Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/11/25

EAJ-PNV Udal Taldetik 9 zuzenketa aurkeztu dizkiogu Udal Gobernuari 2025eko aurrekontu proiektua hobetzeko

Zumaiak behar bezala aurrera egitea nahi dugu, eta horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaigu 2025eko aurrekontuetan herriak dituen etorkizuneko beharrak planteatzea eta proiektatzea.
EAJ-PNV Udal Taldetik 9 zuzenketa aurkeztu dizkiogu Udal Gobernuari 2025eko aurrekontu proiektua hobetzeko

Gure taldetik argi daukagu zein den Zumaiarentzat nahi dugun herri eredua. Aipatuko ditugun 9 proposamen hauek herritarrekin eta hainbat eragileekin batera landutako herri-proiektu baten parte dira, eta gainera, gure hauteskunde programan jasota daude.

9 proposamenek 535.000 €-ko diru kopurua osatzen dute guztira eta herriaren alor ezberdinak ukitzen dituzte:

1)    Herri partehartzea eta gardentasuna: aurreko urteetan egin dugun bezala, Ohiko Bilkurak edo Plenoak zuzenean ematea eskatu dugu.

2)    Heziketa: Gazteen kontsumo ohiturak eta tokiko merkataritza uztartzeko helburuarekin, Zumaiako ikastetxeetan landuko litzatekeen kontsumo eskola sortzea eskatu dugu.

3)    Irisgarritasuna: Osasun zentroa eta kiroldegiaren arteko eremuan bizikletak aparkatzeko gune estalia ezartzeko 60.000 €-ko partida bat sortzea eskatu dugu. Izan ere, arratsaldetan, erabiltzaile kopuru handia dela eta, bizikleta pilaketa handiak sortzen dira.

4)    Kale azpiegiturak: 100.000 € erabiliaz, herriko haur parke ezberdinak berritzeko eskatu dugu, gehienek modernizazio beharra baitute.

5)    Komun publikoak: Talaipeko komunaz gain, herriko gainerako komunak ere berritzen joatea eta komun autogarbigarriak egitearen beharra dagoela uste dugu. Inbertsio hau 40.000 €-tara igotzea eskatu dugu.

6)    Kirola: Kiroldegiko eta Itsas kiroldegiko gimnasioetako makineria berritzeko inbertsioa 18.150 €-tik 108.150 €-tara igotzeko eskatu dugu.

7)    Kolektiboen ongizatea: Jubilatuen etxeak berrikuntza handiak egiteko premia handia dauka; eta horretaz gain, martxoak 21eko Osoko Bilkuran, emergentzia klimatikoa dela eta, beroaren aurkako babesguneak sortzea edo egokitzea onartu zen aho batez. Horretarako 200.000€-ko partida sortuaz, hogarrean aire girotua instalatzeko eskatu dugu.

8)    Kultur ondarea eta Ekonomia sustapena: Kofradiako eraikinean, ticket salmenta, bertako produktuen erakusketa-salmenta puntua, informazio puntua eta gelditzen den azken bentaren bisitak dinamizatzeko puntua jartzea proposatu dugu 20.000 €-ko partida bat sortuz.

9)    Udal ondarea: Aurreko agintalditik, Udal eraikinen azterketa egitea eskatzen ari gara behin eta berriz. Zer gertatuko da hutsik geldituko diren edo dauden eraikinekin? Uste dugu azterketa serio bat egin beharra dagoela Udal baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube