Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/01/29

Irungo EAJ-PNV eta Irungo Sozialistak udal taldeek Gobernu akordioa sinatu dute agintaldi honetarako

Irungo Udaleko Irungo Sozialistak eta Irungo EAJ-PNV udal-taldeek agintaldi honetarako hiriko gobernu-akordioaren oinarriak ezartzen dituen ituna sinatu dute.
Irungo EAJ-PNV eta Irungo Sozialistak udal taldeek Gobernu akordioa sinatu dute agintaldi honetarako

Gaur goizean, Cristina Laborda Irungo alkatea, Nuria Alzaga lehen alkateordea eta talde sozialistaren bozeramailea, Jasone Ugarte Irungo EAJ-PNVren Udal Batzarreko presidentea eta Gorka Alvarez udal-talde jeltzalearen bozeramailea Udaletxeko Areto Nagusian izan dira, horren berri emateko.

Cristina Laborda alkateak ziurtatu duenez, "akordio hau albiste ona da, aurretik ditugun proiektu estrategikoei beharrezko egonkortasuna emango dielako. Akordio erabilgarri eta ona, irundarrei buruz hitz egiten duena". Alkateak azpimarratu duenez, "asmo handiko dokumentua da, ilusioz beterikoa, plan eraldatzaileak dituena; izan ere, denbora daramagu plan horietan lanean hiriak aurrera egiten jarrai dezan. Irundarren interesak aurretik jartzen dituen akordioa. Eta oinarrizko premisa horiekin jarraituko dugu lanean datozen urteetan ere gobernu-talde honetan". Azkenik, Labordak azpimarratu duenez, "Gobernu talde honek Irunen alde eta Irunentzat lanean jarraituko du, hori da nire ordezkari guztiei eskatuko diedana: Irun, edozein kolore politikoren gainetik".

Bestalde, Jasone Ugarte Irungo EAJ-PNVko presidenteak adierazi duenez, “beti eskua luzatu diogu Udal Gobernuari, edozein arlotan adostasun zabala lortzeko. Irunek adostasunen hiria izan behar du, eta une oro egon gara prest, alde guztiak elkar uler dezaten. Gure helburua hiriko proiektu estrategikoei erantzuna emango dien Gobernu sendo eta tinko bat bilatzea izan da". Jeltzaleak gehitu du "gizarte-eragileei eta erakundeei anbizio handiko proiektu honen parte izatea eskatu behar diegu; akordio honek hiritartasunak dituen beharrak jasotzen ditu eta batera lan egingo dugu Irun hobeago bat eraikitzeko".

Helburu komun bat

Dokumentuak lau ardatz nagusitan zehazten du bi taldeek hiriari buruz duten helburu komuna: hiriak aurrera egitea, betiere irundarren interesak lehenetsiz.

Lehenengo blokeak hiria bizitzen ari den funtsezko unean jartzen du arreta, datorren hamarkadan Irun goitik behera aldatuko duten "proiektu estrategikoak" gauzatu behar baitira. Zenbait proiektu zerrendatzen dira atal honetan, hala nola Via Irun, IAM pabiloia, Hego ingurabidea, etxebizitza, eta bizikidetza eta segurtasuna gobernu-taldearen lehentasunezko planen artean.

"Kohesio soziala, gure baliorik handiena" izenburupean, hiriaren izaera solidario eta inklusiboa balioan jartzen du dokumentuak, eta aukera-berdintasuna bermatzeko eta elkarbizitza, kultura, euskara edo kirola bezalako esparruetan inor atzean ez geratzeko martxan jarriko diren planak zehazten ditu.

Hirugarren epigrafe batean, gobernu-taldearen gai garrantzitsuenetako bat jasotzen da: "hiriaren garapen jasangarria". Ekologikoki eta errespetuz aurrera egiten duen hiria, non oinezkoen eta bizikletarien mugikortasuna, garraio publikoa eta klima-aldaketaren aurkako borroka funtsezko elementuak baitira herritarren bizi-kalitatea ziurtatzeko.

Azkenik, "bizitzeko eta lan egiteko hiri bat" ardatzak hainbat ekintza azaltzen ditu, Irun egoera berrietara egokituz aukeraz betetako hiri bihurtzen jarraitzeko.  Etxebizitza publikoaren eta ekonomia dibertsifikatuaren aldeko apustu argia eta irmoa.

Amaitzeko, alkateak azpimarratu nahi izan du "gobernu talde honek lanean jarraituko duela talde politiko guztiekin akordio zabalak bilatzeko. Beti izan gara adostasun handien talde bat, eta filosofia horrekin jarraituko dugu, hiriko proiektuek ahalik eta babes handiena izan dezaten".

Osaera

Honela geratzen dira udal-ardurapeko gaien banaketa eta osaera:

Udalaren ardurapeko gaiak

EAJ/PNV Udal Taldea Gobernu Batzordean sartu da, eta hiru eta erdi (3,5) kide izango ditu:

Irungo Sozialistak

  • Gobernu irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Arloa.
  • Ogasuneko, Zerbitzu Orokorretako eta Hiri-bultzadako Arloa (Bidasoa bizirik-Partzuergoa).
  • Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirolak Arloa.
  • Hirigintzako, Garapen Jasangarriko eta Mugikortasuneko Arloa (Irunvi).

EAJ-PNV

  • Segurtasunaren eta Herritar Bizikidetzaren Arloa.
  • Gizarte Ongizateko eta Berdintasuneko Arloa.
  • Obretako, Mantentzeko eta Azpiegituretako Arloa (Blaia).
  • Euskarako Ordezkaritza.

Alkateordetzak

  • Lehena: Irungo Sozialistak.
  • Bigarrena: EAJ/PNV.
  • Hirugarrena: Irungo Sozialistak.
  • Laugarrena: EAJ/PNV.
  • Bosgarrena: Irungo Sozialistak.
  • Seigarrena: EAJ/PNV.
  • Zazpigarrena: Irungo Sozialistak.
  • Zortzigarrena: Irungo Sozialistak.

Informazio Batzordeetako Burutzak

  • Gobernu irekia: Irungo Sozialistak.
  • Gizarte Ongizatea eta Berdintasuna: Irungo EAJ/PNV.
  • Hiri Jasangarria: Irungo Sozialistak.
  • Kultura, Euskara, Hezkuntza, Gazteria eta Kirolak: Irungo Sozialistak.
  • Kontuetako berezia. Irungo Sozialistak.

Aurrekontu-akordioa

Ostiral honetan, urtarrilak 31, udal-gobernuak bere kontuak onestea aurreikusten du, aurrekontuen inguruko akordioa ere erdietsi baita EAJ-PNVrekin. Horiek onesteko behar diren botoen gehiengoa dagoela jakinda, Ogasuneko ordezkariak adierazi du eskua luzatuta dutela eta talde politiko guztiekin negoziatzen ari direla, guztien ekarpenak jasotzeko eta aurrekontuetan ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube