Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/01/31

EH Bilduren 2025eko aurrekontua “behin eta berriz errepikatzen diren promesa hutsez” beteta dagoela dio Oñatiko EAJ-PNVk

Jeltzaleen iritziz, EH Bilduren partidak zehaztasunik gabeko promesak dira, eta 2024an inbertsioen gauzatze maila ez da % 40ra iritsi. 2024ko proiektuetan 1 milioi euro baino gehiagoko partidak egin gabe jarraitzen dute, eta kudeaketa ez eraginkorra islatzen dute.
EH Bilduren 2025eko aurrekontua “behin eta berriz errepikatzen diren promesa hutsez” beteta dagoela dio Oñatiko EAJ-PNVk

Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak kritikatu du EH Bilduren udal gobernuak 2025erako aurkeztutako aurrekontu proiektua, eta adierazi du "zehaztasuneta planifikaziorik gabeko eta oposizioarekin konpartitu bariko jarduna" dela. Jeltzaleen proposamen bakarra sartu nahi izan dute, inbertsioen % 0,06 (1.500 euro) suposatzen duena". EAJrentzat, kontu hauek udalerriaren garapena kaltetzen duten urtez urte bete gabeko konpromisoak dira.

Partida orokorrak eta zehaztasunik gabeak

Inbertsioetan hainbat partida oso orokor jaso dira, eta, jeltzaleen arabera, ez dute helburu argirik, eta hitzemandako proiektuen jarraipena eta gauzatzea zailtzen dute. Partida horien artean daude, besteak beste:

     • Irisgarritasun-obrak: 460.000 euro

     • Hezkuntza-eraikinetako inbertsioak: 195.000 euro

     • Inbertsioak auzoetan: 165.000 euro

Exekuzio txikia eta 2024an bete ez diren konpromisoak

EAJ-PNVren udal taldeak ere gogorarazi du 2024ko aurrekontu-partida asko ez direla gauzatu, eta, hala, agerian geratu da egindako promesen eta lortutako emaitzen arteko deskonexioa. Giltzarriak diren partiden exekuzioa (Next Generation (NG) eta Aurrekontu Parte-Hartzaileak) ez zen iritsi % 8ra joan den ekitaldian. Argitu behar da Aurrekontu Parte-Hartzaileetako partidak 2023-24 aldian gauzatu behar zirela.

Hauek dira 2024an gauzatu gabe geratu diren Next Generation partidak:

     • Emakumion Etxia: 1.217.000 euro

     • Usakorako bidegorria: 550.960 euro

     • Plazako obrak: 291.409 euro

     • Usakoko paisaia lehengoratzea: 174.750 euro

     • Disuasio aparkalekua: 192.135 euro

     • Arantzazuko aparkalekuaren monitorizazioa: 109.665 euro

Puztutako aurrekontuak eta errepikatutako promesak

Jeltzaleen ustez, Aurrekontu Parte-Hartzaileekin eta jasangarritasun energetikoarekin lotutako partidak "birziklatutako promesak" baino ez dira. Horren adibide dira:

     • 8-14 jolas parkea (Parke Gorria): 200.000 euro

     • Pilotalekua eta kioskoa egokitzea: 121.000 euro.

Bi partidak 2023tik datoz, baina gauzatu gabe jarraitzen dute. EAJren Udal-taldeak zera ohartarazi du: partida horiez gain, 2024ko proiektuetan, 1 milioi euro baino gehiago batzen duten partidak gauzatu gabe daudela eta airean jarraitzen dutela.

Kudeaketa eskasa eta planifikazio falta

Oñatiko EAJ-PNVtik ondorioztatu dute udal gobernuaren aurrekontu kudeaketa ez dela eraginkorra. "Urtez urte, EH Bilduk inbertsioak eta proiektuak promesten ditu, gero gauzatzen ez dituenak. Martxoan, urteko likidazioaren ondoren, egungo aurrekontua nabarmen aldatuko da, eta horrek ziurgabetasuna eta planifikazio falta baino ez du erakusten", adierazi dute.

Jeltzaleen taldeak EH Bilduren udal gobernuari seriotasun handiagoa eta benetako konpromisoa eskatu dio aurrekontuen exekuzioan, hitzemandakoa bete dezan, eta oñatiarrek emaitza nabariak ikusi ahal ditzaten.

"Herritarrentzat lan egiteko gaude hemen, eta hitz hutsak atzean utziko dituen kudeaketa arduratsua eskatzen jarraituko dugu", amaitu du Amaia Erostarbe bozeramaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube