Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Debabarrenako afiliazio eta elkarteekin lankidetza sustatuko du etorkizuneko plan eraldatzaile baterako
Debabarrenako erronka politiko, sozial eta ekonomikoei aurrea hartzeko estrategia lantzen hasi da EAJ-PNV. Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko erakundeetako ordezkariekin topaketa egin du Arrizabalagak
Gipuzkoako EAJ-PNVk Debabarrenean dituen erronka politikoei erantzuteko estrategia lantzeari ekin dio. Eskualdeko afiliazioarekin eta elkarteekin lankidetza bultzatu nahi da etorkizuneko plan eraldatzaile bat prestatzeko. Hiru helburu nagusi izango ditu:
1.- Lurraldeko lehen indarra izatea: EAJ-PNVren posizioa indartu Gipuzkoako esparru politikoan.
2.- Aldaketa eta berrikuntzaren eragile izaten jarraitzea: Gizartearen behar berriei erantzuteko eta ikuspegi irekia mantentzeko konpromisoa.
3.- Abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzutea: Ikuspegi euskaldun, ireki eta zabalago batetik lan egitea, modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka bilatuz.
Gipuzko Buru Batzarreko presidente berriak, Maria Eugenia Arrizabalagak, funtsezko zeregina izango du prozesu honetan. Bere hitzetan, gaur egungo politika globalean populismoak eta demagogiak dakartzaten arriskuak nabarmenak dira, eta Gipuzkoa ere ez dago salbu. Are gehiago, fenomeno horiek polarizazioa eta desinformazioa sor ditzakete. Horren aurrean, benetakotasuna eta errealismoa defendatzen ditu, EAJ-PNVren nortasun historikoa berrikuntza eta eguneroko lanarekin uztartuz.
Topaketa honetan, GBBko eta Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko alderdikideek parte hartu dute, etorkizuneko ekintza-ildoak aztertzeko eta lantzeko. Horrela, Arrizabalagak konpromisoa hartu du gizarte-, kultura- eta ekonomia-esparruetako sare berriak sortzeko, etorkizuneko abertzaletasunaren ikuspegi irekia ardatz. Gainera, herrigintza eraginkorra egiteko beharra azpimarratu du, epe motzeko arazoei erantzunez eta aldi berean ikuspegi estrategikoa izanez.
Testuinguru honetan, Debabarreneko garapenerako proiektu estrategiko nagusiak ere mahai gainean jarri dira. Besteak beste, mugikortasun iraunkorra sustatzeko metropoli-tranbia eta bidegorri sarea garatzea, degradatutako lur industrialen berreskuratzea enpresa-lehiakortasuna sendotzeko eta berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko Hub BPTD ekimena garatzea. Halaber, trantsizio energetikorako planak eta gazteen talentua erakarri eta atxikitzeko ekimenak landu dira, eskualdearen lehiakortasuna eta bizi-kalitatea bermatzeko. Ekintza hauek Debabarrena lurralde kohesionatu eta etorkizunera begira prestatuta dagoen eskualde bihurtzeko diseinatuta daude.
Horrela, batetik, eskualdea indartu eta herri txikien erronkei erantzun egokia emateko beharra azpimarratu zen, eta, bestetik, alderdiaren ikusgarritasuna eta abertzaletasuna suspertu eta dinamizatzeko ekimenak landu ziren.
Presidentearen hitzak laburbilduz: "Herria maitatuz, herritarrak errespetatuz eta sektarismoari mugak jarriz". Horretarako, Gipuzkoako EAJ-PNVk Gipuzkoako gizartearen erronka eta aukerei aurrea hartzeko prozesu proaktibo bat abiatu du.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/04/09
EBB
2025/03/30
EBB
2025/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31