Alderdi Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/09/26

Unean uneko akordioen alde egingo du EAJk agintaldi amaieraraino

Jeltzaleak 2025eko ordenantza fiskaletarako eta aurrekonturako proposamenak lantzen ari dira dagoeneko, EH Bilduk akordio zabalago bati uko egin ostean
Unean uneko akordioen alde egingo du EAJk agintaldi amaieraraino

Kurtso berria hastearekin batera, Elgetako EAJ-PNVk iragarri du hemendik aurrera unean uneko akordioen alde egingo duela udal gobernuarekin. Iker Laka bozeramailearen berbetan, EH Bilduk “atea zarratu” dio jeltzaleek agintaldi-akordio bat negoziatzeko egindako eskaintzari. “Elgetari egonkortasun politiko handiagoa, erakunde sendotasuna eta ikuspegi estrategiko partekatua emango lioke bide honek”.

Oposizioko alderdiak gobernu taldearekin duen harreman ona “agerikoa” dela dio, eta horren erakusle direla ordenantza fiskaletarako lortutako akordioa, hainbat gogoeta partekatu eta aurtengo aurrekontuari lotutako konpromisoak: “akordio txiki hauek bete egin ditu udal gobernuak”, aitortu du Lakak. Hala ere, udal taldeen arteko elkar-ulertze hori negoziazioak alderdi mailara doazenean amaitzen dela dio. “Zintzoak eta gardenak izan gara EH Bildurekin hasieratik. Pauso bat gehiago eman eta 40 neurri baino gehiago jasotzen zituen sei orrialdeko dokumentua oinarri hartuta lan egitea eskaini genien. Sei hilabete geroago eta hiru orrialde eskasekin erantzun digute”, deitoratu du.

EAJ-PNVri ez zaio gustatu koalizio abertzalearen erantzuna, “moduagatik ezta funtsagatik”, eta EH Bilduri leporatu dio “maila nazionalean agertzen duen akordioak errazteko jarrera eraikitzailea ez datorrela bat udalen egunerokoarekin, herritarren ongizatean eragin zuzenena duten erakundeak diren arren”. Edozelan ere, Lakak akordioaren eta konponbide partekatuen aldeko apustua berretsi du, “Elgetaren aurrerabidea bermatzeko modurik onena dela sinesten dugulako”. Jeltzaleek adierazi dute “garai politiko berri bat” irekitzeko itxaropena zutela, “egungo udalbatza, batez ere, pertsona gazteen belaunaldi berri batek osatzen duela aprobetxatuz”. “Bide-orri partekatu bat adosteko eta beste erakunde batzuen aurrean sendotasuna erakusteko aukera galdu dugu” Lakaren esanetan, “herrira proiektuak eta finantzazioa erakartzea ahalbidetuko lukeena”. Modu berean, gobernu taldearen hainbat proiektu bere egiteko prest zeudela gehitu du. Itun zabalago bat lortzea “ezinezkotzat” jota, alderdi jeltzalea datorren urteko ordenantza fiskaletarako eta aurrekonturako proposamenak prestatzen ari da dagoeneko, nahiz eta gogorarazi duen “herritar guztiei mesede egingo dien etorkizuneko akordioetarako prest” jarraitzen duela.

Lehen urteko balantzea

EAJ-PNVk agintaldiaren lehen urtearen balantzea egiteko ere aprobetxatu du. Oro har, jeltzaleek “balorazio baikorra” egin dute lortutako akordioei dagokienez, batez ere fiskalitateari eta herria hobetzera bideratutako proiektu txikiei dagokienez. Horren adibide dira egutegi fiskala argitaratzea, familia ugarientzat aurreikusitako hobariak ibilgailuen zergan aplikatzea edota mediku-kontsultategiaren kanpoaldean eserleku bat jartzea. Bestalde, baina, zehaztu dute hainbat kontu bete barik jarraitzen dutela: 2023ko ekitaldiko soberakina negoziatzea, hutsik dauden etxebizitzentzako OHZren gainkarguari buruzko hausnarketa egitea, jardueren azterketa sozioekonomikoa egitea edota hain beharrezkoa den erabilerak eta jarduerak arautzeko ordenantza idaztea adibidez. “Udal gobernuak horiekiko konpromisoa ere hartu zuen. Gai horiek ez dute aurrera egin horretarako aukerak egon badira ere”, azaldu du Lakak.

Alderdi jeltzaleak akordioa lortzeko asmoarekin, gobernu talde berriari “konfiantza-tarte zabala” eman diola baieztatu du; 100 egun klasikoetatik haratago. Aldi berean, gogorarazi du agintaldiaren bigarren urtea hasita dagoela eta, beraz, “premiazkoa” dela lehentasunak “argi eta garbi” finkatzea eta “erabakitasunez” jokatzea. “Ausarta izateko eta erabakiak hartzeko eskatzen diogu EH Bilduri, gaur egun ez dakigulako zein den gobernu programa eta, proiektuak lehenesteari dagokionez, bere baitan ikusten dugun adostasun ezak kezka sortzen digulako”. Azkenik, EAJ-PNVk “elkarrizketaren eta lankidetza politikoaren bidez akordioaren bidea lantzen jarraitzeko” dei egin dio koalizioari, eta “urrun mantendu dadila gehiengo osoak ekar ditzakeen itsutasun eta aldebakartasunik”.  

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...