei, ikerketa-laborategiei eta industriei Estatuan. IBM-Euskadi Quantum Computational Centerreko kideek sistema hau erabiliko dute talentu kuantikoaren prestakuntza indartzeko, hazkunde ekonomikoa sustatzeko eta algoritmo berriak diseinatzeko, teknologia kuantikoak garatzeko Eusko Jaurlaritzaren IKUR 2030 estrategiarekin bat datozen aplikazio praktikoekin. Haren aplikazioen artean nabarmentzekoak dira material berrien modelizazioa eta konputazio kuantikoak jasangarritasun ekimenetan duen zereginari buruzko ikerketa.

Azpiegitura zientifiko horrekin, Euskadi erreferente globala izango da konputazio kuantikoan. Teknologia hori funtsezkoa izango da eraldaketa digitalari ekiteko eta gure zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema indartuko duen abangoardiako azpiegitura zientifikoa izateko. IBM Quantum System Two funtsezko tresna izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearentzat, eta aukera emango du puntako ezagutza sortzeko, goi-mailako hezkuntza-programa oso espezializatuak garatzeko, eta konputazio kuantikoak datozen urteetan izango duen inpakturako euskal sektore publikoa eta industriala prestatzeko. Sistema hori ezartzea aukera bikaina izango da Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialerako, eta, horrez gain, beste eskualde, herrialde eta eragileekin teknologia horren bilakaeran lankidetzan aritzeari ateak zabalduko dizkio", adierazi du Imanol Pradales Lehendakariak Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, System Two superordenagailu kuantikoak "aukera berriak irekiko ditu eta abangoardiako gaitasunak emango dizkio" gure herrialdeko zientziaren eta industriaren etorkizuneko garapenari. "Gure zientzia eta teknologia sarearen eta gure unibertsitateen bikaintasunari aitortza eta bultzada bat da, baita gure lurraldearen eta herrialdearen berrikuntza-potentzialaren aintzatespena ere. Belaunaldi gazteenen ongizatea bermatuko duten etorkizuneko industria-sektoreen alde lanean ari garen honetan, oso albiste ona da azpiegitura teknologiko honen bertsio aurreratuena izatea. Honek esan nahi du, aukera zientifiko berriak izango ditugula, ikertzeko bide berriak, baita proiektu oso berritzaileak sortzeko ahalmena eta pertsonentzako enplegu eta bizi-aukerak eragiteko gaitasuna", gaineratu du.

Goiak txalotu egin du IBMren ordenagailu kuantikoa Donostiara iritsi izana, zientziaren eta ezagutzaren hiri gisa egindako apustua sendotzen duelako

Eneko Goia Donostiako alkateak ospatu egin du IBM enpresa estatubatuarraren ordenagailu kuantikoa, Quantum System Two, Ibaetako Camapusera iritsiko dela iragarri izana, "azken urteotan Zientzia eta Ezagutzaren arloko nazioarteko erreferente izateko hiriak egin duen apustuari bultzada ematen diolako". Horrela baloratu du alkateak gaur lehendakariak, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta New Yorkeko enpresa estatubatuarraren arduradunek egindako iragarpena. Horrela, Donostia, Europako bigarren belaunaldiko lehen ordenagailu kuantikoaren egoitza izango da, eta mundu osoko bakarrenetakoa. Eraikina Ibaetako campusean eraikitzen ari dira, aliantza instituzionalari eta lankidetza publiko-pribatuari esker, Euskadi Quantum estrategian zehaztuta.

Alkateak uste du "mugarri hau jauzi erraldoia izango dela hiriarentzat nazioarteko proiekzioari dagokionez, baita talentua eta ezagutza aurreratua atxikitzeko eta erakartzeko gaitasunari dagokionez ere".

Goiak gogorarazi duenez, "Donostiak urte asko daramatza ikerketa, teknologia aurreratu eta ezagutzan erreferentzia-polo gisa finkatzeko hiri-estrategia bat bultzatzen, eta horri esker azpiegitura horrek egoitza hemen izatea erabaki ahal izan da". Adierazi du ikerketa independenteek adierazten dutela Gipuzkoako hiriburua Estatuko lehena dela I+G+Bko inbertsioari dagokionez, Europako batez bestekoaren gainetik.

"Zientzia eta ezagutzaren poloen elitean jokatzen ari diren hirien artean bere lekua duen hiria da Donostia. Hori da bidea, bere fruituak ikusten ari gara, eta gure etorkizuna eta donostiarren aberastasuna eta bizi-kalitatearen hobekuntza estrategia horrekin estuki lotuta daude ", azpimarratu du Goiak.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...