Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/12/19

2025eko Donostiako aurrekontua onartu da

Donostiako Udalak 517,4 milioi euroko aurrekontu kontsolidatua kudeatuko du, iazkoa baino %6,76 handiagoa
2025eko Donostiako aurrekontua onartu da

Donostiako Udalak 2025eko aurrekontua onartu du gaurko udalbatzarrean, eta 517,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, hau da, iazkoa baino %6,76 handiagoa.

Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok azpimarratu du 2025eko aurrekontua, beste behin bere, diseinatuta dagoela zerbitzu publikoak indartzeko eta behar gehien dutenei erantzun egokia eman ahal izateko. udal administrazioaren aldetik erantzun egokiena eta baliabide gehiago jasotzeko. Eta horren adibide da, Gizarte Ekintza departamentuak 37,4 milioi euroko aurrekontua izango duela.

Hortaz, adierazi du, behar gehien duten pertsonak lagundu ahal izateko ezinbestekoa dela zerbitzu publiko indartsuak izatea eta ibilibde orri sendo bat. Horiek horrela, honakoa gaineratu du: “Gure helburua da inor atzean ez uztea eta eskaintzen diren kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzea, eta horretarako 2025ean gastu korrontea 18 milioi eurotan handituko da. Horiei esker, aurrekontu soziala, inbertsiogilea eta garraio publikoarekin eta segurtasunarekin konprometituta dagoen aurrekontua izango dugu 2025ean”.

Horrenbestez, Orbegozok esan du, aurrekontuak erantzuten diela departamentu ezberdinek erakutsitako beharrei eta azpimarra jarri du mugikortasun jasangarria sustatzeko, segurtasuna bermatzeko eta etxebizitza politiken gaineko ekintzetan. “Duela egun batzuk Ixuri Gutxiko Eremua indarrean sartu zen, eta Udala mugikortasun jasangarriaren alde egiten ari den apustua sendotzeko unea da, BEI edo Electizen proiektuak garatzeko, autobus elektriko gehiagoren erosketa bidez, eta Mugi txartelaren deskontuen sistema mantendu ahal izateko” adierazi du.

Era berean, azken hilabeteetan ezagutzera eman den pertzepzio-inkestaren ondorioak kontuan hartuta, Kerman Orbegozok gogorarazi du, segurtasuna eta etxebizitza direla une honetan hiritarrei gehien kezkatzen dizkien gaiak. Hori horrela izanik, 2025eko aurrekontuak Udaltzaingoari zein Prebentzio Su-Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuari material berria erosteko hainbat aurrekontu-sail bideratuko ditu. Eta etxebizizaren arazoari irtenbideak ematen jarraitzeko, Hirigintza sailak 12,1 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du hasitako garapenekin jarraitzeko edo berriei ekiteko, eta Donostiako Etxegintzak 70,8 milioi euro kudetuko dituela hurrengo lau urteetan 282 Babes Ofizialeko Etxebizitza eta 38 zuzkidura-apartamentu egiteko.

Halaber, Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak esan du, Udal gobernuak inbertsioari garrantzi handia eman diola, eta 86,7 milioi euro bideratuko dituela auzo ezberdinetan hasitako proiektuak garatzen jarraitzeko eta 2025ean proiektu berriei heltzeko, besteak beste, hiritarrek proposatutako eta bozkatutako proiektuak. Hala, aurrekontuak 100 sail baino gehiago aurreikusten ditu.

Kerman Orbegozok adierazi du, Donostia eta donostiarrak zaintzea, mantentzea eta hobetzea direla 2025eko aurrekontuaren ardatz nagusienak, eta hori gauzatu ahal izateko Udalak kontu orekatuak dituela. Horri esker legealdi honetarako Udal gobernuak duen ibilbide orria gauzatzeko beharrezkoak dituen baliabideak eskura izaten jarraituko du, hiri dinamiko baten alde egiten jarraitzeko eta etorkizunean izango dituen erronkei heltzeko zein hiritarren bizi kalitate ona bermatzeko.

Aurrekontu-proiektuaren tramitazioa amaitu da Udal gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko akordiorik gabe. Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozo oso kritiko agertu da oposizioko udal-taldeen jarrerarekin: “Urtero bezala eskua luzatu dugu, baina aurkeztutako osoko zuzenketek eta bertan irudikatu nahi izan den hiriaren egoerak ezinezkoa egin du akordioa lortzea. Batzuek eta besteek osoko zuzenketetan erabili dituzten hitzak oso gogorrak izan dira, batzuetan iraingarriak, eta errealitatetik oso urrun dauden egoerak irudikatu nahi izan dituzte”.

Horren harian, segidakoa gaineratu du: “Ez dugu ulertzen zer dela eta beste hainbat erakundetan adostasunak lortzeko borondatea izan duten, besteak beste, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundietan, eta hemen irudi apokaliptikoa erakutsi nahi izan duten. Ez dute ados jartzeko saiakerarik egin. Udal gobernua beti dago prest hitz egiteko, baldin eta jarrera eraikitzailea erakusten bada, baina oraingoan ez da horrelakorik gertatu. Azaldu beharko dute zergatik duten jarrera ezberdina erakunde batetan edo beste batetan. Gelditzen den sentsazioa da, euren estrategia  politikoen interesa nagusitu dela eta ez aurrekontu honen helburua den donostiarren bizi-kalitatea hobetzea”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube