Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/02/04

EAJ-PNVk ez ditu EH Bilduren aurrekontuak babestuko “Antzuolako herri eta herritarren beharrei bat ere egokituta ez daudelako

Jeltzaleek aurrekontu horiek hobetzeko ekimenak aurkeztu dituzte, baina Gobernu taldeak atzera bota ditu
EAJ-PNVk ez ditu EH Bilduren aurrekontuak babestuko “Antzuolako herri eta herritarren beharrei bat ere egokituta ez daudelako

EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako 2025 aurrekontuak aztertu eta hobetzeko saiakerari ezezkoa eman ostean, EAJ-PNVren udal taldeak uste du, “erantzukizunez”, ezin dituela udal gobernuaren kontuak babestu.

Alkatetzaren taldeak aurkeztutako aurrekontuaren azterketa xehekatuan, EAJ-PNVko zinegotziek ondorioztatu dute “aurrekontu horiek ez dietela erantzuten ez herriaren ez antzuolarren beharrei”. “Akats teknikoz beteta egoteaz gain, errealitatearekin zer ikusi gutxi duten zenbakiz osatuta daude”, azaldu dute.

Testuinguru horretan, PNVk hainbat ekimen aurkeztu ditu EH Bilduren jatorrizko proposamena hobetzeko, “gobernuek herritarren ongizatea hobetzea izan behar dutela helburu” sinetsita.

Jeltzaleen ekimenen artean, “funtsezkotzat” jotzen dituzten hiru nabarmentzen dituzte:

     • Autonomoei laguntzeko plan bat garatzea,

     • herriko komertzioa suspertzeko estrategia bat burutzea

     • eta bereziki, garai konplikatu hauetan gazteak etxebizitzara sarbide bat izatea erraztea.

Hiruretako bat ere ez du onartu gobernu-taldeak. “BILDUren erantzuna, gai interesgarriak izanik ere, oso konponbide zaila duten gaiak direla eta beraiek udal gobernu berria izanik ez dutela esperientziarik lan hori egin ahal izateko izan da”, adierazi dute.

Konpontzeko gai errazak ez direla onartuta, jeltzaleek gogorarazi dute “EH Bilduk 16 urte daramatzala Antzuolako udal gobernua zuzentzen”. “Denbora nahikoa izan dute bultzatu nahi dituzten udal politikak egiteko oinarriak ezartzeko; esperientzia eza ezin dugu, beraz, inondik inora aitzakiatzat onartu”. “Herritarrek ez gaituzte gai errazak bakarrik konpontzeko aukeratzen; politika herritarren bizitza hobetzea da, eta hori oso gutxitan da gauza erraza”, gaineratu dute.

“Arazoen aurrean, ostrukek bezala, burua gordetzea guztiz onartezina dela” uste du EAJ-PNVk. “Ikusten dugunez, ez dago epe erdi-luzera begirako planik. Une oro inprobisatzen ari direla dirudi. Antzuolak gai konplikatuetan aurrera pausu bat emango duen gobernu bat merezi du”, nabarmendu dute.

Horregatik guztiagatik, “EAJ-PNVko kideok ezin ditugu inondik inora aurrekontu hauek babestu”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube