Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/12/05

Tolosako EAJ-PNV udal taldeak egingarriak eta premiazkoak diren 8 proposamen aurkeztu ditu 2025eko udal aurrekontuen proiektua aberasteko asmoz

2025. urteari begira, Udal Gobernuari aurkeztutako 8 proposamenen estimazio ekonomikoa 967.000 euro ingurukoa da
Tolosako EAJ-PNV udal taldeak egingarriak eta premiazkoak diren 8 proposamen aurkeztu ditu 2025eko udal aurrekontuen proiektua aberasteko asmoz

EH Bilduko Udal Gobernuaren aurrekontu proiektua jaso eta sakon aztertu ondoren, EAJ-PNVko udal taldeak 8 proposamen zehatz aurkeztu ditu, 2025. urteari begira egingarri eta premiazkoak direnak, jasotako aurrekontuen zirriborroa hobetu eta aberasteko helburuarekin. Gaur goizean, udal talde jeltzaleko kideek proposamen horien berri eman dute.

EAJ-PNVko udal-taldeko bozeramailea den Xarles Iturbek azaldu duenez, egindako proposamenen helburua Udal Gobernuaren aurrekontu-zirriborroan jaso ez den herriko hainbat eremuren premiazko hirigintza-hobekuntzari ekitea da; era berean, hiri-ekonomia bultzatzea dute helburu, batez ere tokiko saltoki txikietan eta lehen sektorean indarra jarriz; aparkaleku-aukerak hobetzeko neurri zehatzak bultzatzea; gazteei, haien beharretara hobeto egokitzen den ordutegi eta egutegi zabaleko ikasteko-gela bat eskaintzea; Tolosako Udalak EMMOA Fundazioarekin (Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioa) aho batez hartutako konpromisoa berrestea, eta Tolosa euskal mendizaletasunaren gune neuralgiko gisa kokatzea; eta, azkenik, udal kirol instalazioak mantendu eta hobetzeari ekitea, behin udal kirol instalazioen kudeaketa-eredua aldatuta, Udalak izango baitu hauen kudeaketaren ardura.

Hauek dira udal talde jeltzaleak 2025eko aurrekontuen proiektua hobetzeko egindako 8 proposamenak:

1.    SANTA KLARA ETA ZUMARDI TXIKIA: BEGIRADA INTEGRALA

Iaz bezala, Santa Klara osoa, Zumardi Txikia barne, hartuko duen azterketa sakon bat egiteko beharra azpimarratzen jarraitzen dugu: aparkaleku berri baten aukera aztertzea (batez ere Alde Zaharrean pentsatuz), Santa Klara kalearen irisgarritasun-arazoei irtenbidea ematea (oinezkoen, bizikleten, garraio publikoaren eta autoen arteko beharrezko bizikidetza), autobus-geltokiaren kokapenari buruzko erabakia hartzea eta Zumardi Txikia biziberritzeko jarduketa-proiektua definitzea. Ez dugu ikusten gai hori Udal Gobernuaren agendan dagoenik, eta lehentasunezkoa dela pentsatzen jarraitzen dugu.

2.    GAZTEEI ZUZENDUTAKO "AZOKA BONUAK" KANPAINA

"Azoka Bonuak” kanpaina berritzaile bat martxan jartzea proposatu dugu, larunbatetako azoka indartzeko, Tolosako gazteentzat bereziki pentsatua (40 urte bitarte). Tolosar gazteak euren erosketen zati bat asteroko azokan egitera animatzea du helburu eta, hala, azokari begira, belaunaldien arteko erreleboa kontsumitzaileen ikuspuntutik lantzea. Udalak, bonuen bidez (pizgarri gisa), gazteek azokan egiten duten erosketa sarituko luke, helburu bikoitzarekin: baserritarren diru-sarrerak handitzea, eta tolosar gazteak asteroko azokara sarriago hurbiltzea sustatuz.

3.    TOKIKO MERKATARITZARI LAGUNTZEKO KANPAINA: TOLOSAKO ENPRESEKIN ALIANTZAK EGINEZ

Datorren urteko Gabonetako Kanpainarako proposamen bat egin dugu, Tolosako enpresa industrialen eta tokiko saltoki txikien arteko aliantzak sortzea helburu duena. Ildo horretan, proposatu dugu enpresek beren langileei eman diezaieketen gabonsaria gure herriko denda txikietan kontsumitzeko bonuen bitartez izateko aukera lantzea. Asmoa, 2025ean zehar, ekimen hori Tolosa & Co Elkartearekin batera diseinatzea izango litzateke, enpresekin tokiko merkataritzarekiko elkarlan hori ahalbidetu nahiean. Era berean, asmoa litzateke enpresek egindako ekarpena Udalak berak osatu ahal izatea.

4.    ALONDEGIA ETA LAPURDI PLAZETAKO APARKALEKUAK TOLOSAKO HERRITARREN ESKURA JARTZEKO PLAN ZEHATZ BAT

Iaz egin genuen bezala, Alondegiako eta Lapurdiko lurrazpiko aparkalekuetan hutsik dauden aparkalekuetarako udal-plan bat diseinatzea proposatzen dugu, dagoeneko eskuragarri dauden eta gaur egun gutxiegi erabiltzen diren baliabideak herritarren eskura jartzearren. Tolosarrei aparkatzeko aukera berriak eskaini behar dizkiegu, are gehiago autoak kaleetatik atera nahi baditugu. Gure eskaera, epe laburrean, herritarren esku, bi eremu hauetan, gaueko ordutegian (19:00etatik 10:00etara) arrazoizko prezio batean aparkatzeko aukera emango lukeen lanketa bat egitea izango litzateke, Donostian egiten ari diren bezala, adibidez.

5.    IURRE AUZOKO PLAZAK BIRGAITZEA

EAJ-PNVk Iurre auzoko plazak lehenbailehen birgaitzeko aurrekontu-partida espezifiko bat sartzea proposatzen du (aurrekontuen zirriborroan ez dago horrelakorik). Inguruko bizilagunek dagoeneko diru asko aurreztu dute birgaitze-lan horretatik legokiokeen zatia ordaintzeko. Esku-hartze hori premiazkoa da, eta, beraz, Udal Gobernuari eskatzen diogu lehentasuna eman diezaiola gai horri, datorren urteko aurrekontuetan islatuz.

6.    IKASKETA-GELA IRAUNKORRA ORIABURU ERAIKINEAN

Oriaburu Etxearen bigarren solairua birgaitzea proposatu dugu, gazteek (batxilergoko bigarren mailatik aurrera) ikasteko leku bezala erabiltzeko aukera izan dezaten, gaur egun Udal Liburutegian dutena baino egutegi eta ordutegi zabalagoan. Gure proposamena ikasgela iraunkor bat prestatzea da, urtean 365 egunetan eta 24/7 ikasleek erabiltzeko aukera izango luketena. Oriaburu eraikinak eskaintzen ditu aukerak. Gaur gaurkoz, beheko solairuan Tolosa & Co Elkartearen bulegoak daude, baita erabilera anitzeko gela bat ere; lehen solairua, ekintzailetza-proiektuak bultzatzeko erabiltzen da; bigarren solairua, hutsik dago, eta uste dugu oso leku egokia izango litzatekeela ikasgela hori hartzeko, gaur egun erabiltzen ez diren udal-instalazioak baitira.

7.    TOLOSAN EUSKAL MENDIZALETASUNAREN MUSEOA HARTZEKO KONPROMISOARI EUSTEA

Tolosako Udalak, aurreko legegintzaldian, Euskal Mendizaletasunaren Museoa abian jartzeko konpromisoa hartu zuen aho batez, EMMOA Fundazioarekin batera, Larramendi inguruko Arkaute Etxean. Proiektuak ez du aurrera pauso nabarmenik izan, eta hartutako konpromisoari eutsi behar zaiolakoan, aurrekontuari partida espezifiko bat eranstea proposatzen dugu, konpromiso hori behar bezala burutu ahal izateko: hain zuzen, arkitektura, ondare eta/edo museo-gaietan behar den aholkularitza espezializatua jasotzeko beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak kontratatu ahal izateko, eta baita museoaren bideragarritasun ekonomikoaren proiektua doitzeko eta beste erakunde publiko batzuetan finantzaketa bilatzeko ere.

8.    UDAL KIROL INSTALAZIOETAN PREMIAZKO INBERTSIOAK EGITEA

Udal kirol instalazioetako inbertsioak, egungo Udal Gobernuak sustatutako kontratu aldaketaren ondorioz, Udalak berak kudeatu beharko ditu hemendik aurrera. Ildo horretan, datozen urtetako aurrekontuetan (aurtengoetatik hasita), aurreko enpresa esleipendunarekin hitzartu zen inbertsio-plana egikaritzen joatea proposatzen dugu, gaur gaurkoz ezerezean geratu dena. Inbertsio-plan horren barruan, batetik, Usabalgo instalazioetan aurreikusten ziren plaka fotovoltaikoak instalatzea proposatzen dugu; eta, bestetik, aurreko enpresa esleipendunak Berazubiko bi tenis pisten eraberritzea gauzatu gabe eta Beotibar frontoiko alboko sarea ordezkatu gabe utzi dituenez, inbertsio horiek datorren urteko aurrekontuetan jasotzea eskatzen dugu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube