IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/02/12

EAJ-PNVk Donostiako proiektu estrategikoak bizkortu eta bultzatzen ditu

Astearte arratsaldean lan-bilera egin dute Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren GBBko buru berriak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, beren lantaldeekin eta udal batzarretako ordezkariekin batera. Helburua izan da hiriaren proiektu estrategiko nagusien aurrerapena eta exekuzio-maila aztertzea, eta Donostiako hiriburuan alderdiaren estrategia zehaztea.
EAJ-PNVk Donostiako proiektu estrategikoak bizkortu eta bultzatzen ditu

GBBko egoitzan egindako bileran, EAJ-PNVk berretsi egin du etxebizitzarako sarbidea hobetzen lagunduko duten ekimenak bultzatzeko konpromisoa, donostiarren kezka nagusietako bat baita. Ildo horretan, Udalak azken fasean du Loiolako kuartelen lurzoruaren salerosketa, eta Ciudad Jardín eta Infierno eremuek aurrera jarraitzen dute erritmo onean. Halaber, Illarra eta Igara hirigintza-garapenei laster ekingo zaie. Ekimen horiek guztiak Donostiako herritarren lehentasunei erantzuteko EAJ-PNVk duen konpromiso irmoa erakusten dute.

Bestalde, Eneko Goia buru duen Udal Gobernuak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, alokairurako etxebizitza publikoaren sustapenean ari da lanean hainbat eremutan. Txominenea 2 (egungo Martuteneko kartzela), Loiolako kuartelak, Easo Trenbideko Playa de Vías, Sarrueta eta Auditz Akular eremuetan 5.000 etxebizitza berri eraikitzeko aukera dago, Donostiako eskaintza publikora gehituz. Bi erakundeen arteko elkarrizketek aurrera egiten dute eta laster akordioetara iristea espero da.

Donostiako beste proiektu giltzarrietako bat Illunbe Berri da, aurreikusitako epeetan aurrera egiten ari dena. Hiriaren Gobernuak jada aurkeztu du Illunbe Berri Pabiloi Anitzeko aurreproiektua, hiriaren kirol eta kultura beharrei erantzuteko azpiegitura berri gisa. Horrez gain, datozen asteetan Atletismo Miniestadioren berritzea hasiko da, eta Belodromoaren estalkia eraberritzeko lanak ere martxan daude. Azken hauteskunde-kanpainetan proiektu horren aldeko konpromisoa hartu genuen, eta hitza betetzen ari gara.

Bileran, gainera, beste erakundeekin lankidetza sendotzeko beharra aztertu da, Topo trenbide-pasantearen eta Atotxako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) geltokiaren amaiera bultzatzeko. Azpiegitura horiek Donostiako espazio urbanoen kalitatea hobetzen lagunduko dute eta hiri modernoa, abangoardista eta jasangarria sustatzeko konpromisoarekin bat datoz, kalitatezko garraio publikoaren alde eginez.

Ezagutzaren hiriari dagokionez, aurreikusten da 2025ean IBMen ordenagailu kuantikoa martxan jartzea, nazioarteko eragina duen proiektua, Donostia egoitza gisa aukeratu duena, bertako zientzia eta teknologia ekosistema bikaina dela eta. Aberastasuna sortzea eta inbertsioak erakartzen dituen hiriburua izatea izan dira bileran jorratutako beste gaietako batzuk. Testuinguru horretan, Miramongo Teknologia Parkearen hedapena lehentasunezko egitasmoa da.

Azkenik, EAJ-PNVk gizarte politiken aldeko konpromisoa berretsi du, eta Donostia Europan arlo horretan erreferente gisa izanik. Gure hiriak eskaintzen duen zerbitzuen sarea eta desberdintasunen aurkako borroka eredugarriak baitira, eta donostiarrok harro sentitzen gara eta ez dugu atzerapausorik emango.

Bileraren amaieran, Eneko Goia alkateak azpimarratu du: “Donostia etengabeko bilakaeran dagoen hiria da, etorkizuna eraikitzen ari dena datozen hogei urteetarako, etxebizitza gehiagorekin, bizi eta lan egiteko aukerak handituz, oreka ekologiko hobearekin eta kohesio sozial sendoagoarekin. Hiri erakargarria, hazten eta bertako talentua zaintzen duena. Askotan esan dugun bezala, egunero egiten dugu lan bizitzeko, elkarbizitzarako, lanerako eta gozatzeko hiria eraikitzen”.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube